ATHLETIC CLUBEK GERNIKAKO ARBOLAREN ONDOAN OSPATU DAU KOPEA

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek Ibaiganeko klubeko ordezkari ugari hartu ditue gaur goizean Bizkaiko parlamentuaren egoitzan, Gernikako Arbolaren ondoan.
     
  • Batzarkideek lurraldeko herritar guztien ordezkari lez parte hartu daben ekitaldia minutu bateko isiluneagaz hasi da, Jose Antonio Ardanza Lehendakariaren heriotzea dala eta.

 

(Gernikan, 2024ko jorrailaren 9an). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak Athletic Clubeko ordezkaritza zabala hartu dau gaur goizean, oraintsu Sevillan Kopako finala irabazi ostean. Zuri-gorrien ordezkaritzea Jon Uriarte presidenteak, Zuzendaritza Batzordeko parte handiak, talde teknikoak, Ernesto Valverde buru zala, eta bost kapitainek osotu dabe: Iker Muniain, Oscar de Marcos, Iñigo Lekue, Iñaki Williams eta Raúl García.

Batzar Nagusietako lehendakariak, Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari askok lagunduta, eskerrak emon gura izan deutsaz Athletici, gaur Gernikako Arbolara, Euskal Herriaren ikur “unibersalenera”, hurreratzeko egindako kinuagaitik, eguen honetan egingo diran omenaldi ekitaldi ofizialen atariko lez. Talde zuri-gorriak, “bakotxaren ideologia edozein izanda be persona guztiak batzen dituen hainbat balio ordezkatzen ditu, gure Gernikako Arboleak lez. Beti lotuta dagozan sinbolo bi, Athleticen ereserkiak dinoan lez: Aritz zarraren enborrak loratu dau orbel barria”, azpimarratu dau Otaduik.

Ekitaldia minutu bateko isiluneagaz hasi da, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren heriotzea dala eta. Ostean Otaduiren eta Uriarteren berbaldiak etorri dira. Haretxaren aterkipean, garaikurra lekuko, Bizkaia osoak txapeldunei omenaldi txikia egiteko balio izan dau bisitak. Zapatuan, Athleticek 40 urte geroago gura eban garaipena lortu eian “indarrez eta ilusinoz” bultzatu eban lurraldea. Horregaitik, Batzar Nagusietako lehendakariak zorionak emon gura izan deutsez “zaletu zurigorri guztiei”.

Athleticeko presidenteak modu berezian izan dau gogoan mendeurrena ospatzeko Ibaiganen egin ziran ekitaldietara joan zan Ardanza lehendakaria. Baita zoritxarrez daborduko gure artean ez dagozan eta Kopako garaipena zaleakaz ospatzerik izan ez daben guztiak, aitita, amama, edo Jon eta Eneko lagunak gogoan. Haretx zaharraren aurrean, zapatuko garaipena “ekinaren eta amore ez emotearen” ondorioa dala azpimarratu dau Uriartek, “mugak gainditzen dituan eta parekorik ez dauen ereduan” oinarrituta. Athleticeko presidenteak ames bategaz amaitu dau: “Gernikara sarriago etortea” titulu gehiago ospatzeko.

Athleticeko kapitainak bat egin dau ames horregaz. “Une berezia da guztiontzat. Badakigu zer dan Bizkai osoarentzat, eta ospatu eta oso zoriontsu izan gura dogu”. “Harrotasunez beteta egoteko” egunak dira.

Berbaldien ostean, Athleticek bost kapitainen sinadurea daben tituluaren ospakizunaren kamiseta bat eta talde zuri-gorriaren beste bat emon deutsaz Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariari. Detaile hori une historikoan heldu da Gernikako Batzar Etxera. Izan be, ikusi da talde zuri-gorriaren garaikur handi bat Gernikako Arbolaren, euskaldunen ikur unibersalenaren, ondoan.