SESTAO BAI SOZIEDADETIK IGARO DAN LURZORU INDUSTRIALAREN “% 80AK” JARDUERA EKONOMIKOA DAUKA GAUR EGUN

  • Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua lehenengoz etorri da Bizkaiko Batzar Nagusietako batzorde batera, oposizinoaren eretxiz Sestao Bai soziedadeak bizi dauen finantza egoera “txarra” azaltzeko.
     
  • Hirugarren sektoreko lurzoruaren “parte bat” barriro kalifiketea eskatuko dauela iragarri dau, urteera gehiago daukan industria-lurzoru bihurtzeko.


(Bilbon, 2024ko apirilaren 10ean). Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, Bizkaiko Talde Popularrak eskatuta, Sestao Bai soziedadearen finantza-egoerearen eta erakunde horren etorkizunaren barri emoteko, izan be, oposizinoak adierazo dauenez, orain 20 urte sortu zanetik ezkerraldeko udalerrian kudeatzen dauen lurzorua ez dau merkaduan sartzea lortzen. Diputatuak adierazo dauenez, erakunde horrek eukan “industria-lurzoru arinaren” “% 80” saltzea lortu dau, baina “gatxa” egiten da “hirugarren sektoreko eta hirugarren sektore mistoko lurzorua” merkaturatzea. Alzagak onartu dauenez, azken kategoria horreetatik ez da “ezer” merkaturatzea lortu. 

Hori dala eta, Aldundiak mahai ganean jarriko dauen neurrietako bat Sestaoko Udalari hirugarren sektoreko eta hirugarren sektore mistoko lurzoruaren “parte bat” barriro kalifiketea eskatzea izango da, Azpiegiturak erakundearen katalogoa handitu ahal izateko. Foru-erakunde horrek hartuko dau bere gan Sestao Bairen esku egozan eta soziedade horrek merkaduan sartu ezin izan dituan lursailen kudeaketea.

Sestao Bai foru merkataritza soziedadearen finantza-egoera “txarra” ikusita –hori dala-eta, Sestaoko Udalak berak erakundetik urtetea erabagi dau–, eta Aldundiak gai horretan daukan erantzukizuna ikusita –bazkide nagusi lez Soziedade horren kontrola izan dauelako–, Bizkaiko Talde Popularrak beharrezkotzat jo eban zezeilean Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuaren agerraldia, Batzar Nagusietan azalpenak emoteko.

Raquel Gonzalez popularren bozeroaleak eta diputatuak, 2004an Sestaoko Udalak eta Aldundiak sinatutako hitzarmenaren bitartez eratu zanetik Sestao Baik izan dituan mugarri nagusien errepasoa egin dabe. Erakunde biek % 50ean hartu eben euren gan kapital soziala (60.120 euro), Sestaoko garapen ekonomikoa eta urikoa bultzatzeko eta itsasadarretik gertu dagoan enpresa-lurzoruko pastilla hori bizibarritzeko. 2017an, Foru Aldundia nagusitu zan bazkide nagusi lez, kapital handitzearen bidez, soziedadearen % 74,64 bereganatuz, Azpiegiturak foru soziedadearen bitartez. Aurretik, 2011n, Aldundiak 15 milioiko kreditu sindikadua sinatu eban La Navaleko lurzoruetan urbanizazino lanak egiteko. Eta joan dan urtarrilean udalbatzak aho batez onartu eban soziedadetik guztiz urtetea.

Oposizinoko taldeek soziedadearen kudeaketa “negargarria” kritikau dabe, ez dalako inbertitzaile gehiago erakarteko gai izan. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak soziedadearen egiturazko gastuei buruz galdetu dabe. Talde morearen kalkuluen arabera, egiturazko gastu horreek “urtean 150.000 euro baino gehiago dira”, eta hori guztia “proponidutako helburuak ez lortzeko”.

Alzagak azaldu dauenez, orain zuzentzen dauen sailaren lehenengo neurrietako bat bulegoaren alokairuari jagokozan gastuak eta zuzendari nagusi baten eta administrari baten ordainsariak desagertuarazotea izango da. Lehenengoa ez da existiduten, eta bigarrena Azpiegiturak foru soziedadera “aldatuko da”. Soziedade-antolamendu baten bidez xurgatuko dau erakunde horrek Sestao Bairen jarduerra, eta Sestaok, barriz, lurzoruaren salmentaren arabera hitzartutako diru-kopuruak jasoko ditu.

Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, Azpiegiturak erakundeak handitu egingo dau bere lurzoru-katalogoa eta inbertitzaile posibleentzako aukera gehiago izango ditu, eta hori barri ona da, okerrena eskaintzeko zorurik ez izatea izango litzatekelako, portuan jazoten dan lez. Sestaon, soziedadeak “400 lanpostu” sortu dituen lau enpresa (Lantegi Batuak, ITP eta logistikako enpresa bi) erakartea lortu dau. Sestaoko udalerriak obrako lizentzia guztien ordainketearen “mozkina” jaso dau.