EUSKADIKO IRUDIAK ERAKUTSI ETA GERO, INGALATERRAN AURKITU DIRAN DICKEN BESTE KOADERNU BATZUEK XIX. MENDEKO EUROPAKO IRUDI ARGITARABAKOAK ERAKUSTEN DEUSKUEZ

  • Enkarterrietako Museoan zezeilera arte ikusgai egongo dan “George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean” erakusketeak, Bizkaiko eta Europako beste lurralde batzuetako irudi ezezagun barriak berreskuratuko ditu.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusien jaubetzakoa dan museoak eskaneau egin ditu Dicken familiak aldi baterako lagatako marrazki guztiak, eta bere webgunean ditu erakusgai kontsultau ahal izateko (www.enkarterrimuseoa.eus).

 

(Bilbon, 2023ko azaroaren 28an). G.A. Dick ingeniari alemaniarrak ezustekoak emoten jarraitzen dau, baina kasu honetan, XIX. mendeko Euskal Herria ez ezik, garai bereko Europa be ezagutzeko. Ingalaterratik ekarritako azken koadernuen azterketak Alemanian eta Suitzan marrazki ugari egin ebazala erakutsi dau, eta, horreen artean, Getxoko Bizkaiko kostaldeko marrazki barriak agertu dira. 

Ekarpen horreekaz 11 dira daborduko G.A. Dicken marrazki eta oharren koadernuak. Ingeniari alemaniarrak XIX. mendearen erdikaldean Bizkaiko Labe Garaiak bilakatuko ziranaren hazitzat hartu daitekean Nuestra Señora del Carmen-en egin eban behar. Dicken familiak dauela gitxi emondako koadernuek 1853tik 1868ra bitarteko denpora-tartea hartzen dabe, gitxi gorabehera, Euskal Herriari, Alemaniari, Suitzari, Herbehereei, Frantziari, Argentinari, Brasili, Estatu Batuei eta Birjina Ugarteei buruzko estanpak eta informazino barria barne.

Enkarterriko Museoko teknikariek koadernu guztiak eskaneau eta antolatu ditue, eta daborduko ikertzaileek eta herritarrek www.enkarterrimuseoa.eus webgunean kontsultau ahal ditue.

Orain aurkitutako marrazki asko paisajeak dira eta, euskal inguruneagaz jazoten jakun lez, XIX. mendearen erdikaldeko Europako lekuen irudiak erakusten deuskuez, batzuk ezagutuezinak gaur egun. Euskadiri jagokonez Bizkaiko kostaldeko marrazki barri bi aurkitu dira, Getxokoak. Alemaniako urietako (Offenbach, Weisbaden, Rothenfels, Wertheim, Freudenberg) eta Suitzako (Berna, Zurich, Leman eta Konstanza lakuak, baita kantoi eta komuna ugari be) marrazkiak be nabarmentzen dira.

Irudien artean, herriak eta uriak, eleizak, torreak eta gazteluak aurki daikeguz, baina, beharbada, informazino etnografiko gehien emoten dabenak dira interesgarrienak, horreen artean garai haretako Alemaniako ohiko etxola konikoen marrazkiak, haize-errotak, eguneroko bizitzako eszenak, XIX. mendeko industria-iraultzaren aurreko industria-inguruneak eta autoerretratuak dirala emoten dabenak.

 

ALDI BATERAKO ERAKUSKETEA

Une honetan Enkarterrietako Museoak 2024ko zezeilera arte zabalik egongo dan “George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean” erakusketea hartzen dau. Bertan, ingeniari alemaniar gazteak, marrazkilari zaletuak, Euskal Herrian zehar egindako ibiltaldietan bidaia-koadernu batean jasotako arkatzez egin ebazan 29 marrazkiak nabarmentzen dira. Dicken familiak emon dauen aurkikuntzaren garrantzi nagusia, marrazki horreetan agertzen diran irudi eta eraikin gehienak ez zirala orain arte ezagutzen da. 

G.A. Dick ingeniaria eta marrazkilaria izan zan, eta Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen lantegian egin eban behar 1862 eta 1866 artean. Aldi haretan, ikusten ebana hainbat bidaia-koadernutan irudikatu eban. Mende eta erdi geroago, Bilboko, Barakaldoko, Sestaoko, Portugaleteko, Santurtziko, Getxoko, Pasaiako, Tolosako, Hernaniko, Errenteriako eta Aiako txoko ezezagunak ikusten diran Euskal Herriko 29 irudi barri laga deutsaz bere familiak Enkarterrietako Museoari.

Erakusketa honetan erakusten dira marrazki horreek, Europan eta Amerikan egindako beste batzuez gain. Erakusketea, berak behar egin eban lantegiaren historiagaz osotzen da (Nuestra Señora del Carmen Barakaldon, Bizkaiko Labe Garaien jatorria), Bizkaiko lehen siderometalurgia-planta eta eskala handiko industrializazino-prozesuaren abiapuntutzat hartzen dana. Enkarterrietako museoak, aldi berean, museoko bertako eta Industria Ondare eta Herri Laneko Alkarteko beharginek prestau daben izenburu bereko argitalpena argitaratu dau.

Marrazkien koadernuak Donibane Garazin bizi ziran eta gaur erakusketaren inaugurazinoan egon diran Nicholas Brayk, G.A. Dicken birbilobeak, eta Josette Acosta haren emazteak, emon ebezan. Dicken beste birloba batengandik, Catherine Price-Moss-engandik, jaso ebazan Brayk koadernuak, Ingalaterrako haren etxeko kamaran aurkitu ostean. Mende bat baino gehiago egon ziran ezkutuan.

Gaiak garrantzi handia dau, Dicken paperetan agertzen diran euskal irudiak ezezagunak ziralako. Gipuzkoan, Irun, Aia, Tolosa, Errenteria, Hernani eta Pasaiako bederatzi leku marraztu ebazan. Eta Bizkaian, Dickek Itsasadarraren ertzak eta bokalea zelakoak ziran deskribatzen dau bere irudien bitartez. Hogei bat marrazkiren bidez, agertoki honeek erakusten ditu:

• Deustuko etxebizitzea.

• Portugaleteko kaia.

• Eleiza, Portugaleteko uribildua eta Areeta haize-errotagaz.

• Santurtziko herria eta portua.

• Abandoko, Begoñako, Deustuko eta Bilboko ikuspegi orokorra.

• Barakaldoko erriberea.

• Itsasadarraren eta itsasoaren ikuspegia Pagasarritik.

• Areetako ikuspegia.

• Getxoko Andra Mari eleizea.

• Getxoko Andra Mari eleizako arkupea.

• Algorta eta Ereagako hondartzea.

• San Kristobal ugartea eta El Pontoneko errotea (Abusu).

• Arraiz gotorlekua (Abando).

• Islako San Jose komentua (Sestao).

• Nuestra Señora del Carmen lantegia (Barakaldo) eta Islako San Jose komentua (Sestao).

• Nuestra Señora del Carmen lantegia (Barakaldo).

• Islako San Jose komentuaren hegala (Sestao).

• Nuestra Señora del Carmen lantegiko sarrerea (Barakaldo).

• Islako San Jose komentua (Sestao) Erandiotik.

• Punta Begoña eta Abra.

 

Marrazki horreek guztiak argitaratu bakoak dira, eta batzuk ezagutzen ez ziran edo oso gitxi ezagutzen ziran irudiak erakusten ditue, Nuestra Señora del Carmen lantegia (Barakaldo), edo Galindo ibaiaren bokalea, Islako San Jose komentua edo Getxoko hainbat ikuspegi, adibidez Esazerrota lez ezagutzen dan haize-errotaren inguruan gaur egun ezagutzen dan marrazki bakarra.

 

BIZKAIKO INDUSTRIA

G.A. Dickek lan egin eban enpresetan ateratako ohar teknikoz be bete ebazan bere koadernuak. Bere marrazkiek XIX. mendearen erdialdeko industriaren bilakaerea eta garai haretako Bizkaiko garapenean industriak izan eban eragina ulertzen laguntzen dabe. Hori dala eta, erakusketak, Dicken kontakizun piktorikoaren bitartez Bizkaiko industrializazino prozesua lantzeko atal bat jasoten dau.

Erakusketearen beste atal bat alemaniar ingeniari gazte horren bizitza aztertzen saiatzen da. Nuestra Señora del Carmen lantegitik (Barakaldo) burdina eta haltzaidua ekoizteko teknikak modernizetako laborategiko buru lez igaro ostean, Dick Ingalaterran finkatu zan eta bertan enpresa bi sortu ebazan. Horreetako bategaz aberastu egin zan, mundu-mailan ospea emon eutsan eta aberastu eban materiala, Delta izenekoa, asmau ebalako. Bizkaian metal barri hori ekoizteko lantegiak eregi ziran.