BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN ERAKUNDE-ADIERAZPENA, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA EZABATZEKO NAZINOARTEKO EGUNA DALA-ETA
(Gernikan, 2022ko zemendiaren 23an). Azaroaren 25 honetan, emakumeek espazio publikoa bardintasun-baldintzetan erabilteko eta gozatzeko eskubidea dabela aldarrikatu gura dogu. Izan be, horrek bermatuko deutse erabateko herritartasun-eskubideak baliatzea eta, azken baten, euren askatasun indibiduala eta kolektiboa garatu ahal izatea.
Egin dira, bai, hainbat aurrerabide espazio publikoak eta pribaduak banatzen dituan dikotomia gainditzeko, horretarako ahalegin tinkoa egin dabelako bai emakume askok banaka eta bai mugimendu feministek be. Halanda be, hondino be alde handia dago emakumeen eta gizonen artean, kontuan harturik batzuk eta besteek zenbaterainoko parte-hartzea izan leikien bizitza publikoan eta zenbat jaubetu eta gozatu leikien gure uri eta herrietako kaleez.
Erabilera hori bardintasunez gauzatzea murrizten daben askotariko mekanismoen artean, mundu osoko emakume eta neskek espazio publikoan sufriduten daben sexu- indarkerian ipini gura dogu arreta.
Emakumeen eta nesken kontrako sexu-indarkeriak, indarkeria matxista normalizauaren testuinguruan, helburu argia dauka, funtzino sozial zehatza: emakumeak kontroletea eta euren askatasuna murriztea, hain zuzen be. Zehazki, jai- eta aisialdi-testuinguruetan egiten dan sexu-indarkeriak emakumeen sexualidadea kontroletako funtzino hori beteten dau. Era berean, euren nahia, gorputza, mugikortasuna, espazio publikoaren okupazinoa, gizarte-harremanak eta bardintasun baldintzetan gozatzeko eskubideak kontroletako funtzinoa dauka.
Beraz, politika publikoen eta euskal administrazinoen betebeharra eta helburua da eskura dituen estrategia eta mekanismo guztiak sustatzea, bermatuta geratu daiten emakume eta neskek oso-osorik gauzatu ahal izango dabela euren herritartasuna gure uri eta herrietako espazio fisikoan, eta bardintasun-baldintzetan erabili ahal izango dabela espazio publiko hori.
Kontuan euki behar dogu erreklamautako eskubide hori egikaritzea ez dala segurtasunera mugatzen; izan be, urrunago doa eta emakumeen eta nesken interes, nahi eta preminen araberako erespidea eta askatasuna izatera hedatzen da.
Nazino Batuen Erakundearen munduko ekimenak, «Uri seguruak eta espazio publiko seguruak» izenekoak, emakumeak eta neskak ahaldundu ahal izango diran espazio publiko seguruak sortzea sustatzen dau, sexu-jazarpenik eta bestelako sexu-indarkeriarik bako espazioak, Bardintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeria bako bizitzen aldeko Herri Itunaren ildotik.
Esparru horretan, Bizkaiko Batzar Nagusiek honako konpromiso honeek hartzen ditue euren gain:
1. Era sakonean ezagutzea zeintzuk diran emakumeei espazio publikoa ukatzeko erabilten diran askotariko moduak, kontuan hartu daitezan tokiko politiken diseinuan eta garapenean.
2. Lege eta politika integralak modu eraginkorrean ezartea bultzatzea, espazio publikoetan sexu-indarkeriaren aurkako prebentzino-neurriak hartzeko eta erantzuna emoteko. Horretarako, gaitasunak garatuko dira eta sentsibilizazinoa, komunidade-mobilizazinoa eta beste estrategia batzuk erabiliko dira.
3. Jarrerak eta portaerak aldatzera bultzatzea, emakumeek eta neskek indarkeria bako espazioez gozatzeko dituen eskubideak bermatze aldera. Hori egiteko, errespetuzko genero-harremanak, genero-bardintasuna eta espazio publikoetako segurtasuna sustatuko dira.
4. Espazio publikoetako segurtasun errealaren eta hautemandakoaren arloan inbertsinoak sustatzea; horretarako, genero-ikuspegia ziurtatu beharko da uri-plangintzan, emakumeen beharrizanak kontuan hartu daitezan.
5. Berdinsarea eta Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde Sarea tokiko jardunbide egokien sare gisa indartzea, ekimenei eta jardunbide egokiei buruzko ezagutza-trukea errazteko eta modu horretan emakume eta neskentzat uri eta herri seguru eta inklusiboak lortzeko.
6. Lankidetzan jardutea beste erakunde eta administrazino batzukaz —besteak beste, Emakundegaz eta foru-aldundiakaz—, gizarte-taldeakaz eta talde feministakaz, emakumeek eta neskek aukera izan daien espazio publikoaz segurtasunez eta bardintasunez gozatzeko.