UNRWA-RI BURUZKO BIZKAIKO ERAKUNDE-ADIERAZPENA

(Gernikan, 2025eko apirilaren 9an). UNRWA Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1949an eratutako agentzia da, eta Palestinako errefuxiatuei, hau da, 6 milioi pertsonari, laguntza eta babesa emoteko agindua dauka.
UNRWAren zeregina Palestinako errefuxiatuei laguntza eta babesa emotea da, bost jarduketa-eremutan: Jordanian, Libanon, Sirian, Zisjordanian (Jerusalem Ekialdea tartean dala) eta Gazako Zerrendan, 75 urte geroago errefuxiatuek daukien egoera konplikatuari konponbide justu eta behin betikoa emoteko asmoz. Agentziak arlo honeetan egiten dau lan: osasunean, hezkuntzan, babes- eta gizarte-zerbitzuetan, kanpamentuen azpiegituran eta hobekuntzan, mikrofinantzetan, laguntza humanitarioan eta larrialdietako laguntzan, hori guztiori gatazka-garaietan zein barealdietan. UNRWA ia oso-osorik finantzatzen da kide diran Estaduen borondatezko ekarpenen bitartez.
2025eko urtarrilean, Israelgo parlamentuaren lege bi jarri ziran indarrean, UNRWAk Palestinako lurralde okupatuan egiten dauen lana bertan behera itxi guran. UNRWAk hainbat hamarkadatatik hona egiten dauen lana eragoztea agentziak babesten dituan pertsonen bizitzaren kontrako atentatu zuzena da.
UNRWAren kolapsoak Gazako sufrimendu izugarria handitu baino ez dau egingo. UNRWA, bere langileak eta bere zerbitzuak guztiz integrauta dagoz Gazako gizartean. Agentzia suntsitzeak ordena sozialaren apurketea areagotuko dau. Zisjordaniaren kasuan (Jerusalem Ekialdea tartean dala), UNRWAren ahuldadeak are handiagoa dan ezegonkortasuna elikatuko dau.
Gazan, gerrea hasi zanetik, UNRWA 2 milioi pertsonarentzako salbagailu bihurtu zan:
- UNRWA osasun arloko lehen mailako arretearen hornitzailerik handiena da Gazan: gure osasun-taldeek 6,7 milioi mediku-kontsulta egin zituen (egunean 1.600 baino gehiago).
- 730.000 pertsonak jaso eben babes psikosoziala eta buruko osasunaren arloko babesa.
- Gure bazkideakaz batera, 10 urtetik beherako 560.000 umeri poliomielitisaren kontrako txertoa ipinten deutsegu.
- Ia 2 milioi pertsonak jaso eben elikadura arloko laguntza.
- Desplazatutako ehunka mila pertsona bizi dira UNRWAren aterpeetan.
- Udatik, gure taldeek 50.000 umeri zuzendutako ikasketa-jarduerak egin ditue, su-etena apurtu dan arte.
UNRWAk hezkuntzan be funtsezko lana egiten dau. Gerrearen aurretik, agentziak 300.000 ume baino gehiago hezten zituan. Ume horreek ikasketa-giro batera eroatea, hondakinen artean egon beharrean, horixe izan beharko litzateke geure lehentasun nagusia. Daborduko urte bi baino gehiago galdu ditue ikasketei jagokenez.
Zisjordanian, UNRWA osasun arloko lehen mailako arretearen bigarren hornitzailerik handiena da. Osasun arloko lehen mailako arretea eskaintzen deutsegu Palestinako milioi erdi errefuxiaturi, eta 50.000tik gora neska-mutiko dagoz matrikulatuta UNRWAren ikastetxeetan.
Azken hile bietan, indar israeldarrek bigarren operazino luze eta suntsitzaileena egin dabe, 2000ko hamarkadako bigarren intifadatik hona. Errefuxiatuentzako iparraldeko kanpamentuetan bizi diran 40.000 pertsona desplazatu egin behar izan dira, eta ez da ziurra bueltatzeko aukerarik eukiko daben. Martxan ipinitako operazinoek modu sistematikoan suntsitu ditue azpiegitura eta etxebizitza zibilak, hirien eta errefuxiatuen kanpamentuen izaerea betiko aldatzeko asmoz. UNRWAren taldeek desplazatuen komunidadeak babesten ditue, larrialdietarako laguntzaren bitartez.
NBEren beste ezelango agentziak ez dau lan hori egiten
UNRWAk Ekialde Hurbilean bake justu eta iraunkorra lortzeko konpromisoa dauka. Gazan ezinbestekoa da su-etenera bueltetea, bahitu guztiak askatzea eta laguntza humanitarioa eta hornidura komertzialak oztopo barik garraiatzea. Testuinguru horretan, UNRWAk funtsezko zeregina dauka. Agentziaren lana behar-beharrezkoa da inguru hori egonkortzeko eta berreraikitzeko.
Palestinako lurralde okupatu osoan, prozesu politikoei erreparatu barik UNRWA desegiteak modu konponezinean kaltetuko ditu populazino palestinarraren bizimodua eta etorkizuna. Horrek suntsitu egingo dau nazinoarteko komunidadearenganako eta bideratzen dan edozein prozesu politikorenganako konfiantzea.
Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gazako Zerrendako krisiari erantzuteko asmoz, UNRWAk emoten dauen premiazko osasun-arretea eskaintzeko laguntza onartu dabe. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak urteak daroaz UNRWAgaz batera proiektuak babesten Gazan, Libanon eta Sirian, bai eta hainbat eskubide babesten be: Palestinako emakume errefuxiatuen eskubideak, elikadurarako eskubidea, bizimodu duina eukiteko eskubidea eta larrialdietan osasun-arretea jasoteko eskubidea, berbarako. Ildo berean, Bizkaiko udalerri askok babestu ditue Gazako larrialdiari aurre egiteko deialdiak, UNRWAk egituratutakoak.
Horregaitik guztiagaitik, Bizkaiko Batzar Nagusiek adierazpen hau sinatzen dabe:
- Babesa adierazoten deutsie UNRWAk, bai Gazan eta Zisjordanian, eta bai Jordanian, Sirian eta Libanon, Palestinako errefuxiatuakaz egiten dauen ezinbesteko lanari.
- Nazinoarteko komunidadeari adorea emoten deutsie ez daian onartu UNRWAren agindua ahultzerik, eta ekimenak sustatzera akuilatzen dau, UNRWA ez daiten desegin.
- Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiei eta udalei eskatzen deutsee orain arte lez segitzeko UNRWAren beharrezko eta premiazko lana babesten.