BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN ERAKUNDE-ADIERAZPENA, BILBON GERTATUTAKO EMAKUME BATEN HILKETEA DALA-ETA

Bizkaiko Batzar Nagusiek argi eta garbi gaitzesten eta arbuiatzen dabe Bilboko Santutxuko auzoan gertatu dan emakumezkoaren hilketea. Era berean, batzarkide-talde guztiek alkartasuna helarazo gura deutsee biktimearen familiakoei, lagunei eta gertukoei.

Bizkaiko Batzar Nagusiek gogotara ekarri gura dabe eze hilketak indarkeria matxistearen arazoaren zati bat baino ez dirala, arazoaren haztegia emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ezbardintasuna da-eta. Emakumezkoek gizartean pairatzen daben egiturazko desbardintasun- eta mendetasun-egoerea da emakumezkoenganako indarkeria mota guztien jatorri komuna. Izan be, gizarteak bardintasunaren eta guztien ongizatearen bidean aurrera egitea eragozten dau horrek.

Indarkeria matxistea ez da hori pairatzen daben pertsonen arazo pribatua, ezpada ze herritar guztiena, desbardintasunen agerpenik bortitzena da-eta.

Azkenik, Bizkaiko Batzar Nagusiek lanean jarraituko dabe emakumezkoen kontrako indarkeriaren aurka, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko bardintasun- eta errespetu-politikak bultzatuz, harik eta eraso matxistarik bako Bizkaia lortu arte, non emakumezkoek erasotuak izateko bildurrik izango ez daben, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko errespetuzko alkarbizitzan.

Hilketa tragiko horrek hunkiturik, Batzar Nagusiotako Taldeburuen Batzarrak erakunde-adierazpen hau onartzen dau, emakumezkoenganako indarkeria gaitzetsi eta arbuiatzeko:

1. Erabat gaitzetsi eta arbuiatzen dogu edozein motatako indarkeria eta, bereziki, indarkeria matxistea.

2. santutxun emakumezko erailaren sendiari, lagunei eta auzokoei gure maitasuna, alkartasuna eta doluminak helarazoten deutseguz.

3. Era berean, gaitzespen zein arbuioak egiteko eta biktimei alkartasuna adierazoteko deitutako ekitaldi guztietan parte hartzera animatzen ditugu herritarrak.