BIZKAIAK EZEZKOA EMON DEUTSO EUSKO JAURLARITZARI GALDAKAO-USANSOLOKO OSPITALERAKO PEDIATRIA ETA ERDITZE EREMU BAT ESKATZEARI

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu EH Bilduk, osasun zentroa handitzeko egingo diran obrak aprobetxauz zerbitzu horreek sartzea eskatzeko aurkeztu dauen arauz besteko proposamena.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek Irene Montero Bardintasunerako ministroari kargua ixtea eskatzea be ez dabe onartu.


(Bilbon, 2023ko martiaren 30ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu gaur Eusko Jaurlaritzari eskaerea egitea Galdakao-Usansolo Ospitalean pediatria eta erditze eremu bat ezarteko, Lurraldeko beste ospitale handi bietan (Gurutzeta eta Basurtu) dagozan lez. EH Bilduk aurkeztu dauen eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoa jaso dauen arauz besteko proposamenaren bitartez, 300.000 persona eta 70 udalerri baino gehiagoren beharrak beteten dituan ospitale batean “oinarrizko pediatriako eta arrisku txikiko erditzeei arretea emoteko eremuak” ezartea eskatzen dauen ekimenagaz bat egiteko eskatu gura jakon Aldundiari. Legealdiko Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako azkenengo Batzordean gaur eguerdian eztabaidatu dan ekimena ez dabe onartu Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, eta Talde Berezia-PP Bizkaia abstenidu egin da. 

Barrualdea ESIaren barruan dagoan eta geografiari jagokonez lurraldeko handiena dan Galdakao-Usansoloko Ospitaleak “aspalditik dauen osasun-arretaren bakotasun nabarmenetakoa” pediatriako eta erditzeetako eremurik ez egotea da. Egoera horrek “eragin zuzena dau bizkaitar askoren osasun arloko arretan”, Bea Ilardia koalizino abertzaleko bozeroaleak adierazo dauenez. Alde batetik, ospitaleko larrialdietako zerbitzua edo ospitaleratzea behar daben inguru horretako umeek Gurutzetako Ospitalera joan behar dabe, eta, beraz, familiak “joan-etorri etenbakoak egin behar ditu”. Erditzeetan “eredu aldaketea” emoten ari izateari gehitzen jako hori, “banako” arretarantz, eta “arrisku txikiko” jaiotzen “deszentralizazinora” doalako. 

Koalizino abertzaleak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Galdakaon 30.000 metro karratuko eraikin barria eregiteko 28 milioi euro inbertiduko ditualako egin dau eskaerea. Ilardiaren eretxiz, oraindino Eusko Jaurlaritzaren egungo planetan jasota ez dagozan zentroa berregituratzeko eta “gabezia historiko horreek” estaltzeko lanei ekiteko “une egokia” izan eitekean.

Halanda be, “babes-eremu zabal eta askotarikoak” dituan herritarren eskari horren aldeko “jarrerea hartzeko eta lan egiteko” Bizkaiko Foru Aldundiari Osasun Sailagaz hartu-emonetan jarteko eskatzen eutsan ekimenak ez dau biderik egingo Foru parlamentuan, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek atzera bota dabe-eta. Talde biek azaldu dabenez, Eusko Legebiltzarrak, osasun arloan “eskumena” dauen erakundeak, gai hori eztabaidatu dau daborduko zezeilaren 6an egindako batzorde batean, eta eragindako eskualdeetako “udal” bakar batek be ez deutse eskaerarik egin Bizkaiko Batzar Nagusiei gai horren inguruko ekimenena bultzatzeko. “Beharra ukatu barik”, biek eskumenak jarri ditue mahai ganean proposamena baztertzeko.


EZEZKO BOROBILA BARDINTASUN MINISTROAREN KARGU-IXTEA ESKATZEARI 

Beste alde batetik, Talde Berezia-PP Bizkaia bakarrik geratu da Irene Montero Berdintasun ministroaren eta Ángela Rodríguez bere Estadu Idazkariaren kargubakotze eskaerea defendiduten, talde horren eretxiz “bai baino ez da bai” legea dala eta “arautzeko ezelango trebetasunik ez dabelako erakutsi”. Batzar Nagusietako talde guztiek ez dabe onartu Esther Martínez batzordekideak defendidu dauen arauz besteko proposamena, Batzar Nagusiek sexu delituen biktima izan diran emakumeakazko alkartasuna adierazo daien eskatzeko. Izan be, emakume horreen erasotzaileek euren zigorren barrikuspenak eta beherapenak jaso ditue, Gobernu zentralaren “auto zuzenketa-eskea” jasoko dauen lege horri esker. Bizkaian, “sexu harrapari bi” urten dira kartzelatik eta beste “36ri” zigorrak murriztu jakez.

Ganerako taldeek, martiaren 2an Eusko Legebiltzarrean eta abenduaren 13an Diputatuen Kongresuan eztabaidatu zan ekimen beraren gehiengoaren gaitzespenean emon eben erantzuna berretsi dabe. Aldi bi horreetan, Elkarrekin Bizkaia, Euskal Sozialistak, EH Bildu eta Euzko Abertzaleak taldeetako bozeroaleen eretxiz, PP taldea “inkoherentea” zala esan zan, ekimen hori erakunde guztietara eroateagaitik, historian zehar emakumeen eskubideen defentsagaitik nabarmendu ez dan taldea dala kontuan izanda. “Zaratea sortu” gura duen “estrategia”. Horrez gain, defentsa horretatik “erremolkean” joan dala ekarri deutsie gogora PP taldeari, bere garaian abortua despenalizetearen edo gizonen eta emakumeen arteko bardintasunean aurrera egiteko hainbat lege organiko babestearen kontrako jarrereari eutsi deutsalako. Proposamenaren helburua, bardintasuna eskatzen dauen gizartean “hauteskundeetarako irabaziak” lortzea eta “balioen aldaketea galarazotea” da, adierazo dabenez.