BATUZ DERRIGORREZKOA IZANGO DA ENPRESA HANDIENTZAT 2024KO URTARRILAREN 1ETIK AURRERA

  • Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak Batuz sistemea behin betiko ezarteko egutegiaren barri emon dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.
     
  • Batuzi atxikitako 16.000 zergadunek “296 milioi eragiketa baino gehiago” egin ditue daborduko Eragiketa Ekonomikoen Erregistro Liburuan.
     
  • Oraindino atxiki ez diran 74.000 zergadunek sei hileko bost leiho arte dabez sisteman erregistretako, azkena 2026ko urtarrilaren 1ean.


(Bilbon, 2023ko urriaren 5ean). Bizkaiko Foru Aldundiak, berak eta EH Bilduk eskatuta, Batuz sistemearen behin betiko ezarpena zelangoa izango dan azaldu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean. Zehatzago, Itxaso Berrojalbiz Ogasuneko titularrak agerraldia egin dau, daborduko Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen hasi dan Foru Arau proiektuaren eukia azaltzeko (herritarrek zabalik daukie alegazinoak aurkezteko epea). Foru Arau proiektuak ezarten dauena betez, lurraldeko 7.000 enpresa handi baino gehiagok, finantza-, aseguru- eta ondare-soziedadeak, urtarrilaren 1etik aurrera euren eragiketa ekonomiko guztiak Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan erregistretera behartuta egongo dira. Lehenengoak izango dira “zailtasun gitxien” daukienak diralako, esan dau Berrojalbizek. 

Arau proposamen horrek, informazinoa truketako tributu-administrazinoen arteko lankidetzari eta beste alderdi tekniko batzuei buruzko Europako azken zuzentarauak be jasoten ditu, eta jarduera ekonomikoak egiten dituen persona guztien (fisikoak edo juridikoak) artean Batuz derrigorrez ezarteko epeak malgutzea aurreikusten dau. Proiektuak derrigorrez atxiki beharreko bost leiho ezarten ditu. Malgutzeko proposamen hori zergadunek eta profesionalek eurek planteautako beharretik dator, aldaketa horreen aurrean “egokitzeko denpora gehiago” izateko beharretik, hain zuzen be. Arauaren aurreproiektua onartu aurretik, Ogasunak “70” informazino jardunaldi antolatu ebazan, eta “9.000 persona” pasau ziran horreetatik.

Holan, Foru Ogasunak proponidutako egutegiaren arabera, 2024ko urtarrilaren batean, lehen aitatutako zergadunak baino ez dira behartuta egongo Batuzen sartzera. Ostean, ganerako zergadunak joango dira sartzen, "zailtasun gehien daukienei" egokitzeko denpora gehiago emonez. “90.000 zergadunetik 74.000” geratzen dira, Berrojalbizek zehaztu dauenez, eta gehienak 2024ko garagarrilean sartuko dirala kalkulau da. Kalkuluen arabera, “45.000 zergadun baino gehiago” izango dira, hau da, % 50 baino gehiago.

2024ko erdikaldetik 2026ko erdikaldera bitartean, mikroenpresak eta enpresa txiki edo ertainak sartu beharko dira leiho desbardinetan, bakotxaren sektorearen arabera. Azkenengo leihoa 2026ko urtarrilaren 1ean edegiko da, Soziedadeen ganeko Zergatik guztiz eta modu partzialean salbuetsita dagozan erakundeak, irabazi asmorik bako erakundeak eta nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan diharduten zergadunak eta hezkuntzako edo kultura-zerbitzuetako profesionalak sartu daitezan.

Berrojalbizek jakinarazo dauenez, Foru Ogasunak 2025era arte jarraituko dau Batuz euren borondatez ezarten edo ezarri daben personentzako biztugarri fiskalakaz. 2022an eta 2023an Batuz ezarri daben “16.000 zergadun baino gehiagok” eta eurentzat derrigorrezkoa izan baino gitxienez 6 hilebete lehenago euren borondatez Batuzen sartzen diranek, orokorrean, % 10eko konpentsazinoa izango dabe PFEZn edo Soziedadeen ganeko Zergan. Biztugarri fiskalagaz batera, 2024ra eta 2025era zabalduko da PFEZren edo Soziedadeen ganeko Zergaren kuotan Batuz ezartearen ondoriozko gastuen % 30eko kenkaria apliketako aukerea. Oposizinoak biztugarri horreen hedapenari buruz egindako galderei erantzunez, Berrojalbizek esan dau “goiz” dala erabagi hori hartzeko, eta “ebaluau” egingo dala.

Batuz ezarteak, Eragiketa Ekonomikoen Erregistro Liburuaren bitartez euren negozioen kontabilidadea Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan eroateko betebeharra ekarriko deutse jarduera ekonomikoak egiten dituen persona guztiei. Liburu horretan, zergadunek euren salmenten (TicketBai sistemearen bidez fakturetan ditue) eta diru-sarreren barri emoten deutsie Ogasunari, bai eta euren jarduereagaz erlazionautako erosketen eta gastuen barri be. Berrojalbizek adierazo dauenez, erregistro horretan “296 milioi eragiketa baino gehiago” egin dira daborduko.

Herritarren alegazinoak aurkezteko:
https://jjggbizkaia.eus/es/alegaciones-propuestas-proyectos-norma