ANA OTADUI BITERI IZANGO DA BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO LEHENDAKARIA, HIRUGARREN AGINTALDIZ JARRAIAN

  • 2023-2027 legealdiko Eraketarako osokoak Mahaiko kideak aukeratu ditu gaur. Begoña Gilek (PSE-EE) eta Idoia Buruaga-k hartuko ditue, hurrenez hurren, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehenengo eta Bigarren Lehendakariordetzak. Lehenengo Idazkaritzea Jane Eyre Urkieta-k hartuko dau, eta bigarrena Ricardo Vaquero-k.
     
  • Bost alderdi politikotako 24 emakumek eta 27 gizonek hartu dabe gaur goizean lekua Foru parlamentuan, garai demokratikoko Batzar Nagusien XII. Agintaldia hasiz.


(Gernikan, 2023ko bagilaren 22an). Ana Otadui Biteri jeltzalea aukeratu dabe Batzar Nagusietako Lehendakari, gaur Gernikako Batzar Etxean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien Eraketarako Osokoan. EAJ/PNVko batzarkideak hirugarren agintaldiz jarraian errepikau dau kargua. Lehengo bozketan gehiengo osoz berretsi da, 51 batzarkidetik 34ren babesagaz. Kargu hori hautatzeko prozesuan, Adineko Mahaiko kideek 17 boto zuri zenbatu ditue. 

Bi ordu iraun dituan osokoan, Mahaiko beste lau kideak aukeratu dira, bozketa biren ostean. Begoña Gil (PSE-EE) izango da Mahaiko Lehenengo Lehendakariordea eta Idoia Buruaga (EH Bildu) Bigarrena datozan lau urteetan. Sozialistak 18 boto lortu ditu, eta koalizino abertzaleko batzarkideak 17. Eguneko bigarren bozketa horretan Jane Eyre Urkieta jeltzaleak 16 boto izan ditu.

Beste alde batetik, Mahaiko Idazkaritza biak Jane Eyre Urkietak (EAJ-PNV) eta Ricardo Vaquerok (Elkarrekin Podemos) hartu ditue. Jeltzaleak 18 babes jaso ditu, eta talde moreko ordezkariak 17. PP taldeko Diego Pagadigorriak, barriz, 16 boto jaso ditu.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahai barria isilpeko bozketa bidez osotu ostean, ordezkari beteranoena dalako Adineko Mahaiaren buru izan dan José Alberto Álvarez Castrejón batzarkideak aginte makilea emon deutso Ana Otadui Biteriri, eta Lehendakaria Batzarretako kideengana zuzendu da, esker onez eta konpromisoz betetako berbaldi laburrean. Bere eta “uste dot Batzar honeek osatzen doguzan guztien” ahaleginen artean, “egunetik egunera Bizkaia hobea eregitea” dago. Helburu horren alde “herritarren onerako”, “lankidetzea” eta “akordioak lortzeko eztabaida antzuak saihestea” eskatu dau. Eta parlamenturik “historikoena” “ezagutarazoteko” eta “emakumeen eta gizonen benetako bardintasunaren alde” beharrean jarraitzeko fronte komuna eskatu dau.

Bere berbaldiaren amaieran, eta Batzar Nagusietako Araudiak agintzen dauen lez, Lehendakari barriak Batzar Nagusiak eratuta dagozala adierazo dau, eta horren barri emon deutso Unai Rementeria jarduneko Ahaldun Nagusiari –Batzar Nagusietan egon da, aurreko agintaldiko ganerako diputaduakaz batera–, eta Bateraezintasunen Behin Behineko Batzordeko kideak izendatzeko helburu bakarragaz ordubete geroago egin dan beste Osokoa deitu dau. Batzorde horretako kideak aukeratu ostean, Lehendakariak Bateraezintasunen Osoko Bilkurarako deia egingo dau, garagarrilean Bizkaiko Ahaldun Nagusia aukeratuko dauen saioaren aurretik.

Gernikako Batzar Etxeak legealdiko une garrantzitsuenetakoa jaso dau gaur, maiatzaren 28ko hauteskundeetan herritarrek aukeratutako kideek Foru parlamentuko jarlekuak hartzea, hain zuzen be. Saioan, XII. Legealdi honetan Bizkaiko Batzar Nagusiak osatzen dituen 24 emakume eta 27 gizon batzarkideek, horreen ia erdia (26) lurraldeko parlamentuan lehenengo aldiz arituko diranak, senitartekoak, lagunak eta alderdikideak izan ditue lagun une berezi hori bizitzeko. Alderdiek aurkeztutako hauteskunde-zerrendei jagokenez, aldaketa bakarra egongo da. EH Bilduko Galder Agudok ez eban azkenean egiaztagiririk aurkeztu, eta Edriga Aranburuk ordezkatu dau, Busturia-Uribe barrutian. 

Bertaratutakoen artean, Itxaso Atutxa, Aitor Ibarra, Israel Escalante, Joseba Gezuraga, Asier Vega, Eduardo Andrade eta Melchor Gil egon dira.