ALDUNDIAK ELORRIOKO ETA LEIOAKO EGOITZAK UNIDADE TXIKI BIHURTZEKO ERALDATZE PROIEKTUA LIZITAUKO DAU "DATORREN ASTEAN"

  • Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, GUFEren eta Bizkaiko Tutoretza Erakundearen jarduerearen balantzea egiteko.
  • EH Bilduk foru erakunde horreetako arduradunen agerraldiak eskatu ebazan, gauzatutako eta aurreikusitako proiektuei eta langile- eta gardentasun-politikei buruzko erantzunak bilatzeko.

(Bilbon, 2022ko bagilaren 1ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako batzordeak harrerea egin deutse gaur goizean Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuari eta David Latxagari eta Oier Zuberogoitiari, Aldundiaren esku dagozan GUFEko eta Bizkaiko Tutoretza Erakundeko arduradunei, hurrenez hurren. Agerraldian, Murillok bere sailaren esku dagozan erakunde bien proiektuen errepasoa egin dau. Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeari jagokonez, “datorren astean” Elorrioko eta Leioako egoitzak eraldatzeko proiektua lizitauko dala iragarri dau, bizikidetza-unidade moderno bihurtzeko. Egokitzapen-proiektuaren lehenengo fasea da, eta “8,9 milioi euro” inbertiduko dira bertan.

EH Bilduk, foru erakunde bietako zuzendarien agerraldia eskatu eban taldeak, GUFEri jagokonez proiektu barriei, pazienteen jatorri-bereizketari eta beharginen kontratazinoari buruz galdetu dau; izan be, Izaskun Duque batzordekidearen esanetan, azkenengo 20 urteetan bertan “ez da lanposturik sortu”, eta webgunearen gardentasunagaz eta bardintasun-politikakaz erlazionautako elementu batzuk aitatu ditu.

Sergio Murillo foru diputatuak erantzun deutse erantzun-eske horreei, baina gogorarazo dau EH Bilduk planteautako gaiak beste saio batzuetan be aitatu dituala. Hasteko, esan dau GUFE elementu “erabakigarria” dala adinekoentzako, desgaituentzako eta umeentzako laguntza-sarean; izan be, erantzun “arina eta eraginkorra” eskeintzen dau preminak dituen personei arretea emoteko.

Pandemian izan dauen eginkizun “garrantzitsuaz” gain (esaterako, Birjinetxeko zentroa COVIDak kutsatutako egoiliarrei arretea emoteko egokitzea), Murillok nabarmendu dau azken urtean, GUFEri esker, “100 plaza” zabaldu ahal izan dirala desgaitasuna daukien personentzat, Santurtziko, Mundakako eta Gallartako zentroen artean banatuta. Adinekoentzako plazei jagokenez, egungo sarea “nahikoa” da, plazen eskeintzea “neurriz ganekoa” dalako.

Saileko lan-ildoakaz “lerrokatzeko” bide horretan, GUFE bere zentroak aldatzen hasi da, bizikidetza-unidadeen eredu barrira egokitzeko. Zentro horreen artean, Elorrioko eta Leioako egoitzak dagoz, gaur egun hurrenez hurren 64 eta 212 plaza daukiezanak, eta eurak eraldatzeko proiektuak “datorren astean” lizitauko dira. Murillok gogorarazo dauenez, eraldatze-lanak, alde batetik, Leioako egoitzako 4. solairuan hasiko dira eta, bestetik, Elorrioko solairu bakotxean jantoki eta egongela barriak egokituko dira. Obren lehenengo fase hori egiteko, guztira, “8,9 milioi euroko” inbertsinoa egingo da. Egoitza bietako prozesua “mailakatua” izango da, obrak zentroan bizi diranak eta profesionalak bertan dagozala egin behar diralako.

Modu berean, GUFEk hainbat proiektu gauzatu ditu Birjinetxeko zentroaren bidez Bilbon arreta soziosanitarioa hobetzeko. Osakidetzaren Bilbo-Basurtu ESIagaz, alderdi hori hobetu egin da, eta, gaur egun, uribilduko “14 egoitza” hartzen ditu eta beste “30 egoitzatara” zabaldu beharko da. Eta EHUko AgeingOn taldeagaz batera Bilboko “12 egoitzagaz” ari dira beharrean, “jarduera eta estrategia barriak” sartuz adinekoen gaitasun funtzionala hobetzeko.

Umeak babesteko zentroei jagokenez, Murillok gogorarazo dau zerbitzu horrek ahalmena “beharren arabera” handitzen edo murrizten dauela. Egia esan, “azkenengo 18 hilebeteetan beherakada nabarmena gertatu da”, eta etorkizunerako sarea iristen diran profiletara egokitzeko lanean ari dira. “Egunean 3 adinbako jasotetik hilean 15 jasotera igaro gara”, esan dau. Kapitulu horretan, azkenengo barrikuntzea orain dala hilebete batzuk portaera-arazo larriak dituen adinbakoentzako zentro espezializaua edegi izana da.

Foru-arduradunak GUFEko beharginen politikaren errepasoa be egin dau. Politika hori “egonkortzen” ari da une honetan, “129 plazako” LEPari esker. Hori dala eta, behin-behinekotasuna “% 8an” geratuko da, “hori dalako legeak ezarten dauena”, adierazo dau.

BIZKAIKO TUTORETZA ERAKUNDEAREN LAGUNTZA-NEURRIEN “EGONKORTZEA”

Bizkaiko Tutoretza Erakundeari, aldez aurretik epailearen aginduz babesbakotasun egoeran dagozan 18 urtetik gorako personen “asistentziako edo ordezkaritzako kuradoretzaz” arduratzen dan organuari, jagokonez, Murillok azaldu dau azken 3 urteetan erakunde horrek bere gain hartzen dituan karguak edo laguntza-neurriak “egonkortu” egin dirala. “Argazkiak” erakusten dau aurton 2021eko data berean baino “10 kargu gehiago” eta 2020. urtearen amaieran baino “54 gitxiago” dagozala. Maiatzaren 30ean Erakundeak bere gain hartzen ebazan “2.004” karguei beste 200 gehitu behar jakez, bai eta Futubide eta Ondoan tutoretza-erakundeak hartzen dituen “54” be. Erakunde horreek hitzarmenak sinatuta ditue Aldundiagaz zeregin hori beteteko. Onartutako bi mila laguntza-neurri horreetatik “1.711 kuradoretzak edo tutoretzak dira, 60 ondasun-administrazinoak, 136 defentsa judizialak, 7 behin-behineko tutoretzak eta 90 ondasun-administrazinoak”.

Beste alde batetik, Arantza Urkaregi EH Bilduko batzordekideak zehaztu dauenez, bere datuek erakusten dabenez, “2017 eta 2020 artean”, kargu kopuruak “% 40ko” igoerea izan dau –“1.483 kargu izatetik 2.004ra igaro dira”–, eta erakundearen eta bere beharginen aurrekontua ez da bat etorri igoera horregaz, “bere horretan jarraitu dau”. Ez da gauza bera gertatu Gizarte Ekintza Sailak aitatutako erakundeakaz egindako hitzarmenen bidez esleitzen dauen ekarpen ekonomikoagaz. Bizkaiko Tutoretza Erakundean hautaketa-prozesuen bidez kontratautako “21 profesional” aritzen dira. Diputatuak esan dauenez, telefono bidezko arretea eta tresna informatikoak hobetu diranez, erakunde horren erantzuna be hobetu egin da. Kontratazinoak GUFEko lan-boltsen bidez egitea eskatu dau Urkaregik.