24 EMAKUMEK ETA 27 GIZONEK BETEKO DITUE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO JARLEKUAK DATOZAN LAU URTEETAN
- Bizkaiko Batzar Nagusiek, aurreko legealdian jarlekuak bete ebezan alderdi politiko berberetako ordezkariak izango ditue XII. agintaldian, baina indarren korrelazinoa desbardina izango da, Foru parlamentuko sei jarlekuren kolore politikoa aldatu egin dalako.
- EH Bilduk Gernikan jarteko bost leku gehiago lortu ditu, eta PPk bat gehiago; PSE-EEk, barriz, ordezkaritza bera izango dau, eta EAJ/PNVk eta Elkarrekin Podemosek bi eta lau jarleku galdu ditue, hurrenez hurren.
- 25 batzarkidek errepikau egingo dabe eta beste 26 estreinau egingo dira Bizkaiko Batzar Nagusietan.
(Bilbon, 2023ko maiatzaren 29an). Joan dan agintaldian Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritzea izan daben bost talde politikoek errepikauko dabe bagilean, Batzar Nagusiak eratzeko osoko bilkuraren ostean, hasiko dan XII. Agintaldian. Dana dala jarlekuen banaketea desbardina izango da. Atzoko hauteskundeen emaitzak Foru parlamentuaren ia argazki parekidea erakusten dau. Bost alderdi politikotako 24 emakume eta 27 gizon egongo dira, azken lau urteetan lurraldeko organu legegilean parte hartu daben alderdi berberak, hau da, EAJ/PNV, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta PP. Oraingoan, bost hautagaitzetatik lauk emakumeak ebezan buru.
EAJ/PNVk berretsi egin dau bere lekua lurraldeko alderdi nagusi lez, aurreko foru hauteskundeakaz alderatuta batzarkide bi galdu dituan arren. 23 jarleku lortu ditu, eta gehiengo osotik hirura geratu da (Bizkaiko Batzar Nagusiek 51 ordezkari ditue). Honeek izango dira talde horren jarlekuak beteko dituenak: Elixabete Etxanobe, Ana Otadui, Josu Bergara, Jane Eyre Urkieta, Jesus Lekerikabeaskoa, Mikel Bagan, Esther Iturrioz, Gorka Beitia, Andoni Agirrebeitia, Garazi Díaz, Asier L. De la Fuente, Gaizka de Luis, Ainhoa Pielo, Aitor Arregi, Ziortza Álvarez, Isaac Amezaga, Olaia Urkijo, Julen Karrion, Irene Edesa, Unai Lerma, Celia Gómez, Andoni Lamborena eta Yolanda Fika.
EH Bilduk, bere aldetik, Bizkaiko Batzar Nagusietako bigarren indarra izaten jarraituko dau. 15 jarleku lortu ditu, 2019ko hauteskundeetan baino bost gehiago. Hurrengo lau urteetarako ordezkariak honeek izango dira: Iker Casanova, Bea Ilardia, Exabier Arrieta, Idoia Buruaga, Aitor López, Rakel Goñi, Raul Mendez, Eneritz Zabala, Jon Arriola, Arantzazu Sarasola, Galder Agudo, Rakel Elu, David Crestelo, Izaskun Duque eta Aitor Llano.
PSE-EEk hirugarren lekuan jarraituko dau jarleku kopuruari jagokonez, aurreko legegintzaldiko 8 ordezkariei eutsiz. Legebiltzarreko lana Teresa Laespada, Begoña Gil, José Alberto Álvarez, Goyo Zurro, Ana Berta Campo, Juan Otermin, Iñaki Jerónimo eta Amaia Rebolloren artean banatuko da.
PPri jagokonez lurraldeko laugarren indar politikoa izango da, ordezkari bat irabazita. Batzarkide bi izatetik hiru izatera igaro da, eta horrek talde propioa izateko aukerea emongo deutso. Bere jarlekuak Raquel Gonzálezek, Diego Pagadigorriak eta Pablo G. Guadalupek beteko ditue.
Amaitzeko, Foru parlamentuak Elkarrekin Podemoseko ordezkari bigaz osatuko dau batzarra. Eneritz de Madariaga zerrendaburuaz gan, Ricardo Vaquerok osotuko dau tandema. Lortu dituen emaitzek Talde Berezira pasatzera behartuko ditue.
Batzarretako 51 batzarkideetatik, 25-k errepikau egingo dabe Batzar Nagusietan, eta beste 26 Gernikako Batzar Etxean lehenengo aldiz jaubetuko dira karguaz agintaldi barriko lehenengo saioan, eratzeko Osokoan.
ERATZEKO OSOKOA
Une honetan, Batzar Iraunkorra da Parlamentuaren funtzinonamentua zaintzen ari dan organua, parlamentu barria eratu arte. Ana Otadui Biteri organu horretako presidenteak hemiziklo barria eratzeko bilkurarako deia egingo dau, parlamentuko ordezkarien herenak euren hautetsi karguak egiaztetan dituenean. Erregelamenduak agintzen dauenez, bilkura deialdia egin eta zazpi eguneko epean egin beharko da saioa, eta, edozelan be, hauteskunde-egunetik hilebete igaro baino lehen.