Noticias Anteriores

Las Juntas Generales de Bizkaia aprueban por unanimidad tres proposiciones no de norma referidas al servicio Bizkaibus

Comisión de Transporte, Movilidad y Cohesión Ter.

Bizkaiko Batzar Nagusietako talde politiko guztiak ados jarri dira gaur goizean, Bizkaibus zerbitzuaren funtzionamentuagaz erlazionautako Arauz Besteko hiru Proposamen aho batez onesteko. Lehenengoa, istripu posibleen aurreko segurtasuneko neurrien ganekoa izan da, bigarrena, indarkeria matxistea saihesteko “eskariaren araberako geralekuak” izenekoen ganekoa, eta hirugarrena, Aldundiko Garraio Sailaren esku dagozan autobusen erabiltzaileen Eskubideen eta Betebeharren Dekalogoa zabaltzearen ingurukoa. Hiru proposamenak Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko Egoitzan gaur goizean egin dan Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordean onetsi dira, Vicente Reyes Saileko arduradun nagusia bertan zala.

Gaur berretsi dan lehenengo ekimena Arturo Aldecoa Talde Mistoaren ordezkariak aurkeztu dau, eta Bizkaibuseko autobusetan gidariak dituan puntu itsuen abisu sistemak jarteari buruzko azterlana egitearen gainekoa izan da, harrapaketak saihesteko. Proposamenak Foru Gobernua eusten daben talde bien zuzenketa-eskea jaso dau, eta proposamena aurkeztu dauen taldeak eta gainerakoek onetsi eta, azkenean, testu onegaz onartu da: “Batzar Nagusiek eskaria egiten deutsie Bizkaiko Foru Aldundiari, Bizkaibuseko autobusetako puntu itsuak hartuko dituan abisu sistema jartearen bideragarritasun teknikoa, bateragarritasuna eta integrazioa baloretako azterlana egin daian”.

Aho batez onetsi dan Arauz Besteko bigarren Proposamena be Talde Mistoaren ordezkariak aurkeztu dau hasieran, eta batzordeko ganerako talde guztiek gehikuntzako, zuzenketako edo osoko zuzenketa-eskeak aurkeztu ditue. Azkenean, zuzenketa-eske transakzional batek Batzordearen aldeko eretxia lortu dau. Bertan, indarkeria matxistaren eta emakumeek jasan daikiezan jazarpenen eta eraso sexualen kontra inplikau daitela eskatzen jako Aldundiko Garraio Sailari, Bizkaiabusen gaueko lineatan, halan eskatu ezkero autobusa geratu egingo dan “eskariaren araberako” geralekuak edo “puntu seguruak” ezarteko aukerea aztertuz.

Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritzea daukien sei talde politikoen arteko adostasuna Arauz Besteko hirugarren Proposamenera be heldu da. Oraingo honetan Talde Popularraren ekimena izan da, eta horrek be Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eskea jaso dau, eta Bizkaibuseko erabiltzaileek euren eskubideen eta betebeharren ganean daukien ezagutzaren ingurukoa izan da. Proposamenaren jatorria, zerbitzu horretako beharginek orain denpora gitxi jasan dituen indarkeria edo irain kasuetan oinarritu da, eta aho batez onetsi dan idazketan eskaria egiten jako Garraio Sailari, “Bizkaibuseko erabiltzaileek daukiezan eskubideak eta eskatu ahal jakezan eta betebeharrak zabaltzeko eta ezagutzeko” formula onenak aztertu daizan.

BILBAO BIZKAIA CARD TXARTELA

Adostasun gitxiago lortu dau Zigor Isuskiza batzordekideak Bilbao Bizkaia Card turismo txartelaren gainean Vicente Reyes Garraio Foru Diputatuari egin deutson erantzun-eskeak. EH Bilduren ordezkariak errugbi finalak dirala eta egin dan txartel horren edizino bereziaren, Metroa, trena eta tranbia erabilteko ustez prestau izanaren eta erabilera intermodal hori Bizkaian garraio publikoa egunero erabilten daben personei ez apliketearen zergaitiaren gainean galdetu deutso Aldundiko arduradunari.

Vicente Reyesek guzurtau egin dau Bilbao Bizkaia Card txartelak tarifa laua edo dobakotasuna daukanik garraio aldaketetan, eta, esan dauenez, aurretik ordaindu beharreko ohiko txartela baino ez da, errugbiari buruzko motiboakaz apainduta dagon arren, baina ez dau ezelango aldaketarik izan erabilteko baldintzetan edo kostuan. Ondoren egon diran erantzunetan eta kontra-erantzunetan, Isuskizak eta Reyesek Garraio Foru Sailaren lehentasunen gainean polemizau dabe, eta eztabaidea eguneko gai zerrendako beste puntu batzuetara be zabaldu da, EH Bilduk behin eta barriro aurkeztu gura izan dauelako bere batzordekidearen kexea, bere planteamentuari azken argumentua ezin izan deutsolako gehitu. Batzordearen presidenteak be behin eta barriro ukatu dau, bere eretxiz araudiaren kontrakoa zalako.

APARKABISAKO EKINTZAK ETA PROIEKTUAK

Gaur goizean egin dan Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordearen saioa Vicente Reyes beraren eta Javier Seoane Aparkabisako zuzendari nagusiaren agerraldiagaz osatu da, Aldundiaren esku dagon eta Bizkaiko Lurralde Historikoko ibilgailu astunentzako merkantzia eta aparkaleku zentral integralen sustapenean, prestaketan eta ustiapenean behar egiten dauen merkataritza soziedadeak azken aldian gauzatu dituan jarduketen eta aurreikusten dituan planen barri emoteko. Agerraldi hori Talde Mistoak eta EH Bilduk eskatu dabe batera.

Reyesek eta Seoanek soziedadearen panoramika zehaztua eskini dabe. Trapagan eta Zierbenan dituan egoitzetan, 312.000 metro karratu aparkaleku eta bulego kudeatzen ditu, Estadu osoan merkantzia arriskuetarako gaituta dagozan aparkaleku bietako bat barru dala. Aparkabisako arduradun nagusiak, gastuaren murrizketan, diru-sarreren igoeran, lantaldeari eustean eta kudeaketa gardenean oinarrituta dagon 2016-2019 kudeaketa plana azaldu dau, eta bertan, energiaren aurrezpenean izandako lorpenak azpimarratu ditu. Etorkizunari begira, Scania enpresak Trapagan dituan tailerren handitze posiblea azpimarratu dau Seoanek, eta Vicente Reyesek guzurtau egin dau Aparkabisa, orokorrean, handitzeko azterlanik dagonik.