SOPUERTAK ADINBAKOEN ZENTROAREN EDEGIEREA GELDITZEA ESKATU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Enkarterriko herritarrak Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordera etorri dira, euren eretxiz euren udalerriak ez ditualako beteten 14 eta 18 urte bitarteko 30 nerabe arteko zentroa hartzeko baldintzak.

 

(Bilbon, 2024ko martiaren 25ean). Sopuertako bizilagunak Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordera etorri dira gaur, Foru Aldundiak Enkarterriko udalerriko Quintana Jauregian adinbakoentzako zentroa edegiteko dauen asmoagaz ados ez dagozala adierazoteko. Herritarren plataforma bateko bozeroale lez jardun dan Sergio Fernández Uriarteren eretxiz, ez Sopuertak, ez diseinautako zentro motak, ez Aldundiaren baliabidea kudeatzeko aukeratutako enpresak, “ez ditue integrazinoa eta baliabideen eta aukeren bardintasuna bermatzeko gitxieneko baldintzak beteten”. 

Euren berbetan, bertaratu diranak Sopuertako herri “osoaren” izenean etorri dira Bizkaiko Batzar Nagusietara. “Arduratuta eta haserre” agertu dira, foru erakundeak berak adierazo dauenez, gehienez 30 adinbakori arretea emongo deutsen zentroa edegiteko Aldundiak erabagia hartu dauen modu “opaku eta ez parte-hartzailearengaitik”. “Ez da eztabaida edo akordiorik egon auzokideakaz”, deitoratu dau Fernándezek.

Sopuertako bizilagunek uste dabe euren udalerriak ez dituala baldintza egokiak “familia erreferenterik bako” 14 eta 18 urte bitarteko adinbakoak biziko diran holango zentroa bertan egoteko. Euren eretxiz udalerriak garraio publikoan, osasunean edo hezkuntzan dituan hutsuneak ekarri ditue gogora. Batzar Nagusietako taldeen aurrean egin daben agerraldian, Aldundiak zati batean prestau dauen eta Sopuerta “zaurgarritasun ertaineko eta handiko udalerri” izendatzen dauen 2020-2023 Eskualdeko Plan Estrategikoa bera erabili dabe.

Sopuertak “moeta guztietako gabeziak ditu”, azaldu dau Fernándezek. Herri “sakabanatua eta oso zabala” da, 2.729 bizilagun bizi dira bertan, eta ez dau ez Udaltzaingorik, ez Ertzaintzarik, ez osasun-larrialdietarako zerbitzurik edo anbulantziarik. Osasun zerbitzu “eskasa” dau eta bere zerbitzu medikoa “gainezka” dago. Ganera, garraio publikoa be “eskasa” da, lanegunetan Bilborako zerbitzuak “hiru” baino ez dira eta.

Eskasia horreez gain, Sopuertako bizilagunak kexu agertu dira, Sopuertan errepikau egin gura dalako eskualdeko beste udalerri batzuetan, Karrantzan, adibidez, eta Bizkaiko beste leku batzuetan, Urduñan edo Zornotzan, besteak beste, porrot egin dauen eredua. Arartekoak berak 2018an eta 2021ean salatu eban holango zentroetan egoan “masifikazinoa” eta benetako integrazino-prozesua gauzatzeko arazoak. Fernándezen berbetan, Aldundiak Sopuerta aukeratu dau, “eraikin bat daukalako eta hauteskundeetan desgaste gitxi ekarriko dauelako”.

Foru baliabidea kudeatuko dauen enpresa be ez da Sopuertako bizilagunen gustukoa. “Emoten dau ez daukala esperientziarik” holango kolektiboakaz. Administrazinoaren “beharrak detektetako adi” dagoan erakundea da, zerbitzuak Ad hoc jarteko martxan. Hori dala-eta, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako batzordean, aukeratutako zentro-ereduari buruz eta eredu horren ardura hartuko daben personen profilari eta kalifikazinoari buruz be galdetu dabe.

Amaitzeko, ukatu egin dabe Sopuerta jarrera “xenofobo edo arrazistak” dituan herria danik, eta balorazino hori modu “interesauan” egiten ari dala esan dabe. Herriko biztanleen % 7 migratzailea da, “harrera lurraldea” izan da atzerritarrentzat. “Adinbakoek harrerarik onena izango dabe”, bermatu dau Juan Carlos Romero Leonek, eta argi itxi dau herritarrak “adi egongo dirala” Aldundiak eskubideak eta betebeharrak beteten dituala zaintzeko, “ikusi barik sinistea eskatzen dauskuen arren”.

Badirudi Aldundiak erabagia hartuta daukala. Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak joan dan martiaren 18an Bizkaiko Batzar Nagusietan egin eban agerraldian azaldu ebanez, Sopuertako zentroak “aparteko” izaera izango dau azken hilebeteetan adinbakoen foru sarean “tentsinonamendua” eragiten ari diran migrazino fluxuen igoerearen aurrean. Aldundiko arduradunak Sopuertako zentroa “emantzipetako prestetako” zentro lez definidu eban. Bizikidetzarako gunea izango da, “9 eta 30 plaza arteko edukierea daukien, eta une oro hezitzaileak dagozan alkarbizitza-guneak dira”, zehaztu eban.