TARRAGONAKO UR PARTZUERGOKO AGINTARI NAGUSIEK GERNIKAKO BATZAR ETXEA BISITAU DABE

  • Erakunde horretako arduradunek eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko zuzendaritzak Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariaren harrerea jaso dabe gaur goizean.

 

 (Gernikan, 2023ko zezeilaren 28an). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP) konbidauta lurraldean bisitan dagozan Tarragonako Ur Partzuergoko arduradun nagusiak hartu ditu gaur goizean Gernikako Batzar Etxean. Bisitea operadore biek gauzatzen dituen aliantza instituzionalen barruan dago. Operadore bien zeregina uraren hornidurea eta saneamentua da, bakotxaren kudeaketa-eremuan.

Tarragonako Ur Partzuergoko ordezkaritzea Joan Alginet Aliau Presidenteak, Josep Xavier Pujol Mestre Zuzendari Kudeatzaileak eta Jesús Martín García Zuzendari ekonomiko eta juridikoak osotu dabe, eta Kepa Odriozola, Pedro Barreiro eta Koldo Urkullu BBUPko Presidentea, Gerentea eta Ustiapen eta Aktiboen Kudeaketa eta Ustiapeneko Zuzendaria, hurrenez hurren, etorri dira eurekaz.

Bisitariek, Batzar Nagusietako Lehendakariagaz batera, Gernikako Batzar Etxeko egonleku nagusiak bisitau ditue, Leiarpeko Aretoa, Osokoen Aretoa edo liburutegia. Etxearen barrualdea ezagutu aurretik,  Arbola Zaharraren eta Gernikako Arbolaren aurrean argazkiak atera ditue.

Beste behin be, Bizkaiko Batzar Nagusiek beste leku batzuetako erakunde-, gizarte- edo politika-ordezkaritzen interesa biztu dabe, historikoki izan dauen garrantziagaitik eta Euskal Herriaren sinbolo unibersalenetakoa dagoalako bertan, bertako jentearen bake, demokrazia eta askatasun nahiak irudikatzen dituan Gernikako Arbolea.