ADMINISTRAZINOAK MOLINOS VASCOS ERAIKINA “EROSTEAREN EDO DESJABETZEAREN” KONTRA AGERTU DIRA BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK

  • EH Bilduk arauz besteko proposamen batean planteau dau aukera hori, baina Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ezezkoa emon dabe, jabetza pribaduak “daborduko” aurkeztu dauelako Aldundiaren “oneretxia” dauen “sendotze” proiektua.
     
  • Bizkaiko Batzarretako Euskera, Kultura eta Kiroleko batzordeak onetsi egin dau Aldundiak eskaria egitea Gobernu zentralari, Abanto-Zierbenako “Peñusco Mendiola” meategiaren korta/tailer zaharra dagoan partzelea lagateko, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan sartzeko.


(Bilbon, 2023ko martiaren 16an). Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu gaur, Euskera, Kultura eta Kiroleko batzordean, EH Bilduk aurkeztuta Grandes Molinos Vascos eraikina “erosteko edo desjabetzeko” aukerea planteetan dauen arauz besteko proposamena, eraikina “egoera txarrean” eta “abandonauta” dagoalako. Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa jaso dauen ekimena ez da onartu, foru Gobernua eusten daben talde nagusi biek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, kontrako botoa emon dabelako. Talde Berezia-PP Bizkaia abstenidu egin da. 

Koalizino abertzaleak Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak osatutako lan mahai batek aukera hori kontuan hartzea planteau dau, birgaitze prozesua bizkortzeko asmoz. Izan be, “urte bi igaro dira jabetzari proiektu bat aurkezteko eskatu jakonetik”, adierazo dau Zigor Isuskiza koalizino abertzaleko batzordekideak. Bere taldeak egin dauen planteamentua Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak oinarritzen dau, aukera hori eskaintzen daualako “kontserbazinoa bermatzeko, zaharbarritzeko eta balioesteko, daukan balio historiko-monumentalaren eta arkitektonikoaren eta legezko babes mailaren araberako erabilera daualako”. Eusko Jaurlaritzak, 2009az geroztik, Kultura Ondasun lez sailkatuta dau monumentu gisa.

Oposizinoko ganerako taldeek be “beharrezkotzat” jo dabe eraikina sendotzeko esku-hartze bat egitea, “pasetan dan aste bakotxean egoerea konplikau egiten dalako”, Esther Martínez popularrak egiaztau dauenez. Talde Berezia-PP Bizkaiako batzordekideak jabegoagaz daukan jarrera “onberea” aurpegiratu deutso Aldundiari, epeak behin baino gehiagotan luzatu ditualako, birgaitze proiektua aurkeztu daian hainbat errekerimenduren bitartez. Estalgian jardutea “preminazkoa” da.

Elkarrekin Bizkaiak bat egin dau kritika horreekaz, azkenengo urteetan Aldundiaren jarrerea “epela” izan dala eta konponbiderako epea luzatu dauela esanez. Ganera, zuzenketa-eske baten bitartez, auzokideen eta industria ondarean adituak diran erakundeen erespidea kontuan hartzea eta EH Bilduren ekimenean egiturazko elementuak zein egiturazkoak ez diranak babesteko “beren beregiko” erreferentzia gehitzea eskatu dabe.


AURKEZTUTAKO “SENDOTZE” PROIEKTUA

Gobernua eusten daben Batzar Nagusietako talde biak “funtsean” bat etorri dira ganerako taldeakaz, hau da, “garai bat markau” eban eta balio historiko, arkitektoniko eta kulturalakaitik Administrazinoaren babesa merezi dauen eraikin berezia babestu egin behar dala esatean. Ehun urteko urun-fabrika zaharra berreskuratzeak “Bilboko Zorrotza auzoa birsortzeko balio daike”, esan dau Jesús Ortiz sozialistak. Baina hori gertatu daiten, Euskal Sozialistak taldeko batzordekideak “Administrazino prozesuak errespetetako” eskatu deutse ganerako taldeei, daborduko badagoalako jabetzaren proiektu bat bertan esku hartzeko. Orain, helburua Aldundiak haren garapena zaintzea eta “aurrerago” eraikinaren erabilerei buruz eztabaidatzea da.

Holan, Mikel Bagan jeltzaleak “indarrean dagoan legezko prozesuari jarraitzeko” eskatu deutse Batzar Nagusiei, jabetzak “eraikina sendotzeko proiektua” aurkeztu dauelako eta proiektu horrek “Aldundiaren Ondare Zerbitzuaren abala jaso dauelako”. Horregaitik, ez dau ikusten “egokiena danik” orain erakundeetatik eraikina erosteko edo desjabetzeko eskatzea.

Batzordean zehaztasunik bako proiektu bat eukiteagaitik gobernukide biek erakutsi daben “baikortasunaren” aurrean EH Bilduko ordezkariek “ezkortasuna” erakutsi dabe. “Guk be legezkotasunari buruz egiten dogu berba”, izan be, “badagoz legezko mekanismoak” eraikina desjabetzeko. “Premisa desbardin bitatik abietan gara”, erantzun dau Isuskizak.

Azkenean, koalizino abertzaleak ez dau onartu sozialistek eta jeltzaleek planteau daben zuzenketa-eskea. Bertan, eskaria egiten jakon Foru Gobernuari, proiektua Herri Administrazinoen Koordinazino Batzordean aurkeztu daian erakunde eskudunek aztertu eta bide-orri bat ezarri ahal izan deien, balio historiko, monumental eta arkitektonikoagaz eta legezko babes-maileagaz bat etorriko dan erabilereari jagokon kontserbazinoa, zaharbarritzea eta balioa emotea bermatzeko.


MEATZARITZA MUSEOA HANDITZEA

Beste gai bati jagokonez, Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen bat, Aldundiak eskaria egin deion Ogasun eta Funtzino Publikoko Ministerioari Abanto-Zierbenako “Peñusco Mendiola” meategiko antxinako “korta/tailerra”, gaur egun ABRA (SEPIDES) enpresa parkearen jabetzapean dagoana, Euskadiko Meatzaritzaren Museoari lagateko, “burutzen dauen Bizkaiko ondare kulturalaren zaintza eta zabalkunderako proiektuan sartzeko”. Talde morearen ekimena babestu arren, Batzar Nagusietako ganerako taldeek, lur horreek Aldundiak eskatu behar izatea aurpegiratu deutsie talde moreari, Elkarrekin Bizkaia Madrilgo Gobernuko parte danean.

 
PISAKETAK KONTAKTUKO EMAKUMEZKOEN KIROLETAN

Bukatzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamen bat, Aldundiak kontaktuko kiroletako kirol federazinoei lehiaketetako pisaketetan genero ikuspegia kontuan hartzea eskatu deien, kategorien tartea zabalduz “emakumeak hilekoan dagozan kasuetan erispide fisiologikoen arabera”. Prozesu fisiologiko horrek pisu-igoera puntualak eragiten ditu, eta horrek beste kategoria batera igarotea eragin daike. Beraz, ez litzateke “baldintza berberetan” parte hartuko. Héctor Fernández batzordekideak abagune hori gai horretan adituak direnek gainbegiratzea eskatu dau.

Ekimena EH Bildu eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeek babestu dabe, baina sozialistek eta jeltzaleek ez dabe onartu. Foru Gobernua eusten daben taldeek adierazo dabenez, neurri hori “ez da beharrezkoa”, federazinoek gai hori “arautu” dabela egiaztau dabelako. Egoeraren bat gertatu danean, “badago jarduteko protokolo bat”, esan dau Mikel Bagan jeltzaleak. Federazinoaren soluzino horrek iradokitzen dauenez, larregizko pisua “kilo erdi baino gehiagokoa ez danean” burrukatu egiten da. Aparteko pisu hori gainditzen bada, “eten egin ohi da”, kirolariaren egoerea normalizau arte.