BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK WEBGUNEA BARRITU DABE, GARDENTASUNA ETA IRISGARRITASUNA HOBETZEKO

  • Diseinu barria garbiagoa eta intuitiboagoa da, eta aurrekoaren informazino guztia eta edozein gailu digitaletara egokitu ahal izateko funtzionalidade barriak barru hartzen ditu.

 

(Bilbon, 2022ko bagilaren 21ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek daborduko jarri dabe martxan euren webgune barria (www.jjggbizkaia.eus), erakundearen gardentasuna eta herritarren eta euren jardueran interesa daukien guztien irisgarritasuna sendotzeko helburuagaz. Tresna barri horri esker, bere posizionamendu digitala hartzaile objektibo guztientzat eguneratu ahal izango dau, eta, holan, parlamentu-arloko erreferentziazko erakunde moduan dauen erakunde-irudia irudi digitalagaz lerrokatuko dau.

Gunearen domeinua ez da aldatuko, baina bai bere itxurea. Diseinu garbiagoaren eta intuitiboagoaren bidez, Bizkaiko herritarrek Foru parlamentuaren jarduera historiko guztia aurkitzeko gunea izango dabe, baita legealdiak aurrera egin ahala txertatuko diran euki barriak be.

Webgune barria hainbat erespide kontuan hartuta diseinau da, erabilgarritasunetik eukiaren optimizazinora, gaur egun ezinbestekotzat joten diran elementuetatik igaroz, horreen artean, “responsive” webgunea izatea, hau da, gailu guztietan erabilteko modukoa: tabletak, smartphoneak, ordenagailuak, etab. Bisitariaren ikuspegitik, nabegazino intuitiboa ahalbidetzen dau eta, batez be, erabiltzaile bakotxarentzat interesgarria dan informazinoa arin aurkitzea errazten dau.

Webgunea atal handien inguruan egituratzen da: Erakunde-jarduerea, Ondarea, Gardentasunaren Ataria, Herritarren Ataria, Bardintasuna, Gaurkotasun politikoa eta kulturala daben albisteak, Bisitak Gernikako Batzar Etxera, Kontratazino Publikoa, batzordeen eta osoko batzarren zuzeneko emonaldiak... Atal horreek aurreko webgunean be baegozan, eta laster beste euki berezi batzuk gehituko jakez, horreen artean, munduan zehar banatu diran 400 “Gernikako Arbola” baino gehiago hazten diran lekuak ezagutzea, edo “Artea Batzar Nagusietan” izenagaz parlamentuaren egoitza desbardinetako (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) artelanik esanguratsuenak barru hartuko dituan kultur ibilaldi interaktiboa egiteko aukerea.

Plataforma barria martxan jartearen helburua, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariaren berbetan, “gizarteari leku komuna zabaltzea da, gure eginkizun nagusiagaz, hau da, foru-arauak onartzea eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarduera kontroletea, zerikusia dauen guztia eskura izan daian, gure egoitza historikoak manteniduteagaz eta zabaltzeagaz lotutako alderdi kulturalago hori ahaztu barik”.

Lotutako artxiboak: