BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU EH BILDUK URDAIBAIKO GUGGENHEIMEKO HITZARMENAREN EUKIARI EGINDAKO “OPOSIZINOKO PROPOSAMENA”
- Aldundiak eta Espainiako Gobernuak sinatutako hitzarmenak 40 milioi euroko diru-laguntzea jasoten dau Trantsizino Ekologikoko Ministerioaren aurrekontuetan, inguru horretan “ingurumen arloko” jarduketak gauzatzeko.
- Aldundiak Ermuko Mendebaldeko Saihesbidearen fase biak gauzatzeko gitxi gorabeherako kronogramea eskaini dau Azpiegituretarako batzordean.
(Bilbon, 2023ko azaroaren 13an). Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu gaur Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako batzordean Urdaibain ingurumen arloko hainbat jarduketa aurrera eroateko Gobernu zentralak eta Foru Aldundiak sinatu daben hitzarmenaren aurrean EH Bilduk aurkeztutako “oposizinoko proposamena”. Ekimena ez da onartu, Bizkaiko Batzar Nagusietan gehiengoa daukien Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabelako. Koalizino abertzalearen proposamenak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldearen aldeko botoa jaso dau, eta Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin da.
EH Bilduk hitzarmenaren ganean oraindino egin ez dan eztabaidea Batzar Nagusietara ekarteko geratzen jakon “aukera bakarra” zalako aurkeztu dau proposamena, Idoia Buruaga batzordekideak justifikau dauenez. Koalizino abertzaleak hitzarmen hori onartzeko “moduak” kritikau ditu, “eskualdearen beharretara egokitzen ez dan” proiektua jasoten dauelako. Urdaibaiko Guggenheimen inguruan “erabateko informazino faltea” dago eta, horregaitik, hitzarmen hori “mahai ganean ixtea” eskatu dabe, jagokozan txosten juridiko eta tekniko guztiakaz “sakon eztabaidatzeko eta aztertzeko”. Ekimena atzera bota ostean, Buruagak “idatzizko txosten juridikoa” eskatu dau, uste dauelako hitzarmenaren prozedurea eta berrespena ez dirala ondo egin Batzar Nagusietan.
Foru Gobernua eusten daben talde bien eretxiz, ez dago errazoirik Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gobernu zentralak sinatu eben eta Trantsizino Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak, aurtengo Estaduko Aurrekontu Orokorretan oinarrituta, Urdaibaiko Guggenheim Museoa modu ez jarraituan handitzeagaz erlazionautako lanak egiteko 40 milioi euro transferiduteko konpromisoa erakusten dauen testuaren kontra egiteko.
Erakunde biek sinatutako hitzarmenean zehazten danez, lanak egiteko epea 6 urtekoa izango da, sinatzen dan egunetik zenbatzen hasita. Diru-laguntzea sartzearen errazoia “ingurumen arloko neurriak” ezartea eta eztabaida prozesurako epe luzea izatea da. José Alberto Álvarez Castrejón sozialistaren eretxiz “deigarria” da erakunde biek “ekosistemak arriskuan jarriko dituen” neurriak hartuko dituela “susmatzea”.
Irene Edesa jeltzaleak berretsi dauenez, Ministerioak ingurumen arloko jarduketak baino ez ditu bultzatuko. Edozelan be, proiektuak aurretiazko garapen fasea izango dau, eta denporea egongo da erakundeek, alderdi politikoek eta herritarrek euren eretxia emon daien. Adibidez, une honetan izapidetzen ari dan Gernika-Markinako Lurralde Plan Parzialaren garapena baliauko da. Bertan aurretiazko kontsultak eta herritarrek parte hartzeko prozesuak edegiko dira, koalizino abertzaleak faltan botetan eban gauzea, hain zuzen be. “Hitzarmenaren kontra egotea eskualdearentzat oso garrantzitsuak diran neurri positiboen kontra egotea da”, adierazo dau Euzko Abertzaleak taldeko batzarkideak.
Hitzarmenean mobikortasun jasangarriko ereduak sartzea ezarten da, bidegorri barriak, bizikletentzako aparkalekuak eta oinezkoentzako bidezidor barriak, besteak beste, finantzauz. Horrez gain, akordioan, lurzoruen deskontaminazinorako –63.570 metro koadro baino gehiago–, Urdaibaiko itsasadarraren fluxu naturala lehengoratzeko, Muruetako eta Daliako partzelak, berdeguneak eta lorategiak egokitzeko eta paisaia integretako eta birnaturalizetako jarduketak diruz laguntzea jasoten da.
ERMUKO MENDEBALDEKO SAIHESBIDEA
Beste alde batetik, Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua Bizkaiko Talde Popularrak eskatuta etorri da batzordera, talde horrek preminaz eskatu eutsalako Ermuko Mendebaldeko Saihesbidearen fase biak gauzatzen lagunduko daben jarduketa guztien kronograma “osoa” eta finantzaketea azaltzea.
Urtiako 1. Faseari jagokonez, Aldundiko arduradunak adierazo dau daborduko 17 hilebete igaro dirala eraikuntza proiektuaren idazketea bukatzeko aurreikusita egozan 32 hilebeteetatik. Oraingoz, 18,7 milioi eurotan aurreikusitako lana “2025. urtearen amaieran” hasi daiteke, eta horrek “2028. urtearen hasieran” inauguretako bidea emongo leuke.
Goitondoko edo Mallumendiko 2. faseari jagokonez, Pradalesek jakinarazo dau Interbiakek “gaur” emongo deutsola amaierea, hain zuzen be, enpresek hasierako proiektuari eskaintzak aurkezteko epeari. Esleipena egin ostean, 36 hilebeteko epea egongo da behin betiko proiektua idazteko eta, beraz, lanak ez litzatekez “2027. urtearen amaierara edo 2028. urtearen hasierara arte” hasiko. 53,1 milioi euroko inbertsinoa aurreikusten da, eta, horren ostean, “2030eko udaren ostean” edegi ahal izango da azken fase hori.
Oposizinoak barriro eskatu dau epeak laburtzea. “Legez posible dan beste” laburtzeko prest dagoala zehaztu dau Pradalesek, aurtengo martiaren 31n Bizkaiko Batzar Nagusietan onartu zan arauz besteko proposamenagaz bat etorrita. Orduan, PPko ordezkaria ez egoanez, ezin izan zan onartu epe horreek laburtzearen aldeko ekimena, eta hori ekarri dabe gogora oposizinoko ganerako taldeek eta Euskal Sozialistak taldeak, garai haretan Ermuko bide konponbidea lehenago bukatzearen alde agertu zan gobernukideak.