BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ‘MEDIATEKA’ BARRIA IPINI DABE MARTXAN, KOMUNIKABIDEEN INFORMAZINO-LANA ERRAZTEKO ETA ERAKUNDEA HERRITARRENGANA GEHIAGO ZABALTZEKO
- Bizkaiko Batzar Nagusien web atariak, bideoa, audioa eta osokoen eta batzordeen transkripzinoak zuzenean edo amaitu eta segiduan deskargetako aukerea emoten dauen multimedia gunea gehitu dau.
- Hobekuntza horregaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek erakundea Bizkaiko gizartearengana hurreratzeko eta herritar informauak sustatzeko konpromisoa baieztatzen dabe barriro.
(Bilbon, 2026ko urriaren 2an.) Bizkaiko Batzar Nagusiek martxan jarri dabe euren webgune instituzionaleko Mediateka atal barria. Hobekuntza teknologiko hori gardentasuna sendotzeko, komunikazino instituzionala modernizetako eta erredakzinoen eta informazino-profesionalen eguneroko lana errazteko dago diseinauta, eta, horrez gan, erakundea herritar guztiei zabaltzen deutse, sarbidea librea dalako eta ez dauelako aurretiazko harpidetzarik behar.
Atariaren bidez (`mediateka.jjggbizkaia.eus`), komunikabideek eta internet daukan edozein herritarrek segiduan sarbide autonomoa euki leikie foru parlamentuan egindako saio guztien eukietara, bai osokoetara bai batzordeetara.
FUNTZIONALIDADE ETA ABANTAILA NAGUSIAK
- Ikus-entzunezko materialen deskargea: Saio bakotxa amaitu ostean, bideo-artxiboak (telebistarako eta komunikabide digitaletarako) eta audio-artxiboak (irratirako eta podcast-etarako) eskuragarri egongo dira deskargetako.
- Transkripzino osoak: Sarbide zuzena saioan zehar izandako esku-hartzeen testura eta transkripzinora, erredakzino-lana bizkortzeko. AAk sortutako transkripzino automatikoak dira.
- Dokumentazino osagarria: Saio bakotxak eguneko gai zerrendearen informazinoa, deialdiak eta lotutako dokumentuak PDF formatuan batzen ditu.
- Hizlari eta organoen araberako bilaketea: Plataformeak esku-hartze zehatzak hizlariaren, dataren edo organo parlamentarioaren arabera iragazteko eta kokatzeko aukerea emoten dau.
- Zuzeneko jarraipena eta artxibo historikoa: Zuzeneko emisinoaz gan, Mediatekak osokoen eta batzordeen saioen errepositorio historikoa gordeko dau.
Mediateka martxan ipinita, Bizkaiko Batzar Nagusiek tresna arina eta zuzena jarri dabe prentsako profesionalen eskura, jarduera parlamentarioa amaitzen dan unean bertan brutoak, ahots-baliabideak eta testu ofizialak eskuratzeko.
AURRERAPAUSOA GARDENTASUNEAN ETA HERRITARRENGANAKO GERTUTASUNEAN
Kazetaritzako erredakzinoetarako dauen erabilgarritasun teknikoaz gan, Mediateka barriak funtsezko pausua dakar gardentasunaren, kontuak emotearen eta parlamentu irekiaren alorrean. Plataforma erabilgarri honi esker, Bizkaiko edozein herritarrek edo erakundek eztabaida parlamentarioak lehen eskutik jarraitu, Batzar Nagusietako taldeen esku-hartzeak barrikusi eta dokumentu ofizialak kontsultau leikez, bitartekaririk eta sarbide-oztoporik barik. Ekimen horregaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek erakundea Bizkaiko gizarteagana hurreratzeko eta herritar informauak sustatzeko konpromisoa baieztatzen dabe barriro.