BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK KULTUR ONDARE IZENTAUTAKO ERAIKIN PRIBADUAK JENTEARENTZAT ZABALDU AHAL IZATEKO ARAUDIA EGITEKO ESKATUKO DEUTSIE ALDUNDIARI

  • Batzar Nagusietako talde guztiak agintaldi hau “12 hilebetetan” ezarriko dauen ekimena babestearen alde agertu dira.
     
  • EH Bilduk erretirau egin dau gai horren inguruan sei hilebeteko epea ezarten eban arauz besteko proposamena; Foru Gobernua babesten daben taldeek ez dabe onartu, epe “eskasa” dalako.


(Bilbon, 2022ko zemendiaren 15ean). Batzar Nagusietako taldeak ahozko akordio batera heldu dira etorkizunean kultur ondare izentautako eraikin pribaduak jenteari zabaltzea ahalbidetuko dauen araudia egiteko konpromiso formala eskatzeko Aldundiari. Idea Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera, Kultura eta Kirolerako batzordeko kide guztiek marraztu dabe gaur, EH Bilduk gai horri buruz egindako arauz besteko proposamenaren eztabaidan. Azkenean EH Bilduk erretirau egin dau proposamena.

Koalizino abertzalearen ekimenaren helburua Bizkaiko parlamentuak Foru Aldundiari “6 hilebeteko epean” araudi bat gauzatu daiala eskatzea zan, herritarrek “Bizkaiko Kultur Ondare izentautako jaubetza pribaduko jauregi, torretxe eta eraikin historikoetara” bisitak egin ahal izan daiezan. Araudi hori egitea Aldundien eskumena da, eta Euskal Kultur Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 32. artikuluan ezarritako gaietako bat da.

Euskadin eraikin “asko” itxita egoten dira, eta “uste dogu herritarrei euren udalerrietako eraikin historikoak ezagutzeko aukerea emoteak eraikin horreen balioa nabarmentzea ekarriko leukela, baita herritarrenganako begirunea be”, defendidu dau Zigor Isuskiza koalizino abertzaleko batzarkideak. Frantziako adibidea jarri dau, bertan higiezin horreek “egun batzuetan” jentearentzat zabaldu behar dira-ta. Espainiako Estaduan be badago jurisprudentzia, “eta horretan interes orokorra lehenetsi da interes partikularraren ganetik”. Horixe da Rianxoko Castelao Etxearen kasua, gaineratu dau Elkarrekin Bizkaiako Hector Fernandezek.

Foru Gobernua eusten daben taldeek kultura eskura izatearen alde “lan egiten jarraitzeko” beharra partekatu dabe, ondarearen titulartasuna edozein dala be, “baina berme guztiakaz egin behar da”, eta proponidutako denpora “eskasa” da, Berta Campo batzordekide sozialistak erantzun dauenez. Bere eretxiz “ezinezkoa” da sei hilebetetan egitea.

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dituan Ondarearen inguruko Jardunaldien barruan, Mikel Bagan jeltzaleak gogorarazo dau bere taldea araudia onartzearen aldekoa dala, baina araudi horrek “higiezinaren tipologia, aniztasuna eta kasu bakotxaren berezitasunak” hartu behar dituala kontuan. Foru Aldundiaren eta berau babesten daben Batzar Nagusietako taldeen “konpromisoa” “gehienez hamabi hilebeteko epean egitea da”, proponidu dau.

Erantzun horren ostean, Isuskizak ekimena erretiretea eta epe barri hori barru hartuko dauen beste bat aurkeztea erabagi dau, baina aurretik kritikau egin dau gai hori zuzenketa-eskeen epean konpondu eitekeala, eta ez dala konpondu.


ZIGORRA GETXON UDALEKU ITXIAK ANTOLATU EBAZAN ENPRESEARI

Aldundiak zigorra jarriko deutso, garagarrilean, osasungarritasun-baldintzak ez beteteagaitik, Getxon antolatutako umeen udaleku bat ixteko foru-agindua bete behar izan eban Pinpoil Ocio enpresari. Elkarrekin Bizkaiaren erantzun-eskeei erantzunez, Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirolerako foru diputatuak jakinarazo dau bere saila zehapen-espedientea zabaltzen ari jakola enpresa horri. Enpresa horrek udalekuak egiteko beharrezko baimenak eskatu be ez ebazan egin.

Bilbaok baieztu dau bere sailak ez ebala kanpaleku horren barri izan Getxoko Udaltzaingoak horren barri emon arte. Instalazinoen egoerea egiaztetako ikuskapen-bisita egin ostean, “hurrengo egunean jarduerea ixteko agindua sinatu neban”, eta jagokon zehapen-txostenari ekin.

Bilbaok gurasoentzako “nasaitasun mezua” zabaldu gura izan dau; izan be, kasu hau “gertaera isolatua” da, eta “ohikoena” adinbakoentzako jolas-jarduerak antolatzen dituen erakundeek araudia betetea da. Foru arduradunak adierazo dauenez, ganera, bere sailaren jarrerea “proaktiboa” da jarduera horreek ikuskatzeko orduan, baina, kasu honetan, ez eukan kanpamentu horren barri. Edozelan be, Bilbaok, Gazteriaren Euskal Lege barriaren eukian oinarrituta, Kanpaleku eta Udalekuen araudia “eguneratzeko” konpromisoa hartu dau.