BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK DABORDUKO PLASTIKOA ETA HONDAKINAK ZABORTEGIAN IXTEA ZERGAPETZEN DITUEN ZERGAK ZEHAZTU DITUE BATZORDEAN

  • Plastiko berrerabilezinezko ontzien ganeko zerga berezia eta hondakinak zabortegietan ixtearen, erraustearen eta batera erraustearen ganeko zergea Bizkaiko zerga sisteman sartzeko Aldundiak egin dituan arau proiektuek emon deutsie hasierea gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Legealdi honetako ohiko batzordeetako eztabaideari.

 

(Bilbon, 2023ko irailaren 18an). Batzar Nagusietako EH Bildu taldeak eskatuta, 2023ko urtarrilaren 1etik plastiko berrerabilezinezko ontziak eta hondakinak baimendutako instalazinoetan ixtea daborduko zergapetzen ari diran zergen arauzko proiektuak azaldu ditu gaur Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean. Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatu andreak zerga bien aplikazinoak ekarriko dituan aldaketak azaldu deutsez Batzar Nagusietako taldeei. Aldaketa horreek Osokoan onartu eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean sartuko dira behin betiko Bizkaiko zerga sisteman. Alde batetik, Plastiko berrerabilezinezko ontzien ganeko zerga bereziari buruzko Foru Arauaren Proiektua, eta, bestetik, hondakinak zabortegietan ixtearen, erraustearen eta batera erraustearen gaineko Foru Arauaren Proiektua dira. 

Berrojalbizek ohartarazo dauenez, zerga biak kontzertazino barrikoak dira, eta Ekonomia Itunaren azkenengo barrikuspenean aurreikusitakoagaz bat etorrita, “Estaduak une bakotxean ezarritako arau substantibo eta formal berberen arabera” arautu behar dira. Orokorrean esanda, lehenengoak 0,45 euroko zerga-tasea ezarten dau kilogramoko plastiko berrerabilezinezko ontziak egiten, inportetan edo erosten dituen enpresentzat. Zerga hori Estadu osoan aplikauko da, Bizkaiak ez daukalako hori aldatzeko eskumenik.

Bigarren arau-proiektuan, zerga-karga batzuk ezarten dira, tratamentu-instalazino moetaren arabera: zabortegiak (hondakin ez-arriskutsuak, arriskutsuak edo geldoak…), errausketa-instalazinoak edo baterako errausketa-instalazinoak. Modu berean, instalazino horreetako bakotxerako zerga-tasea aldatu egingo da jasoten dan hondakin moetaren arabera. Plastikoaren ganeko zergan ez bezela, zerga honetan Bizkaiko Batzar Nagusiek karga-tasak handitzeko ahalmena izango dabe. Momentuz, gure inguruko Autonomia Erkidegoetakoen “antzekoak” aukeratu dira, prezioaren eraginez hondakinek lurraldeen artean bidaiatu ez daien, Berrojalbizek azaldu dauenez. Atal horretan, EH Bilduk iragarri dau tipo “altuagoak” defendiduko dituala zuzenketa-eske bitartez, Foru Gobernuak zergea “kasu bakar batean” igotea baino ez dauelako planteau, Arantza Sarasola batzordekidearen berbetan.

Batzar Nagusietan egin dauen lehenengo agerraldian, Ogasun eta Finantza diputatu barriak azaldu dauenez, Kongresuak onartutako Legeen transposizinoak diran foru arau proiektu biek, ingurumena babesteko euskal politikakaz eta Europako Batzordeak bultzatzen dauen zerga politika “berdeagaz” “lerrokatuta” dagozan zergak jasoten ditue. Zerga horreen “xedea ez da dirua biltzea”, ekoizleen zein kontsumitzaileen “jokabideak aldatzeko” tresnea izan gura dabe.

Ogasun eta Finantza diputatu andreak koalizino abertzaleari erantzun deutsonez, zerga bien kudeaketak ez dau bere saila behargin gehiago kontratatzera behartuko.