BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ARGI BERDEA EMON DEUTSIE BATZORDEAN IBILGAILU ASTUNEI ERABILERA-KANONA EZARTEKO ARAU-PROIEKTUARI

  • Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako batzordeak atzera bota dau Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak, Aldundiaren testua zuzendu dauen parlamentuko talde bakarrak, aurkeztutako osoko zuzenketa-eskea.
     
  • Arau-proiektuari esker, 3,5 tonatik gorako ibilgailuei erabilera-kanona kobrauko jake Bizkaiko bost errepide-tarte erabilteagaitik, eta orain osoko bilkurak onartu beharko dau.
     
  • Kanonaren zenbatekoa foru Dekretu bidez onartuko da.
     
  • Batzar Nagusietako taldeek Gipuzkoagaz akordioa sinatzea eskatu dabe, Deskargako bidesaria hileko gastu mugaren sisteman sartzeko.

(Bilbon, 2022ko bagilaren 27an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Batzordeak Foru Aldundiaren foru-arau proiektua onartu dau gaur batzordean, Bizkaiko Lurralde Historikoko bost errepide-tartetan merkantziak garraiatzeko 3,5 tonatik gorako ibilgailu astunei etorkizunean kanona ezarteko. Testu arauemoilea Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoakaz onartu da. EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia abstenitu egin dira. Eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak kontra bozkatu dau. 

Hurrengo osoko batzar batera helduko dan erespenak 15 artikulu eta 3 azken xedapen batzen ditu, eta, horregaz, ahalmen handiko Bizkaiko errepide-sarean “free-flow” kontrol-arkuen sistemea alde juridikotik egokitu gura da. Honeek dira tarteak: A-8 eta BI-10, Basurtutik Hagaraino; N-240 Barazarretik, Urgoititik Ubideko saihesbideraino; N-636, Durangotik Gipuzkoara (Kanpanzar); Txorierriko korridorea (BI-30 edo N-637 zaharra), Erletxe eta Arrontegi artean; eta BI-625, Laudiotik Basauriraino. Tarte horreek guztiek 101,7 kilometro beteten ditue.

Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak, proiektuari zuzenketak aurkeztu deutsazan talde bakarrak, Aldundiaren errepide politikea “benetako desastrea” dala salatu dau. Eduardo Andrade bozeroalearen berbetan, azkenengo “mugarri” negatiboa “justifikazino bako kanon justifikauezina” ezartea izan da, eta kexau egin da gaur egungo egoera ekonomikoan Aldundiak 60 milioi euro gastauko ditualako, eta garraioaren sektorea, barriro be, kostu operatiboen igoerea ari dala jasaten esan dau erregaiaren igoerea dala-eta. Ganerako taldeek baztertu egin ditue talde horrek aurkeztutako 12 zuzenketa-eskeak, horreetako bat osoko zuzenketa-eskea, abstenitu egin dan Elkarrekin Bizkaiak izan ezik.

Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk, arau-proiektuaren bozketan abstenitu diran taldeek, behin betiko testuak sektorearen eretxia kontuan hartzea eskatu dabe. Talde moreko Eva Cabornerok Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Saila akordioa lortzeko egiten ari dan alkarrizketea eta ahaleginak balioetsi ditu. Beste alde batetik, Raul Mendezek arauak “hobetzeko tartea” dauela azaldu dau, eta kanona “apurka-apurka” gauzatzea eta tarifak egoera ekonomikoagaz “bat etortea” eskatu dau, eta, aldi berean, “inplikautako alde guztiei” mesede egingo deutsen adostasuna lortzea. Aldi berean, EH Bilduko ordezkariak hobariak aztertzeko eta Eusko Jaurlaritzagaz merkantzien garraioaren sektorerako Renove Plana martxan jarteko eskatu dau.

Aldundia babesten daben Batzar Nagusietako taldeen lerroetatik nabarmendu dabenez, arau-proiektu horrek Europako zuzentarau batek ezarten dauen beharrizan bat beteten dau, hain zuzen be, ahalmen handiko errepide horreek neurri handi batean mantenidu behar dituenak erabilten dituenak izatea behartzen dauen zuzentarauagaz “lerrokatzea”, “hareek kontserbetako eta manteniduteko baliabide gehiago emonez”, azaldu dau Naia Landa Bilbao jeltzaleak.


AKORDIOA GIPUZKOAGAZ DESKARGARAKO

Beste alde batetik, batzordeak, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek aurkeztutako erdibideko zuzenketa-eske bat onartu dau. Talde Berezia-PP Bizkaia taldea abstenitu egin da. Zuzenketa-eske horren bitartez “gehienez be 6 hilebeteko epean”, Gipuzkoako Gobernuagaz batera lurralde arteko gastuaren mugaren eremua zabaltzeko aukerea aztertu daiala eskatu deutso Bizkaiko Foru Aldundiari. Holan, Gipuzkoak Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen eta Artxandako Tunelen erabilerea sartu ahal izango ditu, eta Bizkaiak Deskargako autobia esaten jakon A-636 autobidearena, “foru-aldundien titulartasuneko eta kudeaketako bidesariaren pean dagozan errepide-azpiegitura guztiak” be barru hartu ahal izateko.

Batzar Nagusietako taldeek azaldu dabenez, ekimen hori Bizkaiko egoiliar bik maiatzaren 6an Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordean egindako agerraldiak bultzatu dau. Herritar biek Gipuzkoako Goierrin lan egiten daben bizkaitar askok bizi daben diskriminazino-egoeran jarri eben arretea, urtarriletik Beasain eta Bergara arteko A-636 errepidearen bidesaria martxan jarteak eragindako gastu-igoerea jasaten dabelako. Biek ala biek Bizkaiko araudian diru-laguntzea ezartea eskatu eben, eguneroko joan-etorrien kostua handitzeak eragindako gastuen parte bat ordaintzeko.  Bidesarietan bakarrik gastu hori “ia bikoiztu egin da”, hilean 85 eurotik 171era, hainbat batzarkidek gogorarazo dabenez.


AZPIEGITURAK ETA INTERBIAK ERAKUNDEEN BALANTZEA

Modu berean, Azpiegiturak eta Interbiak erakundeetako arduradunak batzordean izan dira, EH Bilduk eskatuta, Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Sailaren esku dagozan enpresa horreen jarduerearen balantzea egiteko. Itziar Garamendi eta Mikel Iriondo Imanol Pradalesegaz egon dira. Azken horrek erakunde biak murgilduta dagozan proiektuetatik ibilbidea egin dau.

“Elkartegietatik” hasi eta gero, koalizino abertzalearen erantzun-eskeei erantzunez Pradalesek adierazo dau gaur egun Azpiegiturak erakundeak gauzatutako azpiegitura horreen industria-moduluek “% 67ko” okupazinoa daukiela, eta ehuneko hori “oso positibotzat eta egokitzat” jo dau.” 18 enpresa-azpiegitura dira, eta horreetan 275 bulego-modulu eta 151 industria-pabiloi sartzen dira. Diputatuak Zallako Elkartegiko lanak “2023ko udan” hastea aurreikusten dau. 2018. urteaz geroztik, “36 enpresa” gehiago finkatu dira gune horreetan, eta azkenengo 3 urteetan “1,3 milioi euro” inbertitu dira hobekuntzetan.

Gizarte arloko ekipamenduei jagokenez, Etxebarriko EtxeTIC zentroa “garagarrilaren 1ean” zabaltzea espero dau Azpiegiturak erakundeak. Ateak zabalduko dituan hurrengo zentroa Zalla izango da. Zentro horretako lanak “urrian” hasi eta “2023ko maiatzean” amaituko dira, Pradalesek baieztu dauenez. Etxaniz (Bilbo) –daborduko zabalik dago, eta “141 persona” baino gehiago artatzen ari da– eta Etxebarri eta Zallaren ostean, Basauri izango da aurrez aurreko zerbitzuak eta telematikoak konbinetan dituan laguntza-zentroaren eredu barria hartuko dauen hurrengo udalerria.

Nazioarteko Ekintzailetza Zentroko obrei buruzko itauna jaso ostean, Pradalesek esan dau proiektu horren lehen faseko lanak “ia” amaituta dagozala. Momentuz, Bizkaia torreko 6., 7., 8. eta 9. solairuak egokitzeko Ekonomia Sustatzeko Sailaren agindua bat jaso dauela.

Meaztegi Golfaren funtzionamentua eta etxebizitzaren foru parkea be aitatu ditu Pradalesek. Diputatua “oso pozik” agertu da golf zelai publikoaren parametro nagusiek 2019tik izan daben bilakaereagaz. Abonau kopuruak “% 28,2” egin dau gora, “850” kirolari izatera heldu arte. Urteerak “% 35,4” hazi dira, eta aurton “50.000 bat” urteera egotea espero da. Etxebizitza parkeari jagokonez, Azpiegiturak erakundeak “1.450 etxebizitza” sustatu ditu. Gaur egun, “174” Aldundiaren jaubetzakoak dira, eta horreetatik “23” errentan emon barik dagoz.

Banda zabala lurraldez lurralde hedatzeari jagokonez, eta apirilaren 15era arteko datuak kontuan hartuta, Azpiegiturak erakundeak aurreikusitako eremuen “% 25ean” amaitu dau ezarpena. 201 gunetan eta 1.224 ataritan banda zabala instalau da. “% 56” obra-fasean dago, “% 16” baimen ofizialak jasoteko fasean, eta “% 3,4” diseinu-fasean.

Beste alde batetik, Pradalesen eretxiz Bilboko metropoli-eraztunaren itxieran, azpiegituren barrikuntza teknologikoan eta bizikletaren eta bizikleta-bideen sustapenean, besteak beste, “paper garrantzitsua” jokatzen dauen Interbiak-ek ez dau “ezelango aldaketarik” izango finantzaketa-planetan, egoera “kaudimenduna eta saneaua” daukalako.

Barrikuntza nagusien artean, Pradalesek aitatu dau AP-68 autobidearen Bizkaiko tartea hileko gastu-mugaren sisteman sartu dala; sistema hori ezarri zanetik, “39,2 milioi euro” itzuli jakez lurraldeko gidariei.