BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ALDAKETA BARIK ONETSI DITUE EKONOMIA SUSTAPENERAKO ETA HERRI ADMINISTRAZIO ETA ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILETAKO AURREKONTUAK

  • Ogasun eta Finantzetako Batzordean gaur egin diran saio biak oposizinoaren 136 zuzenketa-eske parzial atzera botata itxi dira.

 

(Bilbon, 2022ko abenduaren 16an). 2023ko Bizkaiko Aurrekontuen aurrean aurkeztutako zuzenketa-eske parzialen eztabaidak bigarren jardunaldia izan dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordean. Atzo gertatu zan lez, Foru Gobernua eusten daben Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez ditue onartu oposizinoko hiru taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) erregistrau dituen zuzenketa-eske guztiak, kasu honetan Ekonomia Sustapenerako eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako sailen kontuen alderdiren bat aldatzeko. Datorren urtean, sail horreek 79,8 eta 94,1 milioi euro izango ditue, hurrenez hurren, abenduaren 28ko osokoak berretsi ostean. 

Ainara Basurkok zuzentzen dauen foru sailaren aurrekontua aldatzeko Batzar Nagusietako taldeek erregistrautako 85 zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko egin dan lehenengo saioan, Foru Gobernua eusten daben talde biek ez ditue onartu Talde Berezia-PP Bizkaiaren 36 zuzenketa-eskeak, Elkarrekin Bizkaiaren 32ak eta EH Bilduren 17ak, eta baiezkoa emon deutsee sailaren zazpi programei eta Beaz, Crowdfunding Bizkaia, Seed Capital eta Seed Capital Micro foru erakundeen kontuei. 2023rako Ekonomia Sustapenerako aurrekontua izan da arauzko proiektuan zuzenketa parzial gehien jaso dituana.

Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak aurkeztu dituan lau zuzenketa-eske parzialetatik batek Ekonomia Sustapena saileko programetako bat izan dau helburu. Planteau diran aldaketen artean, popularrek, ETE industrialei laguntzeko (2,5 milioi gehiago) eta enpresa txikien eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko (500.000 euro), digitalizazinorako (250.000 euro) edo nazinoartekotzeko (400.000 euro) eskatu daben aurrekontua indartzea azpimarratu behar da. Batzar Nagusietako talde horrek tokiko merkataritzan be jarri dau arretea, negozioen transmisinoa errazteko (500.000 euro), merkataritza tradizionala laguntzeko (300.000 euro gehiago), edo Bono Denda proiektua 150.000 eurotan handitzeko.

Horrez gain, Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak 500.000 euro gehiago planteau ditu Bizkaian energiaren sektorearen barrikuntzea bultzatzeko. Milioi bat gehiago eskatu dau ekonomia suspertzeko proiektuak sustatzeko, epe laburreko ekintzen bidez, merkataritzarako orientazino argiagaz. Eta beste milioi bat gehiago Bizkaiko eskualdeen artean dagozan aldeak apurka-apurka murriztea bilatzen daben programetarako. Popularrek, azkenengo krisien eragina gehien jasan daben Bizkaiko eskualdeetan demografiaren eta biztanleriaren beherakadea lehengoratzen lagunduko daben proiektu barrietarako aurrekontu zuzkidura handiagoa be eskatu dabe.

Elkarrekin Bizkaiak, bere aldetik, hainbat zuzenketa-eske parzial (32) aurkeztu ditue sail horren kontuen aurrean. Azpimarratzekoak dira Aldundiak daborduko konprometiduta dituan partida ekonomikoak murriztea eskatzen ebenak, Bizkaia Talent-erako ekarpenak, BEC, talenturako laguntzak STEM gaitasunetan, Ezkerraldeko parkearen eraikuntza, Crowfounding plataformak, Ekintzailetza Zentroa, bekak, Bizkaia42, NIC, edo turismoa sustatzeagaz lotutako hainbat partida kentzea, gastua errazionalizetako eta eskualdeko garapenera eta lurraldeko merkataritza txikira bideratzeko.

Hori konpentsetako, talde moreak proiektu barriak planteau ditu. Bat, milioi bat eurokoa, kooperatibei laguntzeko eta ekonomia sozialean eta solidarioan ekintzailetzea sustatzeko. Hiru milioiko beste funts bat, aginte publikoek eskualdeetarako estrategikoak diran enpresetan parte hartzeko, eta, holan, hareen errotzea bermatzeko. Eta EICren alternatiba lez, talde moreak 3.099.000 euro bideratu gura ebazan energia barriztagarrien ikerketarako eta garapenerako zentro bat sortzeko. Horrez gain, talde horrek, udalerriakaz batera, iraupen luzeko lanbakoentzat enpleo publikoko plan pilotu baterako 850.000 euro erreserbetea planteau dau.

EH Bilduk, bere aldetik, partiden murrizketea azpimarratu dau aurkeztu dituan zuzenketa-eske askotan: 4 milioi gitxiago BECentzat; 1.099.000 euro gitxiago EICrentzat; edo 3 milioi gitxiago Azpiegiturak erakundearentzat. Horrez gain, beste zenbateko ekonomiko batzuk kentzea planteau dau, Bilbao Metropoli 30era bideratutakoa adibidez, eta EUP plataformara zuzendutako esfortzua murriztea, saltokiak digitalizetako zuzeneko laguntzetara 335.214 euro bideratzeko. EH Bilduk, lan komunitarioko eta kooperatiboko gizarte enpresen sorrerea bultzatzeko 598.000 euroko funtsa sortzea planteau dau. Ganera, 725.000 euro estra eskatu ditu energiaren egoereak gehien kaltetu dituan sektore ekonomikoetako enpresentzat (merkataritzea, ostalaritzea edo garraioa), bai eta eskualdeen eta udalerrien garapenagaz erlazionautako beste laguntza batzuk be: 563.500 euro udalek turismoa sustatzeko edo udalerriei egiten jakezan transferentziak 2.914.000 euro handitzeko, hareen garapena indartzeko.

 

HERRI ADMINISTRAZIOA ETA ERAKUNDE HARREMANAK 

Modu berean, Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailaren aurrekontuen erespenak ez dau aldaketarik izango, oposizinoak 49 aldaketa planteetan ebazan arren (32 EH Bildurenak ziran; 12 Elkarrekin Bizkaiarenak; eta 6 Talde Berezia-PP Bizkaiarenak). Batzordeak argi berdea emon deutse Lantik, Zugaztel eta Biscaytik Fundazinoa foru erakundeen kontuei be.

Ekimen gehienak “beharrezkoak ez diran” partidak ezabatzeko planteau dira, “beste lehentasun batzuetara” bideratzeko. Holan, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak Aldundiko goi karguen gastuak eta publizidadearen eta propagandaren kostuak murriztea eskatu dabe. Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak aholkularitza juridikoaren gastuak erdira murriztea eta ibilgailuen parkea modernizatzera zuzendutako partidea be murriztea eskatu dau.

Beharginei jagokenez, EH Bilduk bere egin dau hainbat zuzendaritzatan 20 persona kontratetako LABen alegazinoa, eta 150.000 euro gehitu ditu Bizkaiko Foru Sektore Publiko osoko I. Kapitulua aztertzeko UPV/EHUgaz sinatu dan hitzarmenerako. Eta Elkarrekin Bizkaiak 5.650.000 eurotan zenbatu dau iraupen luzeko lanbakoak kontratetako plana, eta beste 350.000 eurotan kontratazino zentralagaz koordinauta lan egingo leuken zerbitzu publikoen kudeaketea aztertzeko unidade berezi bat martxan jartekoa. 

Aurton be, gastu informatikoak eta digitalizazinoaren aldeko apustua zuzenketa-eske askoren xede izan dira. EH Bildun beste behin be software librea sartzearen aldeko apustua egitea eskatu dau, lizentzia informatikoak ez ordaintzeko, eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak, Biskaytik Fundazinoaren aurrekontua 5,25 milioi euro murriztea planteau dau. 

Barritasunen artean, beste urteakaz alderatuta, Elkarrekin Bizkaiak 300.000 euroko zuzenketa-eskea sartu dau, Karrantzak bere saneamendu eta ur hornidura sarea hobetzeko lanak egin ahal izan daizan.