BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK AHO BATEZ ONARTU DABE METRO BILBAOKO BEZEROEI KONPENTSAZINOA EMOTEA GARAGARRILEAN DESKONTUAK EZ APLIKETEAGAITIK

  • Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeek sinatutako eta Batzar Nagusietako ganerako taldeek babestutako erdibideko zuzenketa-eskeak eskaria egiten deutso Aldundiari, Bizkaiko Garraio Partzuergoari eskatu deion, garagarrilaren 1etik 13ra bitartean “Metro Bilbaon % 50eko deskontua ez eukiteak eragindako ahalik eta persona gehienei konpentsetako neurri egokienak aztertu eta aplikau daizala”.
     
  • Gernikako Batzar Etxeak Legealdiko lehenengo ohiko osokoa hartu dau gaur goizean, eta bertan Berotegi Efektuko Gas Fluordunen ganeko Zergari buruzko Foru Arauaren aldaketea eta merkataritza elektronikoan iruzur fiskalaren kontra burrukatzeko BEZaren aldaketea onetsi ditu.
     
  • Osokoaren ostean egin dan kontroleko saioan, Elixabete Etxanoberen gobernu taldeari itaunak egin jakoz gai honeen inguruan: bero boladek mendekotasuna daukien personen egoitzetan eta zentroetan daukien eragina, etxebizitzaren alokairurako tratamendu fiskala, basoko jarduerak eragindako ezbehar kopurua, El Vivero zentroaren itxierea eta fortuna handien ganeko zergea.


(Gernikan, 2023ko irailaren 27an). Bizkaiko Batzar Nagusiek Agintaldiko lehenengo ohiko osokoa egin dabe gaur Gernikako Batzar Etxean, eta horren ostean foru Gobernua kontroletako saioa egin da. Bizkaiko Batzar Nagusien lehenengo erabagi garrantzitsuetakoa erdibideko zuzenketa-eskea aho batez onartzea izan da, Aldundiak Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP) eskatu deion, garagarrilaren 1etik 13ra bitartean, “Metro Bilbaon % 50eko deskontua ez eukiteak eragindako ahalik eta persona gehienei konpentsetako neurri egokienak aztertu eta aplikau daizala”. Testuak Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeen sinadurea eukan, baina Bizkaiko Talde Popularrak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak be aldeko botoa emon dabe. 

EH Bilduk ekarri dau gaia osokora, eta, Arauz Besteko Proposamenaren bitartez, “sobran kobrautako” zenbatekoa itzultzeko mekanismoa aktibau daiala eskatu deutso BGPri. 13 egunez, “akats administratibo baten ondorioz”, gogora ekarri dau Raúl Méndezek, BGPren beraren jakinarazpen bati erreferentzia eginez, Metro Bilbaoko % 50eko deskontua eraginik barik itxi eban. Akats horren ondorioak jasan dituen “milaka persona konpentsetea” eta Bizkaiko herritarrei lurraldeko garraio guztietan “tratu bardina bermatzea” da helburua.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek azaldu dabenez, testuaren aurrean zuzenketa-eskea aurkeztu dabe, aurretik gaiari aurre egiteko modurik egokienari buruzko azterketea egitea eskatu deion Aldundiak BGPri, talde biak EH Bildugaz bat etorri diralako metroaren bezeroentzat "ez zala egoera justua izan" esatean. Bukatzeko, Batzar Nagusietako hiru taldeak ados jarri dira, garraioaren kudeatzaileak ahalik eta “eragindako persona gehien konpentsetako” modua topau daian. Pablo Gómez-Guadalupe batzarkide popularrak ohartarazo dauenez, “hori ez da % 100ean bideragarria izango”. Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak zalantzan jarri dau itzulketak guztiengana heldu daitekezanik, egun horreetan Frantziako Tourra eta BBK Live ospatu ziralako.


ONARTUTAKO FORU DEKRETU ARAUEMOILEAK

Azkenean BGPri zuzendu jakon agindu hori onartu aurretik, osokoak zerga-izaerako Foru Dekretu Arauemoile bi balioztatu ditu. Horreetako batek –garagarrilaren 26ko 3/2023 FDAak– arauzko aldaketak sartzen ditu Bizkaiko zerga-sisteman, merkataritza elektronikoaren bidezko transakzinoetan BEZaren ordainketea kontroletako, iruzurrezko egoerei eta zerga-igesari aurre egiteko. Besteak, Berotegi Efektuko Gas Fluordunen ganeko Zergaren araua aldatzen dau. Europako eta Estaduko araudira egokitzea dakarten aldaketa biak kontrako botorik barik onartu dira. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek baiezkoa emon dabe, eta EH Bildu eta Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin dira.

Merkataritza elektronikoaren kontrola hobetzen dauen dekretua 2024ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, eta esku hartzen daben mugaz gaindiko ordainketen erregistro "behar besteko zehatzak" eukitera, eta informazino hori modu digitalean eta hiru hilean behin Zerga Administrazinoari emotera behartzen ditu online ordainketa zerbitzuen hornitzaileak. Informazino hori euren sistemetan hiru urtez gorde beharko dabe, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuak azaldu dauenez.

Gaur egun online egiten diran erosketa gehienetan, ordainketa-zerbitzu digitalen hornitzaileen bidez egiten dira ordainketak. Beraz, holango zerbitzuen hornitzaileek, ondasun eta zerbitzu horreen hartzaileak helbideratuta dagozan lekua identifiketako informazino ugari dabe, eta, hortaz, oso erabilgarria izan daike eragiketaren BEZa zein herrialdetan ordaindu behar dan zehazteko. Informazino hori “garrantzitsua” da iruzurrari aurre egiten laguntzeko.

Beste alde batetik, gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusiek onetsi daben bigarren Foru Dekretu Arauemoileak, foru araudia Estaduko eta Europako legerian Berotegi Efektuko Gas Fluordunen ganeko Zergan egindako aldaketetara egokitzea dakar, gas horreen "kontrol eraginkorra bermatzeko" eta zergadunen eta zerga-administrazinoen betebeharrak "sinplifiketako", dekretuak adierazoten dauenez. Aldaketa horreek 2022ko irailaren 1etik aurrerako atzeraeragina eukiko dabe.

Ondorioz, “sinplifikazino-maila handiagoa lortzeko, zergaren zerga-egitatea ez da gehiago konfigurauko azken kontsumitzailearentzako gas-salmenta edo -entrega lez, eta zuzenean kargetan hasiko dira zergaren eremu objektiboa osatzen daben gas fluordunen fabrikazinoa, inportazinoa, Europar Batasunaren barruko eskurapena edo eukite irregularra”, zehaztu dau Berrojalbizek

Oposizinoak, arauak jasoten dituan hainbat gairen balorazino "kritikoa" egin dau. Elkarrekin Bizkaiak tamalgarritzat jo dau berotegi efektuko gas horreen koefizienteak eta, ondorioz, fabrikazinoari eta erabilereari pizgarriak kentzeko gaitasuna bajau izana. EH Bilduren eretxiz, "onartuezina" da ekipo militarretarako salbuespenak egotea, eta ez osasun arloko erabilerako aerosolentzat, eta Ogasuneko plantillea handitzea eskatu dau, zerga hori kontroletako. Eta popularrek desadostasunak erakutsi ditue, erabilera farmazeutikoetarako salbuespenen inguruko aldi baterako bigarren puntuan aitatzen diran epeen aurrean, produktu batzuen garestitzea ekarriko dabelako, Ventolina adibidez.


KONTROLEKO OSOKOA

Foru Gobernu taldeak, XII. Agintaldiko lehenengo kontrol saioan sartu ziran bost gaiei aurre egin behar izan deutse gero. Holan, oposizinoko taldeek, bero-boladek mendekotasuna daukien personen egoitzetan eta zentroetan daukien eraginaren eta etxebizitzak alokatzeko tratamentu fiskalaren inguruan itaundu deutsie foru Gobernuari. Horrez gain, basoko jarduerak eragindako ezbeharren, El Vivero zentroaren itxierearen eta fortuna handiei zergea apliketearen ganean galdetu dabe.

EH Bilduko Izaskun Duquek, aniztasun funtzionala daben personentzako eta adinekoentzako egoitzetan eta zentroetan bero boladen aurrean protokolorik ete dauen galdetu deutso Aldundiari. Olatu horreek “ohikoagoak” izango dira etorkizunean, eta senideek gai horregaz daukien ezinegona erakutsi dabe, adierazo dauenez.

Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuaren erantzuna ez da talde horri berari “orain urtebete” eman jakon erantzunaren “desbardina izan”. Barriro aitatu dau bagiletik irailera bitartean egoitzetan aktibetan dan eta babeserako prebentzino neurriak jasoten dituan “Bero Plana”. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, Foru Ikuskaritzako Zerbitzuak ez dau aurton “ezelango urraketarik” aurkitu arlo horretan, eta, beraz, “ez dogu protokolo gehigarririk egiteko beharrik ikusten”. Duqueren eretxiz, gomendio eta ikuskapen horreek “ez dira nahikoak”, zentro bakotxeko plantillaren esku ixten dalako “gomendio” lez emoten diran neurri horreen aplikazinoa.

Zergei jagokenez, Elkarrekin Bizkaiak etxebizitza duina errazoizko prezioetan eskuratzeko zerga-neurriei buruz itaundu deutso Gobernuari, aurtengo maiatzean Estaduan indarrean sartu zan 12/2023 Legean jasoten diran zerga-pizgarri barriak aitatuz. Eta EH Bilduk, bere aldetik, ahozko erantzun-eskea egin dau, Fortuna Handiei Aldi Baterako Zergea Lurraldean zelan apliketan jaken jakiteko.
 
Etxebizitzen alokairua hobetzeko fiskalidadearen arloan, Ogasun eta Finantzetako diputatua, Eneritz de Madariagak bere Itaunean adierazo dauanaren “oso bestelako ondoriora” heldu da. Harek adierazo dauenez, ohiko etxebizitzarako erabilten dan etxebizitzearen errentamenduari emondako tratamentu fiskala erabilera turistikorako erabilten danari emoten jakona baino txarragoa da. Berrojalbiz datuakaz defendidu da. Lehenengo eta behin esan dau 2007tik PFEZaren aldaketeagaz Aldundiak alokairuko merkadu librean higiezin gehiago zirkulazinoan jartea bultzatu dauela. 2017-2021 aldian bakarrik alokairuan jarritako etxebizitzen kopurua “% 49” igon zan, eta “74.885 etxebizitza” izatera heldu zan. Aldi berean, “% 35 handitu da etxebizitza errentamendurako pizgarria apliketan daben PFEZko aitorpenen kopurua, eta gastu fiskala % 45 handitu da”.


2022ko abenduaren 28an lurralde komunerako onartutako Fortuna Handien ganeko Zergeari jagokonez, Berrojalbizek berretsi egin dau Aldundia “beharrezko pausu guztiak emoten ari dala Bizkaian zerga hori ezarteko foru arau proiektua aurkezteko” eta proiektu hori “2023an” aplikau ahal izateko. Iker Casanova EH Bilduko bozeroaleak, “ekintzakaz erantzuteko” eskatu deutso, bere eretxiz ez dalako behar dan “bizkortasunagaz” lan egiten ari. “Oinak arrastaka ari dira” zerga horren aplikazinoa atzeratzeko.

Horrez gain, EH Bilduk bere titulartasuneko basoetan eta bere eskumenen barruan laneko istripuak saihesteko neurrien ganean galdetu deutso Aldundiari. Arlo horretan eskuduna Osalan dala gogoratu ostean, Arantza Atutxa Natura Ingurune eta Nekazaritzako diputatu andreak azpimarratu dau bere sailak, bere lizitazino publikoetan, kontratistek segurtasun eta osasun planak eukitea eta sektoreko beharginek babeserako elementuak eta jagoken prestakuntzea izatea behartzen dauela.

EH Bilduren eretxiz, ostera, “eredu intentsiboa arriskuak handitzeko haztegia da”, Exabier Arrieta batzordekideak adierazo dauenez, eta Aldundiaren inplikazino handiagoa eskatu dau arazo larri hori konpontzeko. Arrietak gogoratu dauenez, 2022an bakarrik, Bizkaian “lau” heriotza gertatu ziran “istripu gehien izan dituan” sektorean.

Beste alde batetik, Eneritz de Madariagaren berbetan hilebete honetan gauzatuko dan Aldundiaren El Vivero Zentroaren itxierea, osokoaren gai zerrendan sartu da. Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroalearen berbetan, Aldundiak ez dau bete EEE baten ondorioz lanpostua galduko daben zentro horretako 19 beharginak subrogetako konpromisoa.

Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak azaldu dauenez, esleipena lortu dauen enpresak –Landalan– igazko abenduan jakinarazo eban kontratua bertan behera ixteko asmoa, eta bere saila beharginakaz batzartu da, konponbide bat bilatzeko, baina ez dau arrakastarik lortu. Abagune hori bat dator inoren kargura ez dagozan adinbakoei zuzendutako zentroen “okupazino-indizeak murrizteagaz”, eta “larrialdiko dispositibo puntuala” dan El Vivero zentroaren erabiltzaileak beste zentro batzuetara eroan izanagaz; horreen artean, 2023ko zezeilean erreforma bukatu eban Amorebietako Zentroa sartu da. Azkenik, Antxustegik gogora ekarri dau migrazinoaren fenomenoa aldakorra dala eta Aldundiak bere baliabideak une bakotxeko eskariaren arabera “birdimentsionau” behar dituala.


BATZARKIDE BARRIA

Gernikako gaurko saioaren hasierean, garagarrilaren 26an Nekazaritzako Zuzendari Nagusi izendautako Andoni Agirrebeitia Abendibarren lekua hartu dau Euzko Abertzaleak taldeko Sonia Rodríguez Rodríguez jeltzaleak.