BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK PFEZ-AREN ARAUDIA ALDATZEA ONARTU DABE BATZORDEAN, BANANDUTAKO GURASOEK ZERGA-AITORPEN BATERATUA EGIN AHAL IZAN DAIEN
- Ogasun eta Finantza Batzordeak EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Bizkaiaren erdibideko zuzenketa-eskeari emondako oneretxia osokoak berretsi beharko dau aldaketea 2025eko urtarrilaren 1etik atzeraeraginez indarrean sartzeko.
- Akordioa gaur aurkeztu da, EH Bilduk eta Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako foru arau proposamen bana baztertu diran batzordean.
(Bilbon, 2026ko urriaren 7an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordeak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) buruzko 2013ko gabonilaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 98. artikuluaren aldaketea onartu dau. Neurria Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek batera sinautako erdibideko zuzenketa-eskearen bidez gauzatu da. Erreforma honek banandutako edo diborziautako familiei 2025eko zerga-barrikuspenaren ostean sortutako kalte ekonomikoak eta arazo praktikoak konpondu gura ditu.
Batzordearen gai zerrendak, hasieran, foru arau proposamen independente biren eztabaidea eta bozketea ezarten eban, bata Bizkaiko Talde Popularrak erregistrautakoa eta bestea EH Bilduk planteautakoa. Proposamen bi horreen aurrean, 2025eko zerga-barrikuspena lehendik adostu eben parlamentuko beste hiru taldeek goian aitatutako erdibideko zuzenketa-eskearen bidez bateratu dabe arau-esparrua, eta beren-beregi artikulau dabe horren aplikazinoa, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginezko ondorioakaz, aurtengo ekitaldiko zerga-likidazinoak babesteko.
Adostutako testuak zerga-aitorpen bateratuan sartzeko erespideak malgutzen ditu, zerga-bidezkotasunaren oinarrietatik abiauta. Lehenik eta behin, seme edo alaba bakotxeko hileko 235 euroko janari-pentsinoaren muga objektiboa ezarten da; muga horren azpitik —edo guztiz ordaindu barik geratzen bada—, zaintzea daukan gurasoak euspenari jagokon ekonomia bere gain bakarrik hartzen dauela ulertzen da. Horrez gain, froga-bideak sinplifiketan dira, iruzurraren kontrako babesa daben erreklamazino-demanda judizialak edo zinpeko aitorpenak onartuz. Zaintza partekatuko kasuetan, aldeetako batek alkarbizitzako gastu arruntak beteten ez baditu, onura fiskalari heldu ahal izango jako, aldez aurretik egiaztapen judiziala jasota. Azkenik, indarkeria matxistearen edo etxeko indarkeriaren biktima diran emakumeak bakarrik manteniduten dirala probatu beharra salbuetsita geratzen da, babesbakotasun-egoerak saihesteko.
Eztabaidan zehar, bost taldeetako bozeroaleek modu positiboan balorau dabe akordioa, ñabardurakaz. Zuzenketa-eskeak, aurkeztu daben hiru taldeen baiezkoa jaso dau, eta beste testu arauemoile bat proponiduten eben talde bien, hau da, EH Bilduren eta PPren, abstentzinoa.
Arantza Sarasola Lartategi EH Bilduko batzordekideak baieztatu dau bere ekimenak familia askori eragindako “arazo ekonomiko garrantzitsua” zuzentzea eta seme-alabak izateagaitik ahalmen ekonomikoa galtzeari buruzko eztabaida lasaia zabaltzea bilatzen ebala. Bere proposamena babestu ez izana deitoratu dau eta, proposamen hori aurkeztu daben taldeak sartu diran “kontraesanak” gorabehera, azpimarratu dauenez “ez gara eragozpen izango” egoera “bidebakoa” zuzentzeko.
Bere aldetik, Diego Pagadigorria Wicke Bizkaiko Talde Popularreko batzordekideak adierazo dau erdibideko zuzenketa-eskeak bere taldea guztiz konbentzitzen ez daben elementuak dituan arren, batzordean haren onarpena erraztu dabela, eta eurak be ez dirala “oztopo” izango baieztatu dau. Ordezkari popularrak arau-aldaketea apliketako zailtasuna egiaztau dau.
Beste alde batetik, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko Eneritz de Madariaga Martínek zuzenketearen eraginkortasuna azpimarratu dau, “98. artikulua apliketean sortu zan arazoa konpontzen dalako, aurreko eredura itzuli barik eta lortu gura genduan helburua errespetauta”, hau da, seme-alaben zainketeari benetan eusten deutsona babestea. “Aurreko erreformeagaz sortutako arazoa zuzentzen dogu, arauaren funtsari eutsiz”, esan dau.
Aldi berean, Alberto Álvarez Castejón Euskal Sozialistak taldeko batzordekideak doikuntzea justifikau dau esanda “legegile arduratsua ez dala inoiz okerrik egiten ez dauena; bere arauen ondorioak aztertzen dituana eta, gura zan horri erantzuten ez deutsenean, zuzentzen dituana baino”, 2025etik aurrerako atzeraeraginaren garrantzia nabarmenduz.
Bukatzeko, Euzko Abertzaleak taldeko Ainhoa Pielo Muguruzak azpimarratu dauenez, “akordiorako borondateari esker lortu da”, eta testua etxeen errealidadera egokitzen dala ondorioztatu dau, “justizia fiskalaren, bardintasunaren eta egoera zaurgarrian dagozan familien babesaren printzipioa bermatuz”.