BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK USANSOLO BANANTZEKO ESPEDIENTEA ONARTU DABE
- Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek baiezkoa emon deutsie Bizkaiko 113. udalerriaren sorrerari, eta amaitutzat emon dabe Galdakaoko auzoaren independentzia-prozesuaren Bizkaiko Batzar Nagusietako izapidetzea.
- Euskal Sozialistak taldea banantzearen kontra agertu da, Estaduko legea ez dauelako beteten, eta Talde Berezia-PP Bizkaia abstenidu egin da arrazoi beragaitik.
- Bizkaiko Batzar Nagusien osokoak kultur ekoizpenerako zerga-pizgarriei buruzko foru-araua eta Muruetako bandera be onartu ditu, baita hainbat aldaketa be BEZn eta daborduko lurralde erkidean apliketan diran Finantza-transakzinoen ganeko Zergan.
- Bizkaiko parlamentuak, garraio publikoan deskontuak 2023an be aplikau daitezan EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztu daben erdibideko zuzenketa-eskea onartu dau.
(Gernikan, 2022ko zemendiaren 23an). Gaur Gernikan egin dan ohiko osokoan, Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansolo Galdakaoko udalerritik banantzeko espedientea onartu dabe, eta amaitutzat emon dabe 2020ko zezeilean hasitako prozesua. Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeak Bizkaiko 113. herria sortzearen alde agertu dira, Euskal Sozialistak kontra eta Talde Berezia-PP Bizkaia abstenidu egin da.
Gaur goizeko saioan, Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean emondako argudioak errepikau dira. Batzorde haretan Galdakaoko Udalak bultzatutako eta Aldundiak aurkeztutako desanexino-espedientea eztabaidatu zan. Guztizko 51 botoetatik 39 boto batu dituen Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeen eretxiz, lurraldeko mugak ezarteko eskumenak Euskadirenak baino ez dira eta banantzeak Bizkaiko Lurralde Mugaketen Foru Araua beteten dau (2.500 biztanle, gitxienez). Barruti barriak beste baldintza batzuk be beteten ditu, finantza arloko nahikotasuna, besteak beste.
Halanda be, sozialistentzat eta popularrentzat, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Estaduko Legea foru arau horren ganetik dago, eta, hortaz, akordiotik aldendu egin dira. Juan Otermin bozeroale sozialistaren berbetan, ez dabe herri barri bat sortzea babestu –sozialistek kontra bozkatu dabe eta popularrak abstenidu egin dira– 5.000 bizilagunetara heltzen ez dalako, izan be, Usansolon, “4.520” biztanle egozan azken erroldan. Talde biek ohartuarazo dabe Konstituzino Auzitegiak bertan behera itxi ebala euskal herri bat desanexionetako azkenengo saiakerea, Gipuzkoako Itsaso herrigunea hain zuzen be.
Foru Aldundia Usansoloren banantzea apliketearen “aldekoa” da, erakutsi dauelako hirigunea “ekonomiaren ikuspegitik jasangarria” dala eta prozesu horrek euskal erakundeen “eskumen politikoak defendidutea” dakarrelako, adierazo dau Elixabete Etxanobe Herri Administrazino eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, eta izapidetzeari ekin jakonetik izandako prozesu “luze eta konplexua” azaldu dau.
Batzar Nagusietako Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak bere “errespetu” osoa adierazo dau Usansolok erakutsi dauen “ekiteagaitik”, independentzia lortzeko ahaleginean “40 urte baino gehiago” aritu dalako. Eduardo Andrade bozeroaleak adierazo dauenez, udalerri barriak “oztopo biri” aurre egin behar izan deutse, bata bideragarritasun ekonomikoarena eta, bestea, legezkotasunarena. Azkenengo alderdi horretan justifikau dau bere taldearen abstentzinoa; izan be, banantzeak talka egiten dau Mariano Rajoyren gobernuak 2000. urtean onartu eban Estaduko legeagaz. Bertan, 5.000 biztanleko mugea ezarri zan “aurrekontu-egonkortasunaren berme lez”, egoera ekonomiko “larriko” uneetan.
Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak Usansoloko bizilagunakaz partekatu gura izan dau “poza”, eta bere berbaldian EAJren kontrako kritikak egin ditu, Galdakaoko udaletxean amaitu ziran aurreko “lau” saiakeretan “oztopoak jarriz” erakutsi dauen “borondate politiko ezagaitik”. Hainbat kontsultatan adierazotako herriaren borondatea eta herritarren lana auzitegietan “galdu” daitekezala onartu ostean, gai hori Euskadiren eskumena danez, Bizkaian Foru Araua gailendu behar dala adierazo dau.
Juan Otermin Euskal Sozialisten bozeroaleak bere “errespetua” agertu deutso usansolotarren lanari; halanda be, azaldu dau herritarren edozein eskaerak “legea bete behar dauela”, eta hori ez dala beteten, 2021eko azkenengo udal-erroldak erakusten dauenez Usansolok “4.520” biztanle ditualako, Estaduko legeak eskatzen dauena baino gitxiago. Esan dau lege hori nagusitu egiten dala “arauaren mailea dala eta”, eta antzeko kasu baten gainean badagoala jurisprudentzia, adibidez, Itsasoren banantzea bertan behera itxi ebana, baita Galdakaoko Udalak emondako pausua gomendatzen ez daben “hiru txosten juridiko” be. Oterminek kritikau egin dau prozesua babestu daben alderdiak izango dirala erabagiaren “ondorioen” “erantzule”. Galdakaok “6 milioi euro”, plantillaren parte bat eta 25.000 biztanletik bajeteagaitik diru-laguntzak galduko ditu.
Bea Ilardiarentzat ez da arrazoi juridikoetan sakontzeko eguna, Usansolok 1988tik erakutsi dauen “ekinarengaitik” “hunkituta egoteko” eguna baino. EH Bilduko bozeroaleak parlamentuan egon dan Iñigo Hernando Galdakaoko alkatearen lana aitortu gura izan dau, bere “berbea bete” eta Bizkaiko Batzar Nagusietara usansolotarren asmoa ekarteagaitik. “Oztopoak jarri dituenei”, EAJri erreferentzia eginda, esan behar deutsegu “180 graduko ziaboga hau pozgarria dala”.
Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak ez dau Elkarrekin Bizkaiaren eta EH Bilduren kritiketan sartu gura izan, eta bai, aldiz, Usansoloren banantzearen alde “lan egin dabenak” zoriondu. Horreen artean dago egungo Foru Gobernua eta bere alderdia, 2015ean, “errekurridu ez dan” eta Usansoloren independentzia lortzeko “funtsezko” oinarria izan dan Lurralde Mugaketen Foru Araua onartzearen alde agertu zalako. Pozik agertu da, baita be, bere alderdiak “berbea bete dauelako”. Batzar Nagusietan amaitu dan prozesuari jagokonez, “ez dakit azken helmuga izango dan, baina Usansolo usansolotarrek izatea gura dabena izango da”, adierazo dau, Unai Rementeria ahaldun nagusiaren esaldia gogora ekarriz.
KULTURARAKO ZERGA-PIZGARRIAK
Osokoak oneretxia emon deutso, baita be, kultura sustatzeko zerga-pizgarriak eguneratu eta zabaltzen dituan Foru Arauari. Pizgarri horreek 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera sartuko dira indarrean, eta Europako Batzordearen bermea dabe. Holan, “segurtasun juridikoa” bermatzen da, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuaren berbetan. Europako abal hori dauen Estaduko lurralde “bakarra” da.
Testuak ez dau aldaketarik izan osokoan; izan be, Foru Gobernua babesten daben talde biek atzera bota ditue oposizinoak gaur eztabaidetako erreserbautako 25 zuzenketa-eskeak (EH Bilduren 6 eta Elkarrekin Bizkaiaren 19). Azkenean, Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeek arauaren proiektua berretsi dabe.
Arauaren proiektua artikulu biren bidez egituratzen da. Alde batetik, Soziedadeen ganeko Zergan hiru pizgarri sartuko dira. Lehenengoak, ikus-entzunezko lanak ekoiztera bideratutakoak, % 35etik % 60ra bitarteko kenkaria izango dau, Bizkaian egindako gastu eta inbertsinoen ehunekoaren arabera, eta beste % 10 handituko da euskera hutsean filmautako lana bada.
Beste alde batetik, arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunetarako, kuota likidoan % 30eko kenkari barria egongo da. Ikuskizuna euskeraz bada, kenkaria % 40raino igongo da. Baldintzen artean, ezarten da zergadunak irabazien % 50 gitxienez ikuskizun barriak egiteko inbertitu beharko dauela. Eta industria-ekoizpenaren aurretik euskarri fisiko bat egitea ahalbidetzen daben liburuak argitaratu ezkero, kuota likidoaren % 5eko kenkaria izateko eskubidea egongo da.
GARRAIO PUBLIKOAN DESKONTUAK LUZATZEA
Bizkaiko parlamentuak, garraio publikoan gaur egun dagozan deskontuak 2023an “luzatzeko” EH Bilduk aurkeztu dauen mozinoaren inguruan talde horrek eta Euskal Sozialistak taldeak sinatutako erdibideko zuzenketa-eskea be onartu dau. Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak zuzenketa-eskearen alde agertu dira, eta Euzko Abertzaleak abstenidu egin da.
Ekimenean, herritarrek jasoten dituen % 50eko deskontuak luzatu daizala eskatzen jako Aldundiari, “finantzaketearen jatorria bat edo beste izanda be”. Bizkaiko parlamentuak neurri hori “sei hilebete barru” barrikusteko eskatu dau, neurri horreek eragin ebezan baldintzek –inflazinoa, Ukrainako gerra edo energiaren krisia– hor jarraitzen daben ala ez aztertzeko.
Aldi berean, Euskadiko Garraio Agintaritzaren barruan “deskontu-sistema progresiboa ezarteko eta apliketako konpromisoa hartu daiela” eskatu deutsee Batzar Nagusiek euskal erakunde guztiei, “garraio-tarifen erabileraren, egoera pertsonalaren eta errentaren arabera”.
Batzar Nagusietako talde guztiak beherapenak “luzatzearen” alde agertu dira, epe laburrerako ez dauelako emoten itxaropen ekonomikoak aldatuko diranik, eta baliabide publikoek Bizkaian “45 milioi euro inguruko” balioa izango leukien deskontu horreek aktibetea ahalbidetzen dauelako, bilketak “marka guztiak gainditu ditualako”, Emilio Lobato Elkarrekin Bizkaiko batzarkidearen berbetan. Osokoan azpimarratu danez, ganera, neurriak herritarren egoera ekonomikoa arintzeko, garraio publikoaren erabilerea areagotzeko eta ingurumenaren babesa hobetzeko balioko dau. Aldi berean, personen errentea eta garraio-titulu bakotxaren erabilera-mailea kontuan hartuko dauen txartel bakarra egokitzeko lanean ari dira.
Zuzenketa-eskeari baiezkoa emon ez deutson bakarra izan dan Euzko Abertzaleak taldetik, Unai Lermak “argi itxi” gura izan dau bere alderdia deskontuak luzatzearen aldekoa dala, baina baita deskontuen finantziazinoa be, orain ezarten dan moduan –Gobernu zentralaren % 30 eta euskal erakundeen % 20–,EH Bilduren jatorrizko mozinoan jasoten zan moduan. “Herritarrentzako tranpa bat” ikusten dabe idazkian; izan be, “ez da aitatzen” lurraldeko garraio publikoan egingo dan deskontu horren parte bat Espainiako Gobernuak bere gain hartu behar dauenik. Kongresuko bere taldeak daborduko aurkeztu dau zuzenketa-eske bat parte hori 2023ko Estaduko aurrekontuetan sartzeko. Horregaz zer gertatzen dan ikusteko zain, Lermak gogoratuarazo dau Metro Bilbaoko txartelaren prezioari bere horretan eusteko izapidea daborduko hasi dala Bizkaiko Garraio Partzuergoan.
BESTE GAI BATZUK
Horrez gain, osokoak berretsi egin ditu, kontrako boto barik, Balio Erantsiaren ganeko Zergea aldatzen dauen 6/2022 Foru Dekretu Arauemoilea, eta Finantza Transakzinoen ganeko Zergari buruzko bagilaren 22ko 4/2022 Foru Araua. Aldaketa horreek lurralde erkidean eginda egozan.
Beste alde batetik, gaurko saioan, Bizkaiko parlamentuak ontzat emon dau Muruetako banderearen diseinua. Bandera hori udalbatzak onartu eban eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoagaz berretsi da; oposizino osoa, barriz, abstenidu egin da.
Eta urtero lez, Gorka Beitia Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordeko presidenteak batzorde horren urteko jarduera-txostena aurkeztu dau. 2021eko irailetik 2022ko garagarrilera 4 saio deitu eta 7 gai eztabaidatu ziran. Batzar Nagusietako taldeek, Barakaldoko Vitalitas adinekoen zentroko egoiliarren egoereari, Alconza enpresaren lan-egoereari, Bizkaiko pentsiodunen mobimenduari edo erabiltzaileek egin behar daben bidesarien ordainketeari buruzko informazinoa jaso eben, besteak beste.
ONARTU EZ DIRAN MOZINOAK
Saioa mozino biren eztabaideagaz amaitu da. Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Iraupen Luzeko Zainketen Ahalduntze Eredu Barriari buruz hausnartzeko eta sektoreko eragileak eta Gizarte Ekintza Saila bertan dirala eredu hori Bizkaian gauzatzeko diseinuan parte hartzeko organua sortzeko EH Bilduk aurkeztu dauen mozinoa. Ekimenak ez dau beste talderen babesik jaso.
Modu berean, Bizkaiko parlamentuak ez dau onartu, Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeen kontrako botoakaz, bestelango “partaidetza-eredua” sortzeko Elkarrekin Bizkaiaren mozinoa, kasu horretan Aldundiaren plan estrategikoak garatzeko eta 2030 Agendara zelan egokitzen diran ebaluetako, eten digitalak horretan eragiten dauen bazterketea kontuan hartuta. Horrez gain, “Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoa” sortzea proponidu dabe, baita zigorrak edo zehapen “larriak” edo “oso larriak” jaso dituen persona fisiko edo juridikoak kontratetako “debeku” batzuk be.