FORU DIPUTATUEK AGERRALDIA EGINGO DABE MARTITZENETIK AURRERA BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN, LURRALDEKO AURREKONTUAK ZEHAZTEKO

- Ogasun eta Finantzetako Batzordeak Foru Gobernuko arduradunak hartuko ditu zemendiaren 11ra arte, bederatzi saiotan, 2023ko Bizkaiko Aurrekontuen foru arauaren proiektua azaltzeko.
(Bilbon, 2022ko zemendiaren 7an). Foru diputatuek agerraldia egingo dabe martitzenetik barikura Bizkaiko Batzar Nagusietan, 2023ko Bizkaiko Aurrekontuen proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Informazino-saioak Ogasun eta Finantzetako Batzordean egingo dira. Horren ostean, Mahaiak Batzar Nagusietako taldeek euren zuzenketa-eskeak aurkezteko fasea zabalduko dau Mahaiak.
Sailetako arduradun bakotxa bere aldetik joango da batzordera, Batzar Nagusietako taldeei euren sailen jardueraren ildo nagusiak zeintzuk izango diran azaltzeko Bizkaiko Batzar Nagusietan pasa dan urriaren 31n erregistrautako kontuetan oinarrituta. Kontu horreetan, sailek daukiezan 1.540,5 milioi euro erabilgarriak sartzen dira. Foru arduradunen agerraldien (streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izango dira, jjggbizkaia.eus helbidean) hurrenkerea holan ezarri da:
Martitzena, zemendiak 8
• 16:30ean. Ogasuna eta Finantzak
Eguaztena, zemendiak 9
• 09:30ean. Euskara, Kultura eta Kirola
• 12:00etan. Gizarte Ekintza
• 16:00etan. Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna
Eguena, zemendiak 10
• 09:30ean. Azpiegiturak eta Lurralde Garapena
• 12:00etan. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzea
• 16:00etan. Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria
Barikua, zemendiak 11
• 9:30ean. Ekonomia Sustapena
• 12:00etan. Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanak
Zuzenketa-eskeen aldia itxi ostean –seguruenik zemendiaren 30ean–, Batzar Nagusiek zuzenketa-eskeak aztertuko ditue, lehenengo osoko batzarrera deitu aurretik, osoko zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko. Osoko batzar hori, seguruenez, abenduaren 13an egingo da. Osoko horren ostean, zuzenketa-eske parzialak batzordean eztabaidatuko dira, halan bajagoko. Eta Batzar Nagusietako tramitea hilebete horren amaieran bukatuko litzateke -seguruenez abenduaren 28an-, Ogasun eta Finantzetako Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske parzialak aztertuko dituan beste osoko bategaz.