UNIDADE TXIKIAK DITUAN BIZIKIDETZA EREDURAKO TRANTSIZINOA DALA ETA, ALDUNDIAK PLAZA “ARRUNT” GEHIAGO KONTZERTAU BEHAR DITU
- Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, EH Bilduk eskatuta, lurraldeko adinekoen egoitzen sarea bizikidetza unidadeen eredura aldatzeko prozesua azaltzeko.
- Aldundiko arduradunak aurreratu dauenez, Urduñak eta Zallak eredu “gizatiarrago” horretara heltzeko udal-egoitzak eraldatzeko prozesua hasi dabe, Bermeoko eta Getxoko adinekoen zentroek egin dabenagaz bat eginez.
- Koalizino abertzaleak, itxaron-zerrendan dagozan personei urteerea emoteko “aurreikuspen faltea” dagoala adierazo dau.
(Bilbon, 2022ko garagarrilaren 6an). Aldundia, behin-behinekotasunez, plaza itundu gehiago baimentzen ari da, Bizkaiko bizikidetza ereduaren aldaketak dakarren erritmora egokitzeko. Eredu hori “apurka-apurka eta borondatez” doa “Bizikidetza-unidade” txikien eskemarako bidean. Gaur egun gertatzen ari diran aldaketak azaltzeko EH Bilduk eskatutako agerraldian, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak adierazo dau gaur egun “inoiz baino plaza gehiago” dagozala Bizkaiko egoitza-sarean. Bizikidetza-unidadeetarako hitzartutako “500” plazei “2.792” plaza arrunt gehitu jakez, hau da, guztira “3.292” plaza dira. Horreei foru sarean dagozan “6.330” plazak gehitu behar jakez, aurtengo martian baino “118 gehiago”. Azken horreetatik “156” persona daborduko unidade txikiago horreetan dagoz.
Datu horreek gaur goizeko agerraldian emon ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan, EH Bilduk eskatuta. Bizikidetza-unidadeak martxan jarteak “aldaketak eskatzen ditu” egoitzetan, eta horrek eragina dau plaza-kopuruan. EH Bilduko Izaskun Duquek idazki bat aitatu dau. Idazki hori Gizarte Ekintza Saileko Zentroen Zerbitzuko beharginek bialdu eben maiatzean Aldundira, eta bertan trantsizino horrek “arazoak” sortzen dituala planteetan da, horreen artean “eskatutako egoitza-aldaketak egiteko ezintasuna; egoera ekonomiko gatxean dagozan egoiliarrei egoitzea esleitzeko aukerarik eza eta, ondorioz, deserrotzea; bisitak egiteko gaiztasunen areagotzea; edo egoiliarrak arrotza jakon baliabidera egokitu beharra. Hori guztia gero eta eskaera gehiago dagozanean”, gogorarazo dau Duquek.
Ondorioz, zaintza-eredua egokitzeko erabilitako “hiru tresnek” eragindako plaza-kopuruari buruzko erantzunak eskatu ditu koalizino abertzaleak: GUFEren mendeko plaza publikoak, udal-egoitzetan dagozanak, eta itunpeko egoitzetako plazak.
Murillok gogorarazo dauenez, adinekoen zainketak “pertsonalizetako” hasitako prozesua lau proiektutan oinarritzen da, eta horreetako bat egoitza-zentroak Bizikidetza-unidade bihurtzea da. Jakinarazo zan moduan, prozesu hori GUFEren kudeaketa propioko egoitza bitan hasi da, Elorrion eta Leioan, 50 eta 172 plaza sartzeko, hurrenez hurren. Gaur egun, saila higiezinen parte bat egokitzeko eskaintzak jasotzeko “zain dago”.
Udal-zentroei jagokenez, sailak akordio bana egin dau Getxoko eta Bermeoko udalakaz, aurton 70 eta 10 plaza gehitzeko, hurrenez hurren. Modu berean, Urduñak eta Zallak bizikidetza-unidadeak akreditetako prozesua hasi dabe. Adibide horreetan ikusten da kasu honetan Bizkaian dagozan “15” udal egoitzentzat zerbitzu hori gehitzea “borondatezkoa dala”.
Modu berean, hirugarren “tresnea”, zaintza-eredu “gizatiarragorantz” joatea, itunpeko sarean oinarritzen da. “Gaurko argazkia” “422” plaza konprometitu dirala da, Murillok azaldu dauenez. Daborduko “84” plaza baimendu dira Bizikidetza-unidadeetan egoitza bitan (Loiu Gurena eta Artxanda - La Esperanza), eta horreei “28 plaza gehiago gehituko jakez gaur eta bihar artean” La Misericordia eta Miranda Fundazinoa egoitzetan. Beste “84” egoitzak aurretiko baimena daukie, eta “226” “eraiki barri” gehiagok daborduko badaukie baimen hori.
Zenbaki horreek igazko irailean 24 zentrok eskinitako 668 plazen azpitik dagoz. Orduan, Gizarte Ekintza Sailaren helburua aurtengo martian bostehun bat plaza izatea zan. Tarte horretan, “batzuek atzera egin dabe, beste batzuek gaiztasun gehiago ditue eta batzuk –hasieran aurreikusi ez ziranak– prozesuagaz bat egitea baloretan dabilz”, Murillok azaldu dauenez. Alde hori dala eta, sailak plaza arrunten ituna handitu behar izan dau, “egoiliarren arretea bermatzeko eta atzerapen horrek kalterik eragin ez daian”.
Murillok azaldu dauenez, irailean barriro erabagiko dabe ituna aldatu behar dan ala ez, egokitzapen-prozesu “luzea” izango danaren bilakaerearen arabera, eta egoiliarrei eragozpenak saihesteko “beharrezko neurriak” hartuko dira. “Espedienteak kudeetako beharginak behar izan ezkero, halan eskatuko da” esan dau, maiatzean “1.004” espediente izapidetzeko egozala egotzi deutson EH Bilduri erantzunez.
Beste alde batetik, EH Bilduk Gizarte Ekintza Sailaren Ikuskaritza Planen argitalpenaz eta azken urteetako urteko ebaluazinoez be galdetu dau, ez diralako Bizkaia Gardena atarian agertzen. Murillok laster argitaratzeko konpromisoa hartu dau, “itzultzen ari diralako” eta dokumentuen historikoa igoteko lanean ari diralako. Izan be, une honetan Aldundiaren gardentasun-atariak ez dau horretarako aukerarik emoten, “kontu teknikoengaitik”.