BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO LEHENDAKARIAK ESTATU BATUETAKO EUSKAL DIASPORAKO GAZTEAK HARTU DITU GERNIKAN

  • Ipar Ameriketan bizi diran eta euskaldunen ondorengo diran berrogeita hamar bat gazte Euskadin dira euskerea ikasteko eta euskal kulturan murgiltzeko Ateak Ireki 2023 programeari esker.

 

(Gernikan, 2023ko garagarrilaren 10ean). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Ateak Ireki 2023 programearen barruan Goierriko harrera familiakaz Euskadin dagozan berrogeita hamar gazte inguru hartu ditu gaur Gernikako Batzar Etxean. Ekimen horren barruan, Ameriketako euskal diasporatik etorritako gazte talde batek hainbat aste emoten ditu udan Euskadin euskal kulturan murgilduten eta bertako familiakaz hartu-emonak estutzen. 

Ateak Ireki proiektuaren helburua Euskadiren eta Estatu Batuetako euskal komunidadeko gazteen arteko zubiak eregitea da. Aurton, 16 eta 25 urte bitarteko 54 gaztek hartuko dabe parte, BATZEN Euskal Komunidadearen Proiektu Dinamikak, NABOk (North American Basque Organizations) eta Goiekik (Goierriko Garapen Agentzia) bultzatutako programan.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak harrerea egin deutso taldeari foru Parlamentuan, eta munduan zehar sakabanatuta dagoan euskal diasporearen zati txiki horren esperientzia pertsonalak ezagutu ahal izan ditu. Otadui eurekaz ibili da Batzar Etxeko egoitza nagusietan, gaur bisitau daben lekuaren garrantzi historikoa azalduz, Iñaki Goirizelaia Batzen/Ateak Irekiko zuzendariagaz batera.