BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO LEHENDAKARIAK HIZKUNTZA-KOMISARIOEN NAZINOARTEKO KONFERENTZIAKO PARTAIDEAK HARTU DITU

  • Eremu urriko hizkuntzen aldeko alkarte horrek zazpigarren urteko biltzarra egin dau. Biltzar horren esparruan, Gernikako Batzar Etxean zeharko ibilbidea egin dabe Arartekoaren ondokoak eta biltzarreko partaideek, Ana Otadui Biteri Lehendakariaren eskutik.

 

(Gernikan, 2022ko irailaren 9an). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak harrerea egin deutse gaur arratsaldean Gernikako Batzar Etxean Inés Ibáñez de Maeztu arartekoaren ondokoari eta Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartearen (IALC) urteroko Konferentzian parte hartu daben kideei, horreen artean Gwenith Price galestarra, alkartearen presidentea. Alkarte horrek gaur goizean Bilbon egin dauen batzarraren ostean, erakundearen urteroko topaketea gaur arratsaldean amaitu da, lurraldeko ikur historiko-kultural esanguratsuenetakoa dan Bizkaiko parlamentura egindako bisita ofizialagaz.

Eremu urriko hizkuntzak dituen Euskadiko, Kataluniako, Galeseko, Irlandako, Kanadako, Kosovoko edo Belgikako gobernu-erakundeen ordezkariek osatu daben bisitari-taldea hainbat gairi buruz eztabaidatzen aritu dira jardunaldi bitan zehar, eguaztenean eta eguenean. Gai horreen artean dagoz COVIDaren eragina eremu urriko hizkuntzetan, gizarte-sareek hizkuntza-komisarioei dakartseezan erronkak, edo hizkuntza ofizialek zer eginkizun daben herriaren defendatzaileen betekizunen testuinguruan.

Bizkaiko uriburuko topaketea Eusko Legebiltzarreko goi-komisionatu dan eta, besteak beste, euskerearen eta gaztelaniaren ofizialkidetasunak beragaz dakarzan herritarren hizkuntza-eskubideak babesteaz arduratzen dan Arartekoaren Bulegoak antolatu dau. Lan hori beste herrialde batzuetako antzeko erakundeakaz batera egiten dau, eta erakunde horreek IALC alkartean batuta dagoz. Nazinoarteko erakunde horrek mundu osoan bardintasuna, aniztasuna eta hizkuntza-eskubideak bultzatzea eta sustatzea dau helburu, bai eta hizkuntza-komisarioei babesa emotea be, maila profesional gorena lortu ahal izan daien.

15 bat lagunek osatutako taldeko kideek Bizkaiko parlamentuko bulegoak (Osoko Batzarren Aretoa, Beirateen Aretoa, Liburutegia...) ezagutzeko aukerea izan dabe topaketan eta, Batzar Nagusietako lehendakariagaz batera, Gernikako Arbolan eta Arbola Zaharrean egon dira, “Agur Jaunak” eta “Gernikako Arbola” entzuten ziran bitartean. Azkenik, Ibáñez de Maeztuk eta Pricek Batzar Etxeko ohorezko liburuan sinatu dabe.