BATZAR NAGUSIETAKO LEHENDAKARIAK HARREREA EGIN DEUTSO JAPONIAREN, TAIWANEN ETA EUSKADIREN ARTEKO KULTUR ETA EKONOMIA HARTU-EMONAK ESTUTZEA BILATZEN DAUEN ALKARTEARI

  • Ana Otadui Biterik egin deutso harrerea Gernikako Batzar Etxean Japoniaren eta Taiwanen arteko Adiskidetasunaren Itzulerako Kultur Alkarteari.

 

(Gernikan, 2024ko irailaren 1ean). Aspalditik Asiako herrialde bien arteko hartu-emonak estutu guran ari dan Japoniaren eta Taiwanen arteko Adiskidetasunaren Itzulerako Kultur Alkarteko ordezkaritzak Gernikako Batzar Etxea bisitau dau gaur goizean. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, eta Idoia Buruaga Barcena, Bigarren Lehendakariordeak, beste herri batzuekaz kultur eta ekonomia hartu-emonak estutzeko behar egiten dauen erakunde horretako kide talde bat hartu dute. 

Asiako herrialde bien arteko hartu-emon ona orain mende bat hasi zan oinarritzen, Japoniako Showa enperadoreak 1923an Taiwanera egin eban bisita ofizialean. Bisita harek oihartzun handia izan eban gizartean. Bisitak herrialde bien arteko hartu-emon afektiboak hobetzeko atea edegi eban, eta horretarako gurearen antzeko mekanismoa erabili zan, hau da, anaitasun hori esanahi politiko handiko espezieak landatuz sinbolizetea eta zabaltzea. Herrialde bien kasuan, kereizondoa izan da historian zehar hainbat gatazka dirala-eta kaltetuta egon dan hartu-emon hori sendotzeko balio izan dauen zugatz-espeziea. 

Asiako ordezkaritzea liluratuta geratu da gaur Euskal Herriarentzat karga sinboliko handia dauen Gernikako Arbolaren magnetismoaren aurrean. Sakurahanakaikarisha (taiwaneraz) alkarteko ordezkari talde handiak argazkia atera dau haretx sagraduaren aurrean. Bertan, zugatzaren historiari eta Foru Parlamentuaren gaur egungo egitekoei buruzko azalpenak jaso ditue, eta, horren ostean, bertako egoitzetan ibili dira, osoko bilkuren aretoan, beiratearen aretoan edo liburutegian, besteak beste. Bukatzeko, lehendakariaren bulegoan, Batzar Nagusietako Sinadura Liburuan itxi dabe euren bisitearen aztarnea.