BIZKAIKO OGASUNAK EGUNGO ERRENTA EREDUAREN ALDEKO APUSTUA EGITEN JARRAITUKO DAU, “OSO POSITIBOA” DALAKO
- Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, EH Bilduk eskatuta, datorren barikuan, bagilaren 28an, amaituko dan 2023ko Errentearen kanpainearen nondik norakoaren barri emoteko.
- Sistema barriagaz “hamar zergadunetik zazpik” ez deutse ezelango daturik emon behar Ogasunari.
- Atzora arte 563.230 aitorpen egin dira, eta horreetatik 387.771 itzultzeko izan dira, zergadun bakotxeko 1.222 euro, batez beste.
(Bilbon, 2024ko bagilaren 20an). Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak 2023ko Errentearen kanpainearen nondik norakoa azaldu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, EH Bilduk eskatuta, aitorpena aurkezteko epea amaitzeko astebete falta danean. Aldundiko arduradunak “oso modu positiboan” balorau dau kudeaketa eredu barria, izan be, daborduko errentaren zirriborroa “hamar zergadunetik zazpiri” bialtzea bermatzen dau, zergadun horreek datu fiskal barririk emon behar izan barik. Orain arte inkestan modu digitalean parte hartu daben 5.591 personen balorazinoa “oso positiboa” da, 10etik “8,55” puntuko batez besteko notea lortuta.
EH Bilduk apirilaren 19an erregistrau eban Ogasun eta Finantzetako diputatuaren agerraldi eskaria, Errenta aitorpenaren “hainbat” zirriborrotan aurkitutako datu “okerrak” publiko egin ziranean. Errenta sistema barria 2021ean hasi zan, aurreko urteko errenta kanpaineagaz. Lehenengo urtean “akats eta arazo ugari izan ziran, eta orain barriro ari dira agertzen”, ekarri dau gogora Arantza Sarasola EH Bilduko batzordekideak. Koalizino abertzaleak kanpaina honetan akats gehiago hauteman ete diran eta “gertatzen ari diran gorabeherak ikusita” Aldundiak sistemea erabilten jarraituko ete dauen azaltzeko eskatu deutso Berrojalbizi. Bere eretxiz, “hobetzeko tartea dago”, zalantzarik barik, teknologiagaz ohituta ez dagozan personentzat batez be.
Berrojalbizek baieztu dauenez Bizkaiko Ogasunak “eredu barriari eusten eta hori hobetzen” jarraituko dau, martxan jarri zanetik egin dauen lez. Sistemea zergadunarentzat dauen “erraztasunarengaitik” nabarmentzen da. Emon dituan datuen artean, Berrojalbizek, Ogasunaren erespideagaz bat ez etorteagaitik kanal ofizialen aurrean erreklamazinoa egitea erabagiten daben zergadunen “gatazkea” murriztu izana azpimarratu dau. Aurreko ereduagaz TEAFaren aurrean urtean “500 erreklamazino baino gehiago” egiten baziran, eredu barriagaz “200 bat” erreklamazino sortzen dira.
Antzemandako akatsei jagokenez, Berrojalbizek esan dauenez “inork ezin dau % 100ean bermatu akatsik gertatuko ez danik”. Hori bai, “baliabide guztiak jarten doguz horreek ez jazoteko” eta, egotekotan, akats horreek “ahalik eta denpora laburrenean zuzentzen dira eta zergadunari jakinarazoten jakoz”, adierazo dau. Hori gertatu zan Bizkaiko ogasunean antzemandako eta EH Bildu agerraldia eskatzera eroan eben “127” gorabeherakaz.
Ogasuneko arduradunak emon dauen azalpena da, beste zerga administrazino batek Bizkaian bizi arren laneko etekinak beste lurralde batzuetan lortzen ebezan 127 zergadunen informazinoa “bikoiztu” ebala. Kalkulurako erregelak “ondo” aplikau ziran, baina arazoa jatorrian egoan. Gorabeherea publiko egin baino egun batzuk lehenago zirriborroa zuzendu egin jaken persona horreei. Aurreko ereduagaz, 2018ko Errenta kanpainan arazo hori bera hauteman zan “16.505” zergadunengan, esan dau, alderaketea eginez. Oraingo ereduagazko aldea da, orduan, kaltetuek “hutsetik” egin behar izan ebela aitorpena.
Foru diputatuak gehitu dauenez, sistema barriari esker Ogasuna mutualidadeei buruzko epaietara egokitzen ari da, adibidez; aurreko aitorpenak arinago barrikusi ahal dira; edo ekitaldi bakotxean zirriborro “osotuagoak” aurkezten dira. Arrazoi horreek eta beste batzuk dirala eta, Berrojalbizek esan dau Errentearen kudeaketarako eredu barria zirriborroen aurkezpena “arintzen” ari dala, “errazagoa, arinagoa, eraginkorragoa eta malguagoa” dalako. Hori dala eta, “hobeto baloretan” da. Sistema barri horren aldeko apustu “argi eta garbia” egiten da, “aurreko ereduagaz alderatuta dakarren abantaila moltsoarengaitik”, “bai Ogasunarentzat, bai apliketan dauenarentzat eta bai horren hartzailearentzat”.
PFEZren aitorpena aurkezteko kanpainea bagilaren 28ra arte luzatuko da. Zergadunek laguntza-zerbitzua dabe eskura, hiru kanalen bidez: aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa eta digitala. Atzora arte “563.230” aitorpen aurkeztu ziran, % 77 egoitza elektroniko bidez (webgunea eta app-a), % 13 telefono bidez eta % 5 aurrez aurre, Aldundiaren 12 bulegoen bidez (Ogasuneko egoitzak eta Gertu bulegoak). Horrek esan gura dau 2021eko errentan baino 67.491 aitorpen gehiago aurkeztu dirala egun horreetan.
Holan, bada, bagilaren 19an, Bizkaiko Foru Aldundiak “474” milioi euro itzuli deutsez “387.771” zergaduni aurtengo kanpainan. Aurreko ekitaldiko data berean “421” milioi egozan itzulita eta 2021ekoan “347” milioi. Urtetik urtera, itzulketa horreek “azkarragoak” izaten ari dira. Aurtengo batez bestekoa 2,1 egunekoa izan da. Orain urte bi, “3 egunetan” egoan.