ALDUNDIA ETA EUSKO JAURLARITZA LEMOAN DISUASINO-APARKALEKU BAT EREGITEKO AUKEREA AZTERTZEN ARI DIRA
- Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gaur Abellanedako Batzar Etxean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien osokoan egin dau iragarpena.
(Abellanedan, 2024ko bagilaren 26an). Bizkaiko Batzar Nagusiak Abellanedako Batzar Etxera bueltau dira, azkenengo saioa egin eta urte bira, bagileko kontrolerako ohiko osokoa egiteko. Bertan, Aldundiak oposizinoaren lau Itaun eta bost Ahozko Erantzun-eske erantzun behar izan ditu. Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak horreetako baten iragarri dauenez, Metroaren 5. linea eregiteko plangintzaren barruan, Aldundia eta Eusko Jaurlaritza “Lemoa inguruan” disuasino-aparkaleku bat eregiteko idearen inguruan ari dira lanean.
Erantzuna eguneko hirugarren itaunean etorri da. EH Bilduk garraio publikoari lotutako disuasino-aparkaleku barriak egokitzearen ganean galdetu deutso Ahaldun Nagusiari. Batzar Nagusietako talde horren eretxiz, Emisino Gitxiko Eremuak (EGE) martxan jarri diranez holango instalazinoen eskariak gora egingo dau. Uriaren kanpoaldean 28 disuasino-aparkaleku dituan Bordele jarri dabe adibide lez. Idea hori Garraio Publikoaren 2018-2028 Plan Estrategikoan jasota dago daborduko. Bertan trafikoa eta kutsadurea murrizteko disuasino-aparkalekuak eregiteko aukerea aitatzen da.
Bere erantzunean, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak iragarri dau beharrean ari dirala Lemoa inguruan disuasino-aparkaleku bat egokitzeko, Arratia bailarako eskualdeak dauen mobikortasun beharrari erantzuteko. Aparkaleku horrek zerbitzua emongo leuskie eskualde horretako herritarrei, Bilbora metroan edo Durangaldera edo Busturialdera trenean errazago iristeko. Holan, eremu horretako gune sakabanatuenetan bizi diranek ibilgailuak bertan itxi eta garraio publikoa erabili ahal izatea lortu gura da. Ganera, neurriak Etxebarriko aparkalekuan “plazen erabilgarritasuna hobetzea” ekarriko dau.
4 disuasino-aparkaleku (Ibarbengoa, Leioa, Ansio-BEC eta Etxebarri) dituan Metro Bilbaoren sarean aukera konbinau hori gauzatzen jarraitzeari jagokonez, Etxanobe aukera hori ikuspegi desbardinak kontuan hartuko dituan “azterketa serioaren” bitartez zehaztearen alde agertu da. Bere berbetan, Bilbo erdialdeko geltokiak eta EGEen etorkizuneko eragina “monitorizau” egin beharko litzatekez; metroaren linea barriak eta Bizkaibusen optimizazinoa zelan egokitzen diran ikusi; eta lurraldeko urigintza arloko garapenak kontuan hartu. “Azterketa hori ikuspegi orokorragaz egin behar da beti. Disuasino-aparkalekuak Bizkaiko garraio publikoaren sistemako beste pieza bat dira eta izan behar dira”, azpimarratu dau.
Etxanobek modu “positiboan” balorau dau Bizkaiko Garraio Partzuergoak kudeatzen dituan lau aparkalekuen erabilerearen bilakaerea. 2023an, 344.032 ibilgailuk aparkau eben horreetan, hau da, “1.400 aparkaldi inguru lanegunetan”. Onarpen maila “ona” izan daben arren, aparkaleku batzuek besteek baino eboluzino hobea izan dabe, BECeko aparkalekua izan dalako erabilereari jagokonez gora egin dauen bakarra, 2019an “141.450” aparkaldi izatetik igaz “147.355” aparkaldi izatera pasauz. Oro har ikusita, ikusten da pandemiagaz alternatiba horren erabileran “joera aldaketea egon zala”, esan dau.
Ahaldun Nagusiak adierazo dauenez, beharrezkoa izango da herritarrak bete barik dagozan disuasino-aparkaleku horreek gehiago erabiltera animetea, guztira “2.023” plaza daukiezalako, 70 zentimoko prezioan. Erabilten dituenek lan-errazoiengaitik egiten dabe, batez be Bilboko eta Barakaldoko erdialdera edo Gurutzetako ospitalera hurbiltzeko.
ITAUN GEHIAGO
Kontroleko osokoan, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak LGTBIQ+ kolektiboari zuzendutako arreta zuzeneko politiken inguruko itauna egin deutso Foru Gobernuari, zehatzago esanda, 2020ko irailaren 9an Bizkaiko Batzar Nagusiek onetsi eben arauz besteko proposamen baten eukiari buruzkoa.
Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna sustatzeko diputatuak gogora ekarri dauenez, 2021etik 2023ra bitartean, persona horreen eskubideen alde behar egiteko hainbat ekimen jasoten dituan Aniztasun Plana jarri zan martxan. Aldundiko arduradunak, sei erakundek parte hartzen daben Alkarrizketarako eta Partaidetzarako Mahaia martxan jarri dala azpimarratu dau. Urtero, Aldundiaren aurrekontuetan “900.000 euroko” partidea sartzen da, eta azken urtean kopuru hori “hamar erakunderen 28 proiektutara” bideratu da. Kolektibo horri laguntzeko beste ekimen bat Aldartegaz sinatutako hitzarmenaren bitartez gauzatu da. Hitzarmen hori “60.000 eurokoa” izango da, arreta zerbitzu bati eusteko.
EH Bilduko bozeroaleak, bere aldetik, 900 langile baino gehiago dituen foru sektore publikoko 16 erakundeetako zuzendaritzak izendatzeko prozedurearen ganeko itaunak egin deutsaz Aldundiari. Iker Casanovak, izendapenak “modu librean” egitea eta erispide “teknikorik” ez egotea aurpegiratu deutso. Azken izendapenetako batzuk “deigarriak” izan dira. Bizkaitik, Zugaztel, Euskal Museoa edo Euskalduna Jauregia erakundeak aitatu ditu. Hautaketa prozedura “zaharkituta” dago eta, azkenengo kasuan, zuzendaria “EAJ-PNVren interesen arabera” aukeratu da. Casanovak “argitasuna, eredugarritasuna eta eraginkortasuna” eskatu ditu goi kargudunak aukeratzeko orduan.
Aldundia gaur egungo araudian babestu da. Araudi horretan, goi kargudun horreek modu “diskrezionalean” aukeratzea ahalbidetzen daben 5/2018 Foru Araua edo Euskal Sektore Publikoaren 3/2022 Legea aitatu ditu. Aukeraketan, faktore erabagigarria da persona horrek “hautestontzietatik urten dan gobernu programeari jarraitzearen inguruan konfiantzea” emotea. “Hori da demokrazia”, erantzun deutso Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak. Kargu horreetako bat lortu gura dabenek gizartearen aurrean dituen merezimentuak jasoten dituan memoria aurkeztu behar dabe, eta erakunde bakotxaren kontsejua da izendapena onartzen dauena.
Ekintzaileentzako Arreta Gunea (EAG) izan da beste Itaun baten gaia, kasu horretan Bizkaiko Talde Popularrarena, orain dala hamar urte autonomia erkidego askotan gobernu popularragaz martxan jarri zan idea. Pablo Gómez-Guadaluperen esanetan Bizkaian zerbitzu hori “igaz” jarri zan martxan, eta, bere berbetan, zerbitzuaren eragina “barregarria” izaten ari da. BEAZek emondako zifretan oinarrituta, zerbitzuak bete dituan 11 hilebeteetan “68 arreta” emon ditu, igaz Bizkaian 1.793 soziedade sortu ziran eta autonomoetan altea 12.743 personari emon jaken arren.
Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak ukatu egin dau orain dala hamarkada bat sortu zanik. Bizkaiaren eta Gobernu zentralaren arteko lehenengo hitzarmena 2013an sinatu zan, eta 2018an eta 2023an barritu da. EAG Aldundiaren laguntzea daben zerbitzuen zorroko ekimenetako bat baino ez da, lurraldean ekintzaileei arreta emoteko puntuak daukiezan “84 erakunderen” artean. Aldundiko arduradunak Aldundiaren zuzeneko inplikazinoa daben hogei bat programa edo erakunde aitatu ditu. BEAZi jagokonez, bere sailera atxikitako soziedade horrek idea ekintzaileen izaera barritzailea lehenesten dau. Igaz, “osagai barritzailea daben 102 proiektu” lagundu ebazan, eta horreetatik “35 eta 40 artean” igaz bertan eratu ziran. Eta 2018-2023 alditik “209 startup-ek bizirik jarraitzen dabe”.
AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Osokoaren azkenengo zatian, oposizinoko taldeek Gaztelugatxeri, udan adinbakoen sarea barriro dimentsioneteari, Enkarterriko gobernantza eredu barriari, Dalia fabrika zaharreko lanei edo Trapagaranen egoitza bat zabaltzeari buruz itaundu dabe.
Gaztelugatxeri jagokonez, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak esan dau biotopoa babesteko lanakaz jarraitzeko “hurrengo pausua”, aurkeztutako 3 alegazinoei erantzuteko epealdian dagoan “Lankidetza Kontsejua” eratzea izango dala. Beste alde batetik, onartzeko “prest” dagoan testu arauemoile bat landu da.
Beste alde batetik, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiari erantzunez, Aldundiak iragarri dau Bizkaiak beste baliabide bat izango dauela urteko bigarren seihilekoan adinbakoen egoitzetako harrerarako. Bizkaian daborduko dagozan eta 5 programa eskaintzen dituen 65 baliabideei batuko jake, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza foru arduradunak zehaztu dauenez. Talde moretik baliabide gehiago eskatu ditue uda honetan “larregizko okupazinoa” saihesteko, Arartekoak 2023ko apirilaren azkenengo egunean hainbat txostenetan gomendatu dauen lez.
ESKUALDEKO ORDEZKARIAK
Batzarkideez gain, eskualdeko erakundeetako ordezkari asko be hurbildu dira Abellanedako Batzar Etxera gaurko saioa jarraitzera, Martín Pérez Garmendia Enkarterriko Mankomunidadeko presidentea buru ebela. Beragaz batera, konbidauen jarlekuetan dozena erdi bat udalerritako alkateak egon dira: Raquel Larruscain Elorza (Galdames), Angela Egia Liñero (Gordexola), Unai Diago Santamaria (Zalla), Iosu Udaneta Santisteban (Artzentales), Belén Fernández Ranero (Lanestosa) eta Unai Arregi (Alonsotegi).