FORU ALDUNDIAREN ERETXIZ BATZAR NAGUSIETAN ONARTUTAKO EKIMENEN BETETE-MAILEA “AURRERATUA” DA ETA “GEHIENAK” LEGEGINTZALDI HONETAN GAUZATUKO DIRA
- Azken hiru urteetan, Batzar Nagusietako taldeek adostutako berrogeta hamar mozino edo arauz besteko proposamen inguru onartu ditu foru Gobernuak.
- Bizkaiko Batzar Nagusien osokoak hainbat foru-dekretu berretsi ditu, familiei laguntzeko neurri fiskalakaz, besteak beste, argiaren fakturan eta musukoen erosketan BEZa bajatzea eta inflazinoa dala-eta PFEZa deflaktetea.
- Bizkaiko parlamentuak aho batez onartu ditu guraso bakarreko familiei babesa emoteko erdibideko zuzenketa-eskea eta Bizkaian emakume meatzariei omenaldia egiteko arauz besteko proposamena.
(Gernikan, 2022ko urriaren 19an). Foru Aldundiak legegintzaldi honetan onartutako arauz besteko proposamenak eta mozinoak beteteari buruzko txostena aurkeztu dau gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoan. 2019ko irailaren 1etik 2022ko irailaren 1era bitartean, Bizkaiko parlamentuak 49 agindu parlamentario onartu ebazan guztira; horreetatik 15 mozinoei jagokez, eta 34 arauz besteko proposamenei. Aldundiak baieztu dauenez, eskaera horreen betete-mailea “aurreratua” da, eta “gehienak” legegintzaldi honen barruan amaitzea espero dau.
Bizkaiko Foru Aldundiak “ondo” bete dau Bizkaiko Batzar Nagusien agindua, eta bere eskumenetan eragina daben ekimenetan beharrezko neurriak jarri ditu martxan. Azkenean, txosten horretan jasota dagozan “44” neurri hartu ditu, Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak emondako datuen arabera. Beste bost erreklamazinoak beste instantzia batzuetara eroan dira, beste erakunde batzuetan daukielako eragina.
Bizkaiko Batzar Nagusietan adostutako ia berrogeta hamar ekimenetatik 23 amaituta dagoz, eta 26 gauzatzen ari dira. Hirutik bi hiru sailetara zuzendu ziran: Gizarte Ekintzara; Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunera; eta Garraioak eta Mugikortasun Jasangarrira. Beste herena sei foru sailen artean banatu zan. Holan, eta txostenak jasoten dauen moduan, hamahiru ekimen Sergio Murillok zuzentzen dauen sailak hartu ebazan; hamar Teresa Laespadaren sailak; eta bederatzik Miguel Ángel Gómez Viarren esku egoan Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren foru-arloko alderdi exekutiboren bat aldatu eben.
Beste alde batetik, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko Saila eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saila horreen bien artean egon ziran, arauz besteko bost mozino edo proposameni aurre egin behar izan eutselako. Eta ganerako foru-sailak batez besteko horren azpitik geratu ziran. Hiru ekimenek Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako arloko politiketan aldaketaren bat iradokiten dabe; bik, Ekonomia Sustatzeko sailean; eta beste pare bat agindu Ogasunaren eta Finantzen eta Estrategia Digital eta Korporatiboaren Kabinetearen artean banatu ziran.
Batzar Nagusietako taldeek modu heterogeneoan balorau ditue zifra horreek. Eduardo Andrade Talde Berezia-PP Bizkaia taldeko bozeroalearen eretxiz, “parlamentuko arrabolaren” adibidea dira, aurkeztu diran “250etik” 49 bakarrik onartu diralako. Hector Fernandez (Elkarrekin Bizkaia) “kezkatuta” agertu da Batzar Nagusietako taldeek aurkeztutako ekimenen “beherakada orokorrarengaitik”; izan be, 2015ean hasi zan beheranzko joera hori, bere esanetan, baina agintaldi honetan egon dan “akordiorako joerea” txalotu dau, batez be arduradun sozialistek zuzendutako sailetan. Bea Ilardiarentzat (EH Bildu), ostera, adostasun mailak “eskasak” izan dira. Koalizino abertzalearen bozeroaleak “zehaztasun gehiago” eskatu ditu jasotako informazinoan, eta foru Gobernua babesten daben taldeak kritikau ditu, foru Gobernua larregi inpliketan ez daben “arauz kanpoko ekimenei edo oso orokorrak diranei” baiezkoa emoteagaitik.
Foru Gobernua eusten daben taldeen eretxiz, txosten hau egitea eta ostean eztabaidatzea “gardentasunaren eta kontuak aurkeztearen adibidea” da, eta horrek Parlamentuko taldeen kontrola eta jarraipena errazten dau. Berta Campo Euskal Sozialistak taldeko batzarkideak akordioak lortzearen garrantzia nabarmendu dau, “bizkaitarren bizitza hobetzeko beharrezkoak diralako”. Azpimarratu dauenez, amaitutako 23 ekimenetatik “19” parlamentuko azkenengo ikasturtean amaitu dira.
Beste alde batetik, Jose Antonio Lamborena jeltzaleak Batzar Nagusiek aginduta foru Gobernua lanean aritu dan ekimenen errepasoa egin dau. Euzko Abertzaleak taldeko batzarkideak honeek nabarmendu ditu, besteak beste: “gobernu digital inklusiborako trantsizinoa; energiaren-trantsizinoari emon jakon bultzadea; klima-aldaketaren kontrako burrukea; umeen zerbitzuko profesionalen lana prestakuntzaren bidez indartzea; egoitzetako ikuskaritza-lanak zabaltzea; egoitza-sarea bizikidetza-modulu bihurtzea; umeak eta nerabeak babesteko sarean hobekuntzak egitea; EtxeTIC; zaintzaileen atsedenerako eskubidea; TicketBai; desgaitasuna daukien personen laguntzaileek garraioa ordaintzetik salbuestea; eskaeraren araberako geldialdi-zerbitzua hobetzea; Bizkaiko eredu turistikoa bultzatzea eta arautzea; Eusko Jaurlaritzagaz akordioak bilatzea gizarteratzeko alkarlaneko ostatuak bultzatzeko; Foru Administrazinoaren kualifikazinoan sakontzea indarkeria matxista desagertuarazoteko eta biktimen eta bizirik urten dabenen arretea hobetzeko; ibilgailu astunen garraioa kudeatzeko eredua; eta Errekaldeko saihesbidearen proiektuaren lizitazinoan eta idazketan aurrera egitea.”
FORU DEKRETU BI BERRETSI DIRA
Beste alde batetik, gaurko osokoa, alde batetik, Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei eta sozialei, eta, bestetik, inflazinoaren bilakaereari erantzuteko zerga-neurriak jasoten dituen hainbat foru-dekretu arauemoilegaz hasi da.
Halan, garagarrilaren 26ko 4/2022 FORU DEKRETU ARAUEMOILEAK aldaketak jasoten ditu Balio Erantsiaren ganeko Zergan eta Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren ganeko zergan. Aldaketa horreek ez dabe kontrako botorik jaso, EH Bilduko eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeko ordezkarien abstentzinoak bakarrik.
Holan, dekretu horretan oinarrituta, % 5eko BEZa ezarten da argindarraren fakturan urtea amaitu arte, eta elektrizidadea ekoizten daben instalazinoak bigarren zergatik salbuetsita geratzen dira. Foru-araudia lurralde erkidean ezarritako neurrietara egokitzeko, musukoak lortzeko BEZa % 4an mantenidutea be jasoten da. Modu berean, Jose Maria Iruarrizaga Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak nabarmendu dauenez, dekretu hori onartuta, Bizkaian BEZa kenduko jake irabazi-asmo bako erakundeei egiten jakezan ondasun-dohaintzei.
Beste alde batetik, abuztuaren 24ko 5/2022 FORU DEKRETU ARAUEMOILEAK inflazinoaren bilakaeraren aurreko preminazko zerga neurriak jasoten ditu. Dekretu horren bidez, % 4 deflaktetan da 2022ko ekitaldiko PFEZren likidazino-oinarri orokorrari aplikau beharreko tarifea, eta, modu berean, ehuneko berean handitzen dira baterako tributazinoagaitiko murrizketea, kuotaren murrizketea eta kenkari personalak.
Ganera, aldaketa horreek beharginen fiskalidade pertsonalera berehala eroateko, 2022ko irailaren 1etik aurrera lan pertsonalaren etekinei aplikau beharreko atxikipenen taulea egokitu da. Neurri horrek, Iruarrizagaren berbetan, “480.450 personari” egingo deutse mesede, eta eragin ekonomikoa “73 milioi eurotik” gorakoa izango da.
Horrez gain, eta kalteberatasun-egoeran dagozan etxeetako ekonomian prezioek izan daben gorakadaren ondorioak arintzeko asmoz, errenta-aitorpen bakotxeko 200 eurorainoko ohiz kanpoko gitxitzea sartzen da kuotan. 2022ko zergaldian 30.000 eurotik beherako zerga-oinarri orokorra daukien zergadunei aplikauko jake. “264.534” zergadun onuradun dira, eta eragina, barriz, “51 milioi eurokoa”. EH Bilduko Arantza Urkaregik deitoratu egin dau “110.000 persona” kanpoan geratzea, errenta aitorpena egiteko betebeharrik ez dabelako.
Azken foru dekretu hori aldeko 34 botogaz (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP Bizkaia), kontrako 6 botogaz (Elkarrekin Bizkaia) eta 9 abstentzinogaz (EH Bildu) balioztatu da. Eztabaidan, koalizino abertzaleak dekretua foru arau proiektu moduan izapidetzea eskatu dau, eztabaida zabaltzeko, baina foru Gobernua eusten daben talde biek ez dabe eskaera hori onartu.
“GURASO BAKARREKO” FAMILIARENTZAKO LAGUNTZEA
Osokoaren azkenengo zatian, Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko hiru proposamen eztabaidatu dira, eta horreetako bi erdibideko zuzenketa-eske bihurtu dira, parlamentuko beste talde batzukaz akordioa lortu ostean.
Azkenik, Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe erdibideko zuzenketa-eske bat, Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaia taldeek sinatua, “guraso bakarreko familia” titulua arautu eta garatzeko arau-esparrua ezarri daiala eskatzeko erakunde “eskudunari”, babes-politikea eta -neurri espezifikoak ezarteko euskarri izan daiten, Euskal Autonomia Erkidego osorako jarduketa-irizpide homogeneoa bermatuz.
Modu berean, proposamenak ezarten dauenez, Bizkaiko Batzar Nagusiek udal-ordenantza fiskalen arau-esparrua ezarteko eskatzen deutse Aldundiari, ordenantza horreek familia horreentzako salbuespenak edo/eta hobariak ahalbidetzeko, progresibidade- eta errenta-printzipioei jarraituz. Ganera, gure lurraldean kalteberatasun-egoeran dagozan familiak babesteko politiken zeharkako eta erakunde arteko ikuspegiagaz lan egiten jarraitzeko eskatzen deutso Foru Gobernuari.
OMENALDIA EMAKUME MEATZARIEI
Modu berean, osokoak aho batez onartu dau Bizkaiko Foru Aldundiak meatzaritzan aritu ziran emakumeei eta euren familiei Gernikako Batzar Etxean omenaldia egitea eskatzen dauen Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko proposamena.
Talde morearen ekimenean bigarren puntu bat be sartu da, Aldundiak, Meatzarien Museoagaz koordinauta, Bizkaian zehar erakusketa ibiltari bat jarri daian martxan, emakumeek meatzaritzaren garapenean eta sostenguan egindako lana eta ekarpena ezagutarazoteko.
Bizkaiko Batzar Nagusien osokoak, Barakaldoko Udalagaz lankidetzan, Franco Belga konpainiaren zamalekuan oroitzapenezko plaka bat jar daiala eskatzen deutso Bizkaiko Foru Aldundiari, emakumeek meatzaritzan egindako lanari buruzko informazinoa emonez.
BPGaren ADIERAZLEAK
Azkenik, Bizkaiko parlamentuak errefusatu egin dau, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeen kontrako botoakaz, Aldundiak Bizkaiko ekonomiari buruz egiten dituan analisietan, BPGaz gain beste adierazle batzuk sartzea, ingurumena, ongizate mailea eta kohesino soziala kontuan hartuta. Elkarrekin Bizkaiaren eta EH Bilduren erdibideko zuzenketa-eskeak GGI (Giza Garapenaren Indizea), BAA (Benetako Aurrerapenaren Adierazlea), Planeta Zoriontsuaren Indizea, IKEIS (Ingurumen Kontabilitate Ekonomiko Integratuaren Sistema) eta BPG berdea sartu gura ebazan.