ALDUNDIAK SINPLIFIKAU EGINGO DAU BIZKAIKO ZONAKATZEA GARRAIO PUBLIKOAN ETA KENDU EGINGO DAU TRANSBORDOEN ORDAINKETEA
- Foru Gobernuak bere Agintaldi Planean sakontzen jarraitu dau gaur, Garraioa, Mugikortasuna eta Turismoa, Azpiegiturak eta Lurralde Garapena eta Ekonomiaren Sustapena sailetako titularrek Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldiakaz.
(Bilbon, 2023ko urriaren 3an). Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismorako foru diputatuak edegi ditu gaur goizean Batzar Nagusietako taldeei “Bizkaia Denontzat” Agintaldi Plana zehazteko Bizkaiko Batzar Nagusietan Foru Gobernuak eskatutako informazino saioak. Ibilbide orri horrek jasoten dituan “lehentasunezko” 120 jarduketen artean, Bizkaiko garraio publikoan transbordoen ordainketea kentzea dago, eta Bizkaiko tarifen zonakatzea sinplifikau egiten da. Legealdi honetan, foru Gobernuak, Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzearen (BMA) bultzadearen bitartez, lurraldeak, dagozan 5 tarifa guneen ordez 3 tarifa izan daizan egingo dau behar.
Bizkaibus izango da barriro sailaren inbertsino-esfortzu handiena jasoko dauena. Horri jagokonez, joaneko txartela Aldundiko autobus guztietara zabaltzea proponiduten da, Loiuko aireporturako ibilbideagaz gertatzen dan moduan. Eta ingurumenari jagokonez, foru diputatuak 2024an Aparkabisa enpresearen instalazinoak elektrifiketako "inbertsino garrantzitsua" iragarri dau. Horri esker, Bizkaibuseko flotak autobus elektriko barriak sartzen jarraitu ahal izango dau. Gaur egun, uriarteko autobus-lineek 6 ibilgailu elektriko eta 79 hibrido ditue, flotaren % 25a.
Aldundiak informazino terminalak sartuko ditu Bizkaibuseko markesinetan eta zutoinetan, autobusa heltzeko falta dan denporearen edo erabiltzaileentzat interesgarria dan beste edozein daturen ganeko informazinoa modu jasangarrian emoteko. Bertan, kortesiazko USB kargagailuak edo bezeroei arretea emoteko zerbitzura deitzeko interfonoak instalauko dira. Zerbitzuaren aplikazinoa barritu egingo da, autobusen kokapen “zehatzari” eta ibilgailuak geralekutik igaroteari buruzko informazinoa gehitzeko.
Mobikortasunaren arloan, Biziparken, Bizkaibizin eta Bizipuntuen hiru proiektu estrategikoak hedatu eta sendotuko dira. Proiektu horreek aurreko legealdian jarri ziran martxan, “bizikletearen erabilerea bultzatzeko eta errazteko”. Urrian, BizkaiBizi zerbitzua jarriko da martxan Bilboko eremu metropolitarrean, 650 bizikletagaz; daborduko 110 elementu dituan Bizipuntuen sarea etenbarik hobetuko da; eta bizikletentzako aparkaleku seguru bi gehituko jakoz BiziPark sareari, Berangon eta Trapagaranen, eta daborduko udalakaz hitzartuta dagozan 8 aparkalekuei gehituko jakez.
Barrikuntza lez, sailak diru-laguntza programa bat sortuko dau 5.000 biztanletik gorako udalei Uri Mobikortasun Jasangarriko Planak ezarten laguntzeko, eta beste bat Bizkaiko enpresei euren Mobikortasun Planak garatzen laguntzeko.
Bide Berdeen kudeaketea da legealdi honetan Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Sailaren esku itxi dan beste barrikuntzetako bat. Holan, Aldundiko arduradunak Bide Berdeen Lurralde Plan Sektoriala idatziko dala iragarri dau.
Turismoaren arloan, Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategia gauzatzen jarraituko da, sektorea suspertzeko agertoki barrian –pandemia aurreko zifrak berreskuratu dira–, sektorearen gobernantzea gidauz, Bizkaiko lurralde osoaren sustapenean eta jasangarritasuna lantzeko Eusko Jaurlaritzagaz koordinetean arreta berezia jarriz. “Barruko turismoa, landa ingurukoa eta industriala” modu berezian landuko dira.
1.061 MILIOI AZPIEGITURETARAKO
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren 2023-2027 legealdiko planak “1.061 milioi euroko” inbertsinoak aktibauko ditu. Inbertsino horreen barruan, mobikortasun barrirako proiektu handiak, itsasadarraren azpiko tunela adibidez, sarearen digitalizazinoa, soluzino barritzaileen aplikazinoa eta LED argiteria barriaren eta bizikleta-bideen LAParen hedapenaren bitarteko ikuspegi jasangarriagoa sartuko dira, Imanol Pradales saileko titularrak Bizkaiko Batzar Nagusietan aurreratu dauenez.
Plana jarduketako lau ildo nagusiren inguruan egituratzen da: Bizkaiaren eraldaketa bere azpiegituren bitartez; barrikuntzea bide azpiegituretan; jasangarritasuna eta energia-trantsizinoa foru errepide sarean; eta etorkizunean Bizkaia orekatua garatzeko prestakuntzea.
Azpiegiturei jagokenez, Pradalesek Itsasadarraren azpiko tunela –obrak 2024an hasiko dira– eta Etxebarria-Markina saihesbidea, Ermuko Mendebaldekoa eta Las Carrerasekoa aitatu ditu. Errepideen kapitulutik kanpo, sailak BAT (B Accelerator Tower) handitzeko II. eta III. faseak gauzatzeko eta gizarte ekipamendu barriak (Getxoko belaunaldien arteko zentroa), “elkartegi” barriak, banda zabalaren hedapenaren II. fasea edo EICren Full-Scale laborategiak egiteko egingo dau lan.
Legealdi honetan, Bizkaiko errepide-ardatz nagusiak gauzatzen doazan bitartean, helburua “sarearen eta bere eskariaren kudeaketa eraginkorragorantz eboluzionetea” izango da. “Bide Azpiegituretako Barrikuntzarako II. Planaren” bitartez, mobikortasuna deskarbonizau, bide sarean teknologia barriak sartu eta kudeaketa sistemak optimizau gura dira. Proiektu garrantzitsuen artean, Bizkaia Connected Corridor, Artxandako tuneletako Free-flow, Bide Azpiegituren Barrikuntzarako II. Plana (2024-2027) eta foru errepide sareko 1.300 kilometroen digitalizazinoa eta modelizazinoa dagoz.
Beste alde batetik, Europak 2050erako zero isuri garbira iristeko dauen helburua betetzeko, “2023-2030 Energia Jarduketarako Plan Orokorra” ezarriko da. Bizikleta bidezko mobikortasuna, ibilgailuen elektrifikazinoa eta garraio publikoaren optimizazinoa bultzatuko dira, besteak beste. Proiektu nagusien artean, itsasadarreko bulebarra, Barakaldo-Erandio zubi mobikorra, bidegorri barriak eta urien arteko bidegorriak, bide-sarean LED argiteriarako trantsizinoa eta errepide-sarean ekonomia zirkularra bultzatzeko jarduketak dagoz. Zaratea murrizteari jagokonez, Pradalesek La Avanzadaren estaltzea aitatu dau.
Plangintzari jagokonez, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak honeek onartzea aurreikusten dau: errepideen 2023-2035 LAP, eremu metropolitarra itsasadarraren ardatzaren inguruan eraldatzeko proiektua, III. Bidesarea Plana, bizikleta-bideen 2023-2035 LAParen hedapena, Elorrio eta Gipuzkoa arteko ahalmen handiko konexinoaren proiektua edo Errekaldeko saihesbidearen eraikuntza-proiektuaren idazketea. Modu berean, legegintzaldi honetan autobideetako gastu-mugaren politikeagaz jarraituko da, eta ibilgailu astunentzako erabilerearen ordainketearen II. fasea gauzatuko da.
BIZKAIKO ERALDAKETA EKONOMIKOAN SAKONTZEA
Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapen diputatuak, bere sailak 2023-2027 legealdirako Bizkaiko Batzar Nagusietan izango dauen plana zehaztu dau arratsaldean. Planaren helburu nagusia Bizkaiaren eraldaketa ekonomikoan sakontzen jarraitzea da, erronka global handiei erantzuteko, enpresa-sarea indartuz eta kalidadezko enpleoa sortzea bultzatuz.
Plana jarduketa estrategikoko bost ardatzetan hedatzen da, talentuaren aldeko konpromisoa eta ekintzailetza aurreratuaren eta industriaren bultzadea, lurralde “orekatua, kohesinoaua, edegia eta erakargarria” ziurtatu arte. Bizkaia “ardatz atlantikoan ekintzailetzaren eta barrikuntzaren nazinoarteko erreferente” lez jartea bilatzen da, bere dinamismoa eta industriari eta zerbitzu aurreratuei laguntzeko ekosistema sendoa azpimarratuz.
Ainara Basurkok aitatu dituan proiektuen artean, talentuaren arloan, “STEM talentuaren aldeko konpromisoa” izeneko proiektua martxan jartea nabarmentzen da. STEM bokazinoen sentsibilizazinotik eta bultzadatik hasi eta konpetentzia digitalen hub bat sortzera bitarteko jarduketa dekalogoa da, eta kanpoko eragile publiko zein pribaduen lankidetzeagaz gauzatuko da. Modu berean, lehia-prozesu horreetan emakumeen presentzia bultzatuko da.
Ekintzailetza aurreratuari jagokonez, zerbitzuen eskaintza integrala eta ekintzailetza aurreraturako laguntza eskainiko dira, laguntza, trebakuntza, finantzaketa eta bikaintasun zentroakazko eta nazinoarteko nodoakazko konexino programak barne. Modu berean Ekonomia Sustatzeko Sailak legealdi honetan “73 startup eta 41 enpresa” lanean ari diran BAT, B Accelerator Towerren garapena osatuko dala aurreikusten dau. Atal honetan, funtsak bultzatzen jarraituko da Seed Capitaletik.
Datozan lau urteetarako Ekonomia Sustatzeko Plana industria eta zerbitzu aurreratuetako enpresak indartzera be bideratuko da, barrikuntzea, nazinoartekotzea eta lankidetzea bultzatuz eta digitalizazinoa eta jasangarritasuna lehenetsiz. Arlo horretan, lurraldean bikaintasun-zentroen sarea (EIC, NIC, AIC, CFAA…) hedatzeko asmoa dago, hub espezializauak barne, horreen artean Zorrotzaurren egongo dan ikus-entzunezko eta sormenezko industriari eskainitakoa, eta industriarako kuantikara bideratutako beste bat.
Azpiegiturei jagokenez, Basurkok jarduera ekonomikorako kalidadeko espazio lehiakorrak bultzatzeko funtsa iragarri dau. Zallan eta Ispasterren alkartegi barriak egongo dira, eta Durangaldean beste gune bat, Ekogarapen Zentroaren barruan.
Azkenik, eta bosgarren ardatz lez, sailak nazinoartean “ezaguna eta aintzatetsia” dan Bizkaiaren aldeko apustua egiten dau. Merkadu estrategikoen “barrikuspena” egingo da, narratibra zehazteko eta xede “eraginkorrak” ezarteko.