ALDUNDIAK BOST MILIOI EURO ERRESERBAU DITU BIZKAIAN “SAKABANATUTAKO” ETXEBIZITZETAN 5G “ITZALGUNEAK” KENTZEKO
- Landa eremuetako “7.621 atariri” banda zabala zabaltzeko aurton amaitu behar dan planaren inbertsino “gehigarria” izango da, Elixabete Etxanobe foru diputatuak iragarri dauenez.
- Elkarrekin Bizkaia taldeak Aldundiak dituan errentamenduen eta arrakala digitalaren kontra martxan jarri diran neurrien ganean galdetu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.
(Bilbon, 2023ko zezeilaren 7an). Elixabete Etxanobe Landajuela Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, lurraldearen digitalizazino proiektuaren eta Foru Gobernuak arrakala digitala saihesteko martxan jarri dituan neurrien inguruan erantzuteko Elkarrekin Bizkaia taldeari. Azken gai horri jagokonez, Aldundiko arduradunak iragarri dau plan horreen barruan Aldundiak “5 milioi euro gehiago” erreserbauko dituala Bizkaia osoan zehar “sakabanatuta” dagozan 5G-ko “itzalguneak” izenekoak kentzeko.
Telefonia-operadoreen hedapen-planetan sartzen ez diran lurraldeko 7.621 atari (etxebizitzak, establezimenduak, negozioak...) konektetako gaur egun gauzatzen ari dan eta aurton bertan amaitzea aurreikusten dan hasierako planteamentuaren estaldura gehigarri hori, katalogazinoa amaitzeko zain dago, Eusko Jaurlaritzaren eta udalen inplikazinoagaz. Lan horreen helburua “itzalgune” horreek “antzematea” eta Gobernu Zentralari helarazotea da, “gune zuri” izendatu daitezen, “holan jardun ahal izateko”.
Momentuz, Aldundiak banda zabal horren hedapenagaz jarraitzen dau, “10 milioi euroko” inbertsinoa aurreikusten dauen planaren bitartez, zuntz optikoa zabaltzeko behar diran lanen kostuaren % 90 arte bere gain hartzen dauen diru-laguntzaren bidez. Telefónica ari da lan hori egiten, enpresa hori izan dalako “eskaintzarik onena” eskini ebana. Gaur egun, konpainia hori “3.100 ataritan” sarearen instalazinoa amaitzen ari da. Beste “3.386tan”, lanak hasi dira, eta “1.135etan” beharrezko baimenak tramitetan ari dira.
Aldi berean, Aldundiak beharrean jarraitzen dau Administrazinoaren digitalizazinoan, “herritar guztien aukera bardintasuna bermatzeko”, holan teknologia “tresna bat izango da, eta ez helburu bat”, herritarrek “gurago daben kanala aukeratu daien”.
Horretarako, abiadura handiko sarea lurraldean zabaltzea “betebeharra” da. Izan be, “enpleoa eta enpresen garapena bultzatzen ditu”, landa ingurune “erakargarriagoa” sortzea ahalbidetzen dau eta positiboa da Administrazinoa herritarrengana hurbiltzeko, herritar horreen adina edozein izanda be. Baina Aldundiak ez dau aurrez aurreko arretea indartzea ahaztu.
Horri jagokonez, Etxanobek adierazo dau Aldundiak beharrean jarraitzen dauela Gertu bulego gehiago zabaltzeko, “Markinan, Igorren, Getxon eta Bilbon”, hain zuzen be, eta telefono bidezko arretea telefono-zenbaki bakarrean zentralizetako, “hizkuntza-bitartekotzan”, beste hizkuntza batzuetan komuniketako (ingelesez, frantsesez, arabieraz, txineraz…) edo bideo-dei zerbitzuaren instalazinoan.
Arrakala digitalaren arloan, diputatu andreak baieztu dauenez, proba pilotu bat arrakastaz egin ostean, 65 urtetik gorako personen trebetasun digitalak hobetzera bideratutako “Lagunkoitasun Digitala” ekimenaren barruko tailerrak zabalduko dira lurraldean zehar. 2021eko azterlan batek erakusten dauenez, hori da ezagutza teknologiko “txikiak” dituen persona gehien batzen dituen adin tartea.
Funtzionarioen artean “gaitasun digitala bultzatzeko” proiektu baten eskutik joango da ekimen hori. Proiektuaren helburua arlo horretan “trebeak” diran langileak izatea da, gaiztasunak daukiezan kolektiboei laguntzeko. Azken horreen artean, baliabiderik ez daukien edo desgaitasunen bat daukien personak aitatu ditu.
ALOGADUTAKO HIGITUEZINAK ETA GARAJE-PARTZELAK
Elkarrekin Bizkaia taldeak beste batzorderatze bat eskatu dau, Aldundiak orain denpora gitxi alogadu dituan higituezin batzuen erabilereari eta beharginek aparkaleku batzuez egiten daben erabilereari buruzko “zalantzak” sortu jakozalako. Foru diputatuak, higituezinen bat alogetako Aldundia bere gain hartzen ari dan gastuei eta bere jarduerea aurrera eroateko garaje partzela guztiei buruzko hainbat zifra emon ditu.
Aparkalekuei jagokenez, Etxanobek zehaztu dau Aldundiak eta foru-erakundeek “405 garaje plaza” daukiezala, jaubetzakoak zein errentan hartutakoak. Horreetatik, “115” plaza alogaduta dagoz (53 Aldundiak eta 62 foru-erakunderen batek). Diputatu andreak esan dauenez, alogadutako plaza horreen arteko “76ren” hileko kostua “9.785 eurokoa” da. Ganerakoei jagokenez –39–, ezin izan dau Aldundiarentzat daukien kostua emon, bulego baten alokairuagaz “batera” doazalako.
Talde morearen galderei erantzunez, diputatu andreak, Gardentasunerako eta Gobernu Onerako Zuzendaritzako “20” behargin “behar dan artean” birkokatzeko orain denpora gitxi Bilboko Kale Nagusiko 2. zenbakian alogadu dan bulegoari buruzko zehaztasunak emon ditu. Bulego barriek 5.082 euroko kostua izango dabe hilean (BEZ barne) alokairu lez, eta kopuru horri, bulegoak egokitzeagaitik ordaindutako 74.975 euroei gehituko jakoz.
Etxanobek Batzar Nagusietako taldeei gogoratuazo deutsenez, badago 2018an egindako “egoitza plana”. Hasi eta denpora gitxira “bigarren planora” pasau zan pandemiaren agerpenaren ondorioz, baina, aurrerantzean, helburu berbera izango dau: “kostuen murrizketan aurrera egitea eta baliabide publikoen optimizazinoa lortzea”. Etorkizunerako, eta horretan oinarrituta, “zerbitzu guztiak eraikin bakarrean batzeko lanean jarraitzea da komenigarriena”.
Israel Escalante Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekideak, ostera, Aldundiak “ez daukala” plangintzarik esan dau, eta horrek “gainkostuak” dakarzala, dirua Kale Nagusia 2 lako higiezinak alogetako erabilten dauelako, Bizkaia Torrean erabilera propiorako solairu “hutsak” dituanean. Aldundiak talde moreari bialdu deutsan eta “8 milioi euro inguruko” alokairuak zehazten dituan zerrendan oinarrituta, “ez dagoala egoitza plan argirik” ondorioztatu dau Escalantek.