BIZKAIKO BOST ERREPIDETAN IBILGAILU ASTUNEN KANONA EGUNERATU DAUEN DEKRETUA AURKEZTU DAU ALDUNDIAK BATZAR NAGUSIETAN

  • Erabilerarengaitik daborduko ordainketa hori daukien errepide biak dira, N-240 eta BI-625, eta Imanol Pradales diputaduak batzordean iragarri dauenez “udatik aurrera” A-8 autobideak Kantabriako mugaraino, N-636 errepideak Durangotik Gipuzkoara, eta BI-30 errepideak Gurutzeta eta Erletxe artean horreekaz bat egingo dabe. 

 

(Bilbon, 2024ko urtarrilaren 19an). Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailak ibilgailu astunek lurraldeko bost errepide merkantziak garraiatzeko erabilteagaitik ordaindu beharko daben kanonaren zenbatekoa zehaztu dauen Foru Dekretua Batzar Nagusietako taldeei azaltzeko informazino-izapidea bete dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Errepideak honeek dira: orain arteko N-240 (Barazar) eta Laudiotik Basaurirako BI-625 errepideak, eta A-8 autobidea Basurtutik Hagaraino, N-636 errepidea Durango-Gipuzkoa tartean (Kanpanzar) eta BI-30 errepidea Gurutzeta eta Erletxe artean. Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputaduak baieztu dauenez, aurton tarifak izoztu egingo dira, eta hiru tarte barriak “udatik aurrera” sartuko dira sisteman. 

Garraio astunetarako ordainketea igazko urtarrilaren 25ean ezarri zan bide horreetako bitan, N-240 eta BI-625 errepideetan. Errepide bi horreetan, Europak baimendutako gehieneko kanona baino “txikiagoa” ezartea erabagi zan, eta erabileraren maiztasunarengaitik eta ibilgailu eraginkorragoak erabilteagaitik laguntzeko deskontuak ezarri ziran. Ordainketako tarte horreek 7/2022 Foru Arauaren bitartez ezarri ebazan Aldundiak, garraiolariek, modu “ekitatiboan”, Europako Zuzentarauetan ezarrita dagoan lez, “zergapetutako bideakaz erlazionautako kostuak finantzatzen lagundu eien”, diputatuak Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko batzordean gogora ekarri dauenez.

 

Foru arau hori onartu zanetik Aldundiak dozenaka “free flow” arku instalau ditu, mugatutako bideguneetatik ibilgailuen igarotea kontroletako. Gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu dan Foru Dekretuak, kilometrajea kontuan izanda aldatu egiten diran tarte horreetarako tarifa orokorrak ezarri ditu. Holan, 3,5 eta 12 tona arteko pisua daukien ibilgailu “Astunak I”, eta 12 tonatik gorako ibilgailu “Astunak II” izenekoak, bardin zergapetzen dira. 2023an aplikau ziran tarifak “izoztea” erabagi dau Aldundiak.

Ibilgailu guztietarako bidesariei jagokenez, Pradalesek beste foru dekretu bat onartu dala baieztu dau, kasu honetan Aldundiaren titulartasunekoak izanda ordaindu behar diran bideetan 2024rako tarifak jasoten dituana. Holan, dekretuak, batez beste, “% 3ko” hazkundea jasoten dau ibilgailu arinentzat, eta hileko gastuaren mugeari “36,84 eurotan” eustea ezarten dau. Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak jakitera emon dauenez, aurton Aldundiaren esku dagozan azpiegitura horreetan, hau da, AP-8an, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarrean eta Artxandako Tuneletan, merkantzien garraioan eragina daben tarifak be izoztu egingo dira.

Oposizinoko taldeek, eztabaidan Aldundiaren errepide politikeari buruzko hainbat kritika sartzeko aprobetxau dabe euren txandea. Gogorrena Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroalea izan da, eta penagarritzat jo dau diru-sarrerak galdu izana erabili izatea bidesarien igoerea justifiketako, foru-kutxek “larregizko diru-bilketea” daukien une honetan. Bere taldeak “zero bidesarien” politikea planteau dau barriro, azpiegiturak “aspalditik amortizauta dagozalako”.

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu Aldundiaren errepide politikan eta garraio publikoaren kaltetan ibilgailu pribaduaren alde egin dauen apustuan zentrau dira. Bidesariak baztertu barik, “beharrezkoak” diralako, Elkarrekin Bizkaia taldeko Ricardo Vaquerok beste deskontu batzuk eskatu ditu, “funtsezko” beharrei erantzuteko eta garraio publikoaren aldeko apustua egiteko, trenaren aldekoa batez be. EH Bilduko Aitor Lópezek, bere aldetik, Bizkaiko errepideen tarifen kudeaketan “eskualdeen artean dagoan diskriminazinoari” erantzutearen “erronkeari” erreparau deutso.

Oposizinoari entzun ostean, Pradalesek hainbat datu emon gura izan ditu emaitza onak lortzen ari dan kudeaketea defendiduteko. “Gaur gaurkoz”, gastu mugearen sisteman “27.400 persona baino gehiago” dagozala alta emonda ziurtatu dau. 2017-2023 aldian, Aldundiak “43,5 milioi” erabili ditu “bidesari sozial” hori diruz laguntzeko. Gaur egun lanegun bakotxean “18.000 ibilgailu igaroten dira batez beste” Supersur izenekotik, horreetatik “4.700” kamioiak. AP-68ko konexinoari esker, errepide horrek A-8 autobideko trafikoak hartu ditu. Ibilgailu arinei jagokenez, erabilerea % 23 igon da, eta astunei jagokenez, % 6,1. Eta, azkenik, esan dauenez, kamioiak erabilteagaitiko kanonaren politikea funtzionetan ari da, izan be, helburua trafikoak edukiera handiko errepideetara desbideratzea zan. Adibidez, Arratian, N-240 errepidean, “% 60” murriztu dau kamioien joan-etorria.

 

ZUGATZEN MOZKETEA BARAKALDON

Beste alde batetik, Batzar Nagusietako Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk diputatuaren batzorderatzea eskatu eben, Barakaldoko ertzeko All Iron zubiaren obratan aurreikusten dan zugatzen mozketa posiblea azaltzeko.

Pradalesek adierazo dauenez, ez da “ezelango erabagirik” hartuko lan horreek kaltetu leikiezan “20 platanondoen” ganean, harik eta Bilbao Ría 2000k, zugatzak dagozan lurren jaubeak, txostena bialdu arte. Enpresa esleipendunak bertan metatu gura dau obrako materiala, eta txostenak zugatzen “ingurumen arloko balioaren kalkulua” ezagutzeko aukerea emongo dau. Aldundiak “ahalik eta eragin txikiena izateko” konpromisoa hartu dau. “Salbau ahal badira, salbau egingo dira”, esan dau diputatuak, baina txostena ezagutu arte ez dala neurririk hartuko berretsi dau.