ALDUNDIAK ABIÑAKO SAN ANTONIO AUZOARI LOTUTAKO ESPEDIENTEA EZ EDEGITEKO JARREREARI EUTSI DEUTSO

  • Elixabete Etxanobe Herri Administrazinorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, Bizkaiko Batzar Nagusiek osokoan hartutako erabagi bidez eta hainbat ebazpen judizial “irmeren” ostean Sukarrietakoa izateari itxi eutson San Antonio auzoaren inguruan Aldundiak daukan jarrerea azaltzeko.
     
  • Aldundiak, batez beste, gizarte eta ingurumen arloko “14” klausula aplikau ditu legealdi honetan, kontratu espediente bidez.


(Bilbon, 2023ko martiaren 7an). Espedientea “artxibauta dago eta ez da beharrezkoa” barriro zabaltzea. Elixabete Etxanobe Herri Administrazinorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatutako agerraldian, Abiñako San Antonioren kasua “epai irmeagaz” “epaituta dagoala” eta Aldundiak une honetan “ez daukala izapide administratiborik egiteko gaitasunik” esan dau. “Ez da borondate kontua, legaltasun kontua baino”. Espedientea “itxita” dago, errepikau dau, holango kasuek herritarrengan “hausturea eta mina eragiten dabela”, eta bide judizialaren aldeko apustua egin aurretik “akordioak lortuz” saihestu eitekeala esan ostean. 
 
Batzar Nagusietako EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek Etxanoberen agerraldia eskatu dabe Bizkaiko Batzar Nagusietan, Aldundiak Abiñako San Antonio auzoaren inguruan daukan jarrerea barriro azaltzeko. Batzar Nagusietako talde biek gogora ekarri dabenez, orain urtebete, 2022ko martiaren 11n, Sansinderi herri plataformea etorri zan Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordera, eta bost urte lehenago Gernikako Batzar Nagusien osokoak Abiña Busturiari emoteko hartu eban erabagia “informazino desegokian eta oinarri faltsoetan” oinarrituta hartu zala adierazo eben bertako kideek, epai judizialak bideratu ebezan “berberetan”.

Gero, 2022ko maiatzaren 6an, EH Bilduk eskatuta, Sansinderi plataformak emondako informazinoa kontuan izanda txosten teknikoa egiteko eskaria Aldundiari helarazotea proponidu zan. Proposamen horrek oposizinoko talde guztien aldeko botoa eta Gobernua eusten daben taldeen kontrakoa jaso eban.

Halanda be, Aldundiko zerbitzu juridikoei kontsultau ostean, plataformak batzorde horretan emon eban informazinoa “daborduko epaitua izan dala” defendidu dau Etxanobek, eta gogora ekarri dau kasua “esku hartzen daben alde guztiek emondako informazinoan oinarritutako epai judizialagaz amaitu zala, baita Sukarrietak galdutako lurrak berreskuratzeko aukerea defendiduteko plataformak berak aurkeztutako informazinoagaz be”. “Ez dago aztertu edo epaitu ez dan gertaera barririk”, ebatzi dau.


LEGEALDI HONETAN GIZARTE ETA INGURUMEN ARLOKO “5.664” KLAUSULA APLIKAU DIRA

Aldundiak kontratazino prozeduran gizarte eta ingurumen arloko eta beste politika publiko batzuei buruzko klausulak sartzeko Araudi betearazlea aurkeztu eban 2017an. Gaur, Etxanobe batzordera etorri da, agintaldiaren balantzea egiteko eta Elkarrekin Bizkaiaren “zalantzak” argitzeko, ez-beteteak gertatzekotan izandako ondorioei jagokenez. Holan, talde moreak koordinazinorako eta ebaluazinorako laguntzea kanporatzeko errazoiez, ez beteteakaitik ezarritako zehapenez eta klausula aplikagarriak zabaltzeko aukeraz galdetu dau. Araudia “erabilgarria da, baina ez da bere ahalmen osoan erabilten”, Israel Escalante talde horretako batzarkidearen berbetan.

Diputatuak azaldu dauenez, legealdi honetan balantzea “oso ona” da, guztira “407 espedientetan 5.664 klausula” aplikau diralako. Horrek, batez beste, kontratu bakotxeko “14” klausula erakusten ditu. Gogora ekarri dauenez, Aldundia “aitzindaria” izan zan klausula horreen aplikazinoan, eta klausula horreen helburuak kalidadeko enpleoa sustetea, laneko eskubideak bermatzea, laneko osasuna bultzatzea, ingurumenaren babesa indartzea, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta gizonen eta emakumeen arteko bardintasuna bultzatzea dira, besteak beste.

Horren ostean, Etxanobek Elkarrekin Bizkaiak egindako hainbat galderari erantzun deutse. Lehenengo eta behin, bagileko idatzizko erantzun-eske bat ekarri dau gogora, talde moreari berari igorria, klausula horreen koordinazinoa eta ebaluazinoa egiteko kanpoko enpresa batek parte hartu izana ukatzen ebana. Lan hori Aldundiko “Kontratazino Zerbitzuko beharginek” egiten dabe, ziurtatu dau.

Ez beteteei jagokenez, diputatuak ukatu egin dau irregulartasunik egon danik. “Ez dira urratu Aldundiagaz egindako kontratuetako batean be sartutako klausulak, eta, beraz, ez da ezelango zehapenik ezarri behar izan, ez da kontraturik suntsiarazo behar izan, ezta errazoi horrengaitik enpresakaz kontratazinoa debekau be”, esan dau. Esandakoak klausula horreek aplikau diran diru-laguntzetarako be balio dau.

Klausula horreen etorkizunaren ganean galdetuta, Etxanobek adierazo dauenez, Aldundiak beharrean jarraituko dau araudia hobetzeko. “Daborduko beharrean ari gara” gida praktiko “intuitiboago eta operatiboago” barria egiteko, politika publikoetan izan diran barritasunak eguneratzeko. Etenbako hobekuntzarako politikea Aldundiaren beraren kontratazino kudeatzaileari be helarazoko jako.