ALDUNDIAK 20 MILIOI EURO SARTUKO DITU EKONOMIA SUSTATZEKO AURREKONTUETAN ENPRESA TXIKI ETA ERTAINENTZAKO ZUZENEKO LAGUNTZETAN

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek amaierea emon deutsee gaur Ogasun eta Finantzetako batzordeei, 2023ko Bizkaiko Aurrekontuak zehaztu dituen Ekonomia Sustatzeko Sailagaz eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailagaz.
     
  • Ainara Basurko buru dauen sailak 79,8 milioi euroko aurrekontua izango dau, eta Aldundi osoan gitxien hazten dana izango da, % 0,4a.
     
  • Aldundiak 7,4 milioi gehiago esleitu deutsaz Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako aurrekontuari, 94,1 milioira heldu arte.
     

(Bilbon, 2022ko zemendiaren 11n). Gaur amaitu dira Bizkaiko Batzar Nagusietan 2023ko lurraldeko aurrekontuen foru arauaren proiektua azaltzeko informazino batzordeak, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuaren eta Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako arduradunaren agerraldiagaz. Aurrekontu-izapidetzearen fasea amaituta, datorren astean zuzenketa-eskeak aurkezteko epea zabalduko da. Herritarrek alegazinoak erregistretako epea, barriz, bihar amaituko da. 

Ekonomia Sustatzeko Sailaren aurrekontuari jagokonez, 79,8 milioi euro izango ditu, aurtengo aurrekontuak baino % 0,4 gehiago. Programa horreek “Bizkaian enpresa-eraldaketarako eta trantsizino handietarako laguntzea indartzeko eta, holan, abagune ekonomikoaren ondorioei erantzuten jarraitzeko” balioko dabe.

Ainara Basurko diputatuak egindako kontuen banakapenean, guztizkoaren % 42a, hau da, 33,7 milioi euro, enpresa-sarearen barrikuntzea eta lehiakortasuna bultzatzeko erabiliko da. Atal horretan, ETEentzako zuzeneko laguntzen programak nabarmentzen dira, 20,1 milioi euroko partidea barne hartuta, % 6ko hazkundeagaz. Kapitulu horretan, barrikuntza lez, sailak garraioaren sektorea modernizetako laguntza-programa “barria” txertatuko dau.

Sail horretako beste partida handia –% 39a– enpresak sustatzeko jardueretarako erabiliko da. Nabarmendu behar diran partiden artean dagoz, besteak beste, ekintzailetza aurreratuaren eremuan inkubazinorako, azelerazinorako, zerbitzuen eskaintzarako eta nazinoarteko konektibidaderako 14,5 milioi euroak; edo proiektu barritzaileak gauzatzeko laguntza-programetarako 4,5 milioi euroak. Atal horretan, talentua, STEM talentuak batez be, garatzeko, atxikitzeko eta erakarteko ekimenetara bideratutako partiden % 49ko hazkundea azpimarratu dau, Ainara Basurko diputatuak, 5 milioi euroak gaindituta.

Diputatuak 2023rako turismoaren eta kanpo sustapenaren arloko helburuak be aitatu ditu, eta Bilbao Bizkaia 2030 turismo estrategiaren “finkatzea” nabarmendu dau. Kanpo sustapenerako eta turismorako aurrekontua 8,75 milioi eurokoa da ekitaldi honetan, eta ekintza sorta zabala hartzen dau barne. Horreen artean, Frantziako Tourraren urteerea azpimarratu dau Basurkok .

Modu berean, 2023ko kontuek 4,1 milioi euroko inbertsinoa aurreikusten dabe eskualdearen garapenerako, batez be Bizkaia Orekan Sakonduz estrategia gauzatzeko. Diputatuak azpimarratu dauenez, programa hori % 33 hazi da legegintzaldiaren hasieran sortu zanetik.

Sailak 42 Bizkaia, BAT, AIC, CFAA, EUP!, EIC edo Zulaibarko campusa moduko proiektuak finkatzen eta sendotzen jarraituko dau. Lan horregaz batera, hainbat proiektu barri “hasierako fasean” jarriko dira martxan: BIKE, STEM talentuaren erakarpena, eskualdeko lehiakortasun-proiektuak eta aitatutako garraio-sektorea modernizetako programea.

Laburbilduz, Basurkok adierazo dauenez, Bizkaiko enpresen eta ekintzaileen “1.000 proiektu baino gehiago” bultzatzeko diru-laguntzak eta programak emotera bideratuko dira aurrekontuko “10 euro operatibo bakotxeko 7,5 euro”. % 56, 31,5 milioi euro guztira, itzuli beharrik bako diru-laguntzak izango dira.

 

FORU-BULEGO BARRIAK IGORREN ETA MARKINAN

Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak emon deutse amaierea eguerdian Aurrekontuei buruzko informazino saioei, eta bere sailak 94,1 milioi euro izango dituela nabarmendu dau, hau da, aurton baino 7,4 milioi gehiago, “udalerrietatik gertuago egoteko eta gobernu digital inklusiborako trantsizinoa bizkortzeko”, besteak beste.

Sail horren aurrekontuaren erdia baino gehiago gobernu digital inklusiborako trantsizinoa bizkortzera bideratuko da, helburu honeekaz: “Aldundiak berak eskaintzen dituan prozesuak eta zerbitzuak hobetzea, lurraldearen kohesinoa, gizarteratzea eta lurraldeak ekonomia teknologikoan eta digitalean aurrera egitea, GovTech Bizkaia eta Datuaren Estrategia moduko proiektuakaz”.

Aldundiak kanal anitzeko sare integraua ezarteko prozesua bizkortuko dau, herritarrek sarbide-kanala aukeratu daien; halanda be, sailaren aurrekontuan aurrez aurreko arretea indartzea aurreikusten da, 2023an Igorren eta Markinan Herritarrei Arreta Integrala emoteko Bulego barriak edegita.

Sailaren beste lehentasunetako bat udaletatik eta eskualdeetatik gertuago egotea izango da. Horretarako, 8,5 milioiko aurrekontua emongo jako BiscayTIK Fundazinoari, tokiko erakundeen modernizazinoa bultzatzeko. Ganera, 4,7 milioi sartuko dira aholkularitza-programa batean, eta 3 milioi diru-laguntzetan, udal txikiek azpiegiturak gauzatu daiezan.

Prebentzino, Su Itzaltze eta Salbamentu Zerbitzura bideratutako partidea % 23,62 igongo da datorren urtean, eta 6,2 milioi euroko zuzkidurea izango dau. Halan, gehikuntza horren errazoi nagusiak honeek dira: Uriosteko eta Markinako parkeak hobetzeko eta barritzeko obrak, eta Iurretako eta Derioko parkeetan egindako lanen amaierea; Ipazterreko maniobra-eremua barritzeko eta hobetzeko lehen fasea; suhiltzaileen parkeetan eguzki-panelak jartea eta baso-ibilgailu bat erostea eta flotako beste ibilgailu batzuk hobetzea.

Modu berean, aitatu behar da aurton 3.093.000 euroko partidea ezarri dala 2023ko Batzar Nagusietarako hauteskundeetarako.

Azkenik, Etxanobek Aldundi osoaren aurrekontuaren I. kapituluaren atala zehaztu dau: 250 milioi euro, “ia % 5 gehiago”. Beharginei zuzendutako kapituluak 11 milioi euro gehiago batzen ditu, lau faktorerengaitik: ordainsarien % 3,5eko igoerea, Gizarte Segurantzako kuoten % 5,31ko igoerea, Next Generation funtsak kudeatzeko 200.000 euroko funtsa eta aldi baterako kontratazinoetarako (Errenta, Batuz…) 1,6 milioiko hornidurea.

Lan-taldeari jagokonez, 2022ko LEPak “356” plaza barri finkatuko dituala esan dau, eta horreetatik 164k (107 merezimentu-lehiaketa bidez eta 57 oposizino-prozesu bidez) lehen fasetik urtengo dabela. Horreei beste “196” plaza gehituko jakez, “laster argitaratuko dan” bigarren fasean.

 

ZUZENKETA-ESKEEN EPEA

Batzar Nagusietako taldeek datorren astean aurkeztu ahal izango deutseez zuzenketa-eskeak aurrekontu horreei. 2022koetan, 477 zuzenketa-eske erregistrau ziran; horreetako bi, EH Bildurenak eta Elkarrekin Bizkaiarenak, osoko zuzenketa-eskeak izan ziran. Zuzenketa-eskeen aldia itxi ostean –zemendiaren 30ean–, Batzar Nagusiek zuzenketa-eskeak aztertuko ditue, lehenengo osoko batzarrera deitu aurretik, osoko zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko. Osoko batzar hori, seguruenez, abenduaren 13an egingo da. Osoko horren ostean, zuzenketa-eske parzialak batzordean eztabaidatuko dira, halan bajagoko. Eta Batzar Nagusietako tramitea hilebete horren amaieran bukatuko litzateke -seguruenez abenduaren 28an-, Ogasun eta Finantzetako Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske parzialak aztertuko dituan beste osoko bategaz.