ALDUNDIAK ESAN DAUENEZ, ADINEKOAK ZAINTZEKO EREDU BARRIA EZARTEKO ERRITMOA “BETETEN ARI DA”

 

• Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da, berak halan eskatuta, urtebete egin dauen Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizino Planaren “aurrerapenak” jasoten dituan balantzea egiteko.
 

(Bilbon, 2022ko zemendiaren 16an). Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak Iraupen Luzeko Zainketetarako Trantsizino Plana ezarri zanetik lehenengo urtearen balantzea egin dau, Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Ibilpide-orria bere helburuak “beteten ari da” lau proiektu bultzatzaileetan: EtxeTIC zentroak, bizikidetza-unidade txikiak, eskualdeko erreferentziazko zentro soziosanitarioen sarea eta beharginen prestakuntzea. 

Holan, EtxeTIC ereduari jagokonez, Murillok gogorarazo dau azken urte honetan –plana 2021eko irailaren 20an aurkeztu zan– arau-esparrua garatu dala eta zentro bi jarri dirala martxan: 205 personari zerbitzua emoten deutsen Etxanizekoa, Bilbon, eta konektautako 148 etxe dituan Etxebarrikoa. Helburua 2023an zentro horreekaz lurraldearen “% 50” estaltzea da. Lehenengo biakaz daborduko “% 22a” lortu da.

EtxeTIC eredua Zallan zentro bat zabalduta helduko da Enkarterrira. Zentro hori “2023ko lehenengo hiruhilekoan” zabaltzea aurreikusi da, eguneko 15 plazagaz eta 745 personari zerbitzua emoteko ahalmenagaz. Apur bat gehiago itxaron beharko da Mungiako eta Basauriko instalazinoak martxan ikusteko. Lehenengoa “2023. urtearen amaieratik 2024. urtearen hasierara bitartean” hasiko da beharrean, 414 persona artatzeko ahalmenagaz. Eta bigarrenari jagokonez, horren proiektu arkitektonikoa “laster” esleituko da; 20 plaza arrunt izango ditu gehienez, eta 816 personari erantzuteko gaitasuna. Zentro hori “2024ko lehenengo seihilekoan” martxan egotea espero dau Murillok. Bien bitartean, Gizarte Ekintza Sailak “beharrean jarraitzen dau” EtxeTIC zerbitzua Bizkaiko eskualde gehiagotan zabaltzeko, Lea-Artibain, besteak beste.

Zaintza-eredu barri horretan garrantzi berezia dau egoitza txikietan bizikidetza-unidadeak sortzeak. Une honetan, “2.081 plaza” dagoz unidade horreetan, kokapen “zehatz” bategaz. Horreetatik “216 martxan dagoz, 757 plaza baimenduta dagoz eta beste 1.108, barriz, proiektuan”. Aurrekaririk bako eraldaketea da, arretaren personalizazinoan pausu garrantzitsua marketera deitua”, azpimarratu dau Murillok.

Sailaren aurreikuspena Sestaon eta Durangaldean bizikidetza-unidadeak izango dituen egoitza barri bi eregitea da, 120 plazako eukiereagaz. Foru diputatuak iragarri dauenez, unidade horreek ikuskapen plan “espezifikoa” izango dabe, eta horrek esan gura dau erabiltzailearen profila ohiko zentroetakoa baino “urte bi eta erdi” (86 urte) zaharragoa dala. Oso laguntza-premina “handiak”, gaitasun funtzional eta kognitibo “murriztuak”, dituen personak dira.

Sareko arretea “hobetzeko plan” horretan, bizikidetza-unidadeetarako eraldaketa hori eskualde mailako erreferentziazko lau zentro martxan jarrita osatzen da. Bilbon sektorerako erreferentzia dan Birjinetxe zentroak 100 plaza soziosanitario ditu. “Errendimendu osoan ari da beharrean”, Bizkaiko uriburuko “egoitza-plazen % 90 batzen dituen 39 egoitzari” aholkularitzea, orientazinoa eta babesa emonez.

Kapitulu horretan, Aldundia beharrean ari da aurreikusitako eskualde mailako erreferentziazko gainerako zentroek laguntza-talde espezializauak eta GUFEren zuzeneko kudeaketa publikoa izan daien. Leioa “martxan jarri barri” dago eta Barrualde, barriz, “laster hasiko da”. Bakotxak 25 plaza soziosanitario ditu. Eta oposizinoak plazaratutako itaunei erantzuteko txandan, Murillok aurreratu dau erreferentziazko laugarren zentroa Ezkerraldean jartea aurreikusten dala, eta “baleikela” Sestaoko zentro barrian egotea.

SATSE, UGT, ELA eta LAB sindikatuek foru erakunde horretan enpleoa suntsitzea kritiketan eben gutunaren inguruan galdetuta, Murillok adierazo dauenez, “hamabi urtean lehen aldiz” enpleoa sortu da GUFEn. Zehatzago, “sei” lanpostu barri dagoz, eta horrek plantillea “887” personara igon dau. Elkarrekin Bizkaiako Héctor Fernándezek erantzun dauenez, kontratazinoan hamabi urteko “izoztea egon izanak” ezin gaitu harro jarri. Izan be, lan publikoaren igoera txiki hori ez dator bat egoitza barriak eregitearen iragarpenagaz.

Azkenik, prestakuntzari jagokonez, Zaintzako Trantsizino Planaren helburua kualifikazino profesionala hobetzea da. Igazko zemendian egin zan laugarren ardatz bultzatzaileari –beharginen prestakuntzea– eukia emoteko diru-laguntzen deialdia. “Daborduko 500 profesional baino gehiagok baliau dabe”, eta aurton be jarraipena izango dau.


BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Batzar Nagusietako oposizinoko taldeek “beharrezkotzat” jo dabe zaintza-eredu barri horregaz aurrera egitea, baina hobekuntzak edo zalantzak be antzeman ditue ezarpen-prozesuan. Esther Martínezek (Talde Berezia-PP Bizkaia) EtxeTIC zentro barrien ezarpenean “martxa bizkortzea” eskatu dau, izan be, badagoz “beteten ari ez diran” zenbait helburu. Hector Medranok (Elkarrekin Bizkaia) Bilboko Etxaniz zentroaren balorazinoa eskatu dau, EtxeTIC eredua Bizkaia osora hedatzea justifiketako, eta egoitza handietako plazak bizikidetza-unidadeetan bateratzeari buruzko azalpena be eskatu dau. Eta Izaskun Duquek (EH Bildu), txostenek genero-ikuspegia izatea eta bizikidetza-unidadeetan erabilten dan ratioari buruzko erantzuna eskatzeaz gain, eredu hori ezarteak “ondorio” bat daukala salatu dau: “zainketen pribatizazinoa”.

Zentroen sarea zabaltzeak –EtxeTIC, bizikidetza-unidadeak eta eskualde-zentroak– Aldundiak proponidutako helburuak behar dan moduan “beteten ari dirala” erakusten dau, Foru Gobernua babesten daben talde biek nabarmendu dabenez. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek “ibilpide orri” hori apliketan jarraitzeko eskatu deutsie Gizarte Ekintza Sailari, adinekoentzako laguntza-zerbitzuaren kalidadea hobetzeko eta modernizetako.


HITZARMENA ETA ARRETA SOZIOSANITARIOA

Azkenik, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazino Orokorraren artean 2022. eta 2023. urteetan arreta soziosanitarioa emoteko sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenak lurraldeari ekarriko deutsonaren errepasoa egin dau Murillok.

Murillok adierazo dauenez, hitzarmen horrek “bultzatu” egingo dau zaintza-ereduaren eraldaketea. 2021ean daborduko, “40 plaza soziosanitario” gehitu ziran Birjinetxen, Bizkaia osoan 60 izatetik 100 izatera pasauz. Murillok azaldu dauenez, hitzarmenean agertzen diran plaza barriak Leioako eta Uribeko zentro barrietan zehaztuko dira. Datorren urtean “argazkia” “186 plazakoa” izatera pasauko da.