ALDUNDIAK IGAZ OTSOEN “38” ERASO ETA ABEREEN “54” HERIOTZA ZENBATU ZITUAN BIZKAIAN

  • Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian Amaia Antxustegi Ziarda Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko foru diputatuak, eraso horreetako 24 Karrantzan, 13 Gorbeian eta 1 Urduñan jazo zirala jakinarazo dau.  
     

(Bilbon, 2023ko urtarrilaren 9an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako batzordeak emon deutso hasierea Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordeen urteari, otsoak lurraldean daukan presentziaren inguruan Elkarrekin Bizkaiak eskatu dauen agerraldi bikotxagaz. Alde batetik, Karrantzan otso bat edo batzuk ustez “legez kanpo” hil izanaren inguruko informazinoa eskatzen zan, Lobo Euskadi alkarteak zemendian salatu ebanez. Eta, bestetik, eskualde horretan ganaduari egindako erasoei buruzko datuak eskatzen ziran. Azken gai horri jagokonez, Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko foru diputatuak jakinarazo dauenez, igaz, Bizkaia osoan, otsoen 38 eraso jazo ziran eta 54 abere hil ziran, ardiak batez be. 

Aitatutako alkarteak salatu ebanez “legez kanpoko ehiztariek” ustez otso batzuk hil ebezan inguru horretan eta gaur Xabier Benito batzarkideak batzordera eroan dau gai hori. Horri jagokonez, diputatuak azaldu dau Aldundiak ez dauela animalia basati horreen heriotzari buruzko ezelango salaketarik jaso, “ez Karrantzan, ez lurraldeko beste inon”. Komunikabide batzuetan agertutako informazinoen ostean, Antxustegik esan dau Basozaintzak ikuskapena egin ebala eta Ertzaintzari jakinarazo jakola, eta Ertzaintzari jagokola deliturik dagoan ikertzea, otsoa babestutako espeziea dalako. Ikerketak emaitza barik amaitu ziran. 

Bere bigarren agerraldian, diputatu andreak otsoak lurraldean egindako erasoei eta hildako animaliei buruzko zehaztasunak emon ditu. Abenduaren 27ra arteko datuakaz, 24 eraso izan ziran guztira Karrantzan. Horreetatik 19 bigarren seihilekoan erregistrau ziran. Eraso horreek 32 animalia hil ebezan. Eraso horreei, Gorbeian kontautako beste 13 eta Urduñan kontautako 1 gehitu beharko litxakiez. Holan, igaz hildako abelburu guztiak 54 izan ziran. Antxustegik zehaztu dauenez, izandako erasoek gehien kaltetutako animaliak ardiak izan ziran, Karrantzan bakarrik, otsoak 29 ardi hil zitualako. Eraso horreetan 2 behi eta ostruka bat be hil ziran. 

Gaur egungo legeak otsoa eta abeltzaintzaren ustiapen hedakorra aldi berean existidutea babesten dauela ikusita, Aldundiak beste administrazino batzuekaz bat egiten dau prebentzino-neurriak defendiduteko orduan, besteak beste, hesiak eta etxeko animaliak lokalizetako sistemak instaletea, mastinak erostea eta baserritarrei aleak galtzeagaitik kalte-ordainak emoteko laguntza-politikea. 2022an, zabalik egozan 20 espedienteek “3.789 euro” batu ebezan, kalte-ordain lez. Antxustegik iragarri dauenez, Gobernu kontsejuak Bizkaiko abereak babesteko laguntzei buruzko foru dekretu barria onartuko dau bihar, 55.000 euroko aurrekontuagaz, aurton baino 15.000 euro gehiago. 

EH Bilduk otsoaren babesari buruzko “hausnarketa serioa” eskatu deutse erakundeei, hainbat lurraldetan ezarritako prebentzino neurriak “ez diralako eraginkorrak izan”. Holan jarraitu ezkero, desagertzeko arriskuan dagoan espeziea “baserritarrak eurak izango dira”, esan dau Iratxe Arriolak, eta ustiapen hedakorra “ez dala” animalia basati horren presentziagaz “bateragarria” esan dau. Talde Berezia-PP Bizkaiatik, Eduardo Andrade bozeroaleak otsoa babestutako espezieetatik kentzeko eskatu dau, Kantabriak eskatu dauen moduan. 

Diputatu andreak “alarmismoan” ez jausteko eskatu deutse Batzar Nagusietako taldeei, bere berbetan otsoa ez dalako Bizkaian “abeltzaintza arriskuan jarten ari”. Otsoak legez babestutako espezie lez bizirautearen eta abeltzaintza hedakorra mantentzearen artean “oreka puntua” bilatu behar dala azpimarratu dau, eta hori kontuan hartu behar dau Eusko Jaurlaritzak espezie hori Euskadi osorako kudeatzeko plana prestetako orduan. 


MUGAKETA URDAIBAIN

Bizkaiko Foru Aldundiak Muruetako Ontziolak hartzen dauen lur-zati batean babes-zortasuneko eremua aldatzea proponidu deutso Gobernu zentralari, etorkizunean Urdaibaiko Guggenheim museoaren parte bat eregi gura dan lekuan. Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko diputatu andreak Batzar Nagusietan baieztu dau hori, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, baina ezin izan dau Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Foru Sailak eskatuta Kostaldeen esku dagoan espedientearen ganeko zehaztasun gehiagorik emon.

Elkarrekin Bizkaiak diputatu andrearen agerraldia eskatu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, eskari horrek indarrean dagoan ingurumen arloko araudiaren aurrean dituan inplikazino juridikoak, eta ingurune naturalean dituan ondorioak azaltzeko, Aldundiak Erreserban dituan eskumenak kontuan izanda. EH Bilduk, bere aldetik, ahozko erantzun-eske baten bitartez, Iraunkortasuneko diputatu lez Kostaldeei buruzko Legearen arabera babestuta egon behar dan mugaketaren babesaren aldaketeagaz –100 metrotik 20ra pasetea– bat datorren ala ez galdetu deutso.

Antxustegik ez dau mugaketaren “zuzenketea” balorau gura izan, espedienteak oraindino tramitazinoan jarraitzen dauelako Ministerioan eta espedientea ez dalako oraindino bere sailera heldu. “Jagokon fasean, aztertuko da”, esan dau, eta ingurumen prozedurapean jarriko da, “beste edozein proiektu lez”.


MEAZTEGI GOLFERAKO UR-BILKETAK

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak Trianoko urtegian Meaztegi Golf zelairako ura hartzeko moduari buruz galdetu deutso Foru Gobernuari. Talde horrek adierazo dauenez, abenduaren 5eko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean Azpiegiturak erakundeak URAri egindako eskaerea jasoten da, pozu horretatik urtean 173.000 metro kubiko ur hartzeko emakidarako, Zugaztietako golf zelaian erabilteko.

Antxustegik baieztu dauenez, eskaera horrek Bizkaiko golf zelai publiko bakarra sortu zanetik ura hartzeko ematen dan baimena “eguneratzea” dakar, uraren erabileran “ez dagoalako aldaketarik”. Minerala garbitzeko erabiltetik golf-zelaiko ureztatze-sistemaren parte izatera igaro da.