FORU ALDUNDIA BAZKIDE PRIBADU BATEN BILA DABIL ARTIGASEN BIOMETANIZAZINO PLANTEA EREGITEKO, BIZKAIAN HONDAKIN ORGANIKOAREN TRATAMENDUA BOSKOIZTEN LAGUNTZEKO

  • Aurreikuspenak beteten badira edukiontzi marroiaren hondakinak hemendik 2030erako lurraldean izango dauen hazkundea kudeatzeko aukeratu dan eredua azaldu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian Amaia Antxustegi Ziarda Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko foru diputatuak.
     
  • Biometanizazino-instalazinoa 2024an egon ahal izango da martxan, eta etxeetan erabilteko gasa eta “egungo kalidade bereko” konposta sortuko dau.
     

(Bilbon, 2022ko zemendiaren 7an). Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko sailetik lurraldeko hondakinen bilketea, kudeaketea eta tratamentua hobetzeko martxan jarten ari dan hainbat proiekturen barri emon dau gaur Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietan. Amaia Antxustegi diputatuak esan dauenez, Aldundiak izango dauen erronketako bat konpostaje-mailak hobetzea izango da, eta, horretarako, bere sailak Artigasen biometanizazino-planta bat eregitea erabagi dau, hainbat aukera aztertu ostean. Planta hori 2024an egon daiteke martxan. 

EH Bilduk hiru proiekturen garapen-mailea ezagutzeko eskatu eban foru arduraduna Batzar Nagusietara etortea: hondakin organikoaren tratamenturako eta biometanoa sortzeko biometanizazino planta hori; zabortegiak berrezarteko ekintza moltsoa, aprobetxamendu fotovoltaikoaren eta hondakinak balorizetako jardueren arloan; eta lurraldean ekonomia zirkularraren sustapenean inplikautako eragile guztiakaz batu eta alkarlanean arituko dan hondakinen prebentzinoaren eta kudeaketaren arloan sentsibilizazinorako eta barrikuntzarako zentroa. Iratxe Arriola batzarkideak konpostatze-proiektuen inguruan be galdetu dau.

Lehenengo eta behin, biometanizazino-plantarako, foru erakundea lankidetza-eredu publiko-pribaduaren alde agertu da. Datorren urtean sortu beharko dan soziedade barrian parte-hartze publikoa gehiengoa izango da, Garbikerren eta EEEren (% 51) partaidetzea dala eta. Bazkide pribaduak “alderdi publikoak ez daukan” gasaren kudeaketa komertzialerako gaitasuna emon beharko dau. Antxustegik jakitera emon dauenez, “eskaintza-kopuru handiak” eta horreek sortutako gaiek eskaintzak jasoteko epeak “beste aste bi” luzatzea gomendatu dabe, baina esleipen-prozesua datorren abenduan amaitzea espero dau.

Soziedade barri horren lehen eginkizuna instalazinoaren eraikuntza-proiektua eta obraren lizitazinoa “2023ko lehen seihilekoan” egitea izango da, 2024an martxan eukiteko. Horrezaz gain, “Bizkaian hondakin organikoaren 23 urteko tratamentua kontratauko da”, Antxustegik amaitu dauenez.

Diputatuak azaldu dauenez, planta hori funtsezkoa da 2030ean 59.000 tona materia organiko tratatu ahal izateko. Bizkaiko Konpostegiagaz eta eskualde mailako hiru plantakaz, Bizkaiak gehienez “18.000” tona tratetako ahalmena izango dau aurton, aurreikuspenen arabera ekitaldi hau “10.532” tonagaz itxiko dan arren.

Zabortegietako lurzoruak planta fotovoltaikoak instaletako erabilteari jagokonez, zenbait lursail euren ezaugarriengaitik edo kokapenagaitik baztertu ostean, Aldundiak Artigaseko eta Orconerako zabortegietako lurzoruak erabiltea planteau dau daborduko, aukera “bideragarriagoa dalako”. Planta horreek urtero “420.910 kW eta 111.900 kW” sortzeko gaitasuna izango dabe, hurrenez hurren. Artigasen kasuan, behin betiko gauzatzea “2023. urtearen amaierarako” planteau da, Antxustegik esan dauenez. Eta Orconerari jagokonez, bideragarritasun teknikoko azterlanak falta dira.


BASOBARRITZEA GANEKOGORTAN

Bestalde, Alonsotegiko 1 zenbakiko onura publikoko mendia ixteko-obrak egiten hasi ziran, Red Eléctrica Española (REE) enpresak Gueñes-Itsaso goi-tentsinoko linea eregiteko egin behar ebazan konpentsazino-neurrietan jasotako Ganekogortako pagadia zaharbarritzeko proiektuaren barruan. Hesiaren eginkizuna abereei pasetan ez ixtea zan, basobarritze lanetan kalterik ez eragiteko. EH Bilduk azalpenak eskatu deutsaz Aldundiari, Alonsotegiko Udalak, berak salatu ebanez, ez ebalako obra lizentzia eskaerarik jaso. Udalak, dekretu baten bidez, obrak gelditzeko eskatu eutsan Aldundiari.

Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko diputatuak azaldu dauenez, une honetan udal erakundeak “ez dau eragozpenik ikusten obrakaz jarraitzeko”; izan be, Foru Aldundiak, udalbatzako kideakaz, eragina jasaten daben abeltzainakaz, ekologistakaz eta mendi federazinoagaz, batez be, hainbat bilera egin ostean, eremu hesituaren perimetroan zenbait “egokitzapen” adostu ditu, itxitura-eremua “zabalduz” eta zugatzak barriro landatu beharretik libre geratuko dan azalerea “baztertuz”.

Modu berean, diputatuak esan dau Aldundiak ez dauela udal lurretan obra baimena eskatzeko betebeharrik; izan be, zaharbarritze proiektua linea horren eragina jasaten daben udalek (Garai eta Alonsotegi), Aldundiak eta REEk sinatu eben hitzarmenaren eta mendiei buruzko foru araudiaren hainbat artikuluren “babespean” dago. Lanek “200.000 euroko” aurrekontua izango dabe, eta epea “2023ko martxoan amaituko da”, “aurreikusitako epean”, Antxustegik zehaztu dauenez.


KARRANTZAKO ALKATEAREN PRESENTZIA

Batzarretako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordeak ez dau onartu Raul Palacio Portillo Karrantzako alkatea beste bilkura batera etortea eskatzen eban EH Bilduren proposamena, “lehortea dala-eta zer egoera bizi izan daben eta Aldundiak emon dituan erantzunak” Batzar Nagusietako taldeei azaltzeko. Elkarrekin Bizkaiak aldestu dauen eta Talde Berezia-PP Bizkaiaren abstentzinoa jaso dauen ekimena ez da onartu, Foru Gobernua eusten daben talde bien ezezkoagaitik.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek uste dabe Karrantzako alkateak “udal autonomiaren printzipioan” oinarrituta emon behar dituala azalpenak osokoan. Halanda be, Karrantzako alkateak emon ditu uraren gaiari buruzko azalpenak “beste foro batzuetan eta komunikabideetan”, Jesus Lekerikabeaskoa taldeburu jeltzaleak ohartarazo dauenez. “Bere eretxia ezagutzen dogu”, esan dau. Eretxi hori eskatu behar dabenak udalerriko ordezkari politikoak izatea eskatu dau jeltzaleak.