ALDUNDIAK ZIURTATU DAUENEZ, BIZKAIAN EZ DA “JARDUNBIDE TXARRIK” EMON ERREPIDEEN KONTRATAZINO PUBLIKOAN

  • Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko foru diputatua, Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, CNMCk zigortu barri dituan eraikuntza enpresei esleitutako lehiaketei buruzko informazinoa emoteko.
     
  • Basauri-Etxebarri bidegorriaren eraikuntza-prozesua “datozan” asteetan amaituko dau Aldundiak.


(Bilbon, 2022ko urriaren 24an). Aldundiak gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean ziurtatu dauenez, Bizkaian “ez da jardunbide txarrik izan, jardunbide onak baino” obra publikoak kontratetean, eta “zorionez lehia handia dago lizitazino gehienetan”. Adierazpen horreek Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko diputatuak egin ditu, Lehiaren Merkaduaren Batzorde Nazionalak (CNMC) sei eraikuntza-enpresa handiri lehia askea urratzeagaitik ezarritako isunaren inguruan Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak eskatutako agerraldian. Bizkaian, “lehia librea egon da, tokiko beste eskaintzaile batzuk egozalako”. 
 
CNMCk 203,6 milioi euroko isuna jarri eutsen garagarrilean sei eraikuntza enpresari (Acciona, Dragados, FCC, Ferrovial, Obrascón Huarte Lain eta Sacyr), azpiegiturak eregiteko lizitazinoetan lehia-prozesua 25 urte baino gehiagoz aldatzeagaitik. Hori dala eta, Eduardo Andrade Talde Berezia-PP Bizkaia taldeko bozeroaleak zigortutako enpresek Foru Aldundiarentzat edo foru sektore publikoko ganerako erakundeentzat egin dituen obrei buruzko informazinoa eskatu dau.

Halan, azkenengo 20 urteetan, Sacyr “bakarrik” izan da Aldundiaren edo foru-erakundeen obra publikoaren esleipendun. Pradalesek, zehatzago, 2007 eta 2012 urteen artean esleitutako sei kontratu aitatu ditu. Kontratu horreetan, enpresa horrek banaka edo ABEEan beste konpainia batzuekaz hartu eban parte. Besteak beste, BI-625 eta BI-631 errepideak hobetzeko lanak, Igorreko saihesbidearen eraikuntzea, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren tarteren bat edo Autzaganeko tunelak aitatu ditu. Guztira, “184 milioi euro inguruko balioa izan daben lanak”.

Pradalesek adierazo dauenez, kopuru hori CNMCk isun bat jarten deutsen sei enpresetako baten “ekarpen txikia” da, kontuan hartzen bada, foru erakundeei errepideak transferidu  jakezan 1985etik, Aldundiak “15.000 milioi euro” bideratu dituala. Hau da, Sacyrrek inbertsino osoaren “% 1,23an” hartu dau parte. Pradalesen eretxiz, horrek, berez, Bizkaian “ez dirala jardunbide txar horreek gertatu” erakusten dau.

Foru arduradunak adierazo dau, isunak hor dagozan arren, “zuhurtziaz” jokatu behar dala, enpresa eregitzaileek CNMCren epaiaren kontrako helegitea aurkeztu dabelako Auzitegi Nazionalean. “Jardunbide txarrak zigortu egin behar dira, baina errekursoak dagoz”, esan dau. Hori dala eta, legalidadeagaz “zorrotz jokatzeko” eskatu dau. Badago eraikuntza-enpresa horreetako bati errazoia emoten deutsan eta “isuna kendu deutsan” epai bat, “irmoa ez dana”. Pradalesek gogorarazo dau, halaber, “ez dagoala etenda” enpresa horreek lizitazino publikoetan eskaintzak egiteko aukerea.

Edozelan be, diputatuak berretsi dauenez, Aldundiak beharrezkoak diran zorroztasuna, zaintza eta kontrol neurriak apliketan jarraituko dau, eta hori gure DNAn egon behar da diru publikoagaz egindako lizitazinoei buruz berba egiten dogun bakotxean. CNMCren kasuan, isuna jaso daben enpresetako baten parte-hartzea “guztiz txikia” da Bizkaian, eta horrek, “hemen gauzak beste modu batera egiten doguzala eta kontrolak dagozala erakusten dau”.


ARRAZOLAKO BIDE BERDEA ETA BASAURI-ETXEBARRI BIDEGORRIA

Beste alde batetik, Bizkaiko parlamentuko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Batzordeak, Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen ekimenez, Arrazolako bide berdean “oinezkoentzako zubia” jarteko aukerea eztabaidatu dau, Martzaa auzoan, BI-4332 errepideagazko alkargunearen parean, une honetan bertan dagoan bidekurutze “arriskutsu” bat kendu ahal izateko. Popularren arauz besteko proposamena atzera bota dabe parlamentuko ganerako taldeek.

Atxondoko bailara (Bizkaia) zeharkatzen dauen Arrazolako trenbidearen bide zaharrera “familia asko joaten dira, ume txikiakaz”. Hain zuzen be, “bidekurutze horretan autoak abiadura handian eta bide berdeko oinezko bat errepide hori zeharkatzen ari bada erreakzionetako distantzia nahiko barik pasetan dira”, azaldu dau Eduardo Andrade batzordekideak.

Ganerako batzarretako taldeak ez dira neurriaren alde agertu. Izan be, lehenik eta behin, arazoa benetan existiduten dan ebaluau behar dala adierazo dabe, eta, halan balitz, soluzino teknikorik onena bilatu, hau da, pasabidea, tunela edo trafikoa moteltzeko elementuak jarri. Foru Gobernuari babesa emoten deutsen taldeetako ordezkariek ziurtatu dabenez, “ez daukie bidekurutzean segurtasun falta arazorik egotearen pertzepzinorik”. Aldundiak ez dau “kexa edo erreklamazinoen” barririk, ez tokiko agintarien ez erabiltzaileen aldetik.

Beste alde batetik, Batzar Nagusietako EH Bildu taldeak Basauri-Etxebarri bidegorria eregiteko emoten ari diran pausuen inguruan itaundu deutso Aldundiari. Zigor Isuskiza batzordekideak diputatuari gogorarazo deutsonez, igazko zezeilean, Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako beste agerraldi batean, obrea 2022. urtearen amaierarako lizitetea itxoiten ebala aurreratu eban. Pradalesek baieztu dauenez, “datozan asteetan” amaituko da eraikuntza-proiektua, eta “urte honen amaieran” hasi ahal izango da obren lizitazinoa.