HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAK BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOKO 2020KO EKITALDIKO KONTUEN GANEKO ERETXI “GUZTIZ GARBIA” DAUKA
- José Ángel Quintanilla erakundeko presidenteordeak nabarmendu dauenez, 2020. urteari buruzko txostena aurreko ekitaldietakoaren antzekoa da, pandemiak markautako aldia izan arren.
(Bilbon, 2022ko urtarrilaren 30ean). Herri Kontuen Euskal Epaitegia (HKEE) Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, 2020ko ekitaldiari jagokon Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorraren bere Fiskalizazino Txostena azaltzeko. Ogasun eta Finantzetako batzordean egin dan eta Ana Elguera presidentea eta José Ángel Quintanilla presidenteordea protagonista izan dituan agerraldian azpimarratu da aztertutako ekitaldian COVID-19ak eragindako pandemiak “ez ebala eragin nabarmenik izan”, eta Bizkaiko Lurralde Historikoko kontuen ganeko eretxia “guztiz garbia” dala. Gaur aurkeztutako dokumentuak fiskalizazino txostena eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako alegazinoak jasoten ditu.
Txostenak, aurrekontuari, zorpetzeari, finantza eragiketei, beharginei, obra, zerbitzu eta horniduren kontratazinoari, zuzenbide publikoko diru-laguntzen eta diru-sarreren emakidari, kontabilidadeko alderdiei eta Aldundiaren, GUFEren eta hogei foru erakunde baino gehiagoren kontuen finantza arloko azterketeari buruzko legezko alderdien azterketea jasoten dau. HKEEk, Lurralde Historikoko soziedadeen eta kontuen jarduera ekonomikoa eta finantzarioa arautzen dauen legezkotasuna beteteari buruzko bere eretxia emon dau, eta ohikoa dan lez, “salbuespenak” eta beste gogoeta batzuk sartu ditu. Bere berbaldian azpimarratu dauenez, “Bizkaiko Lurralde Historikoa osatzen daben erakundeak euren barne kontrolerako sistemak hobetzen ari dira, HKEEk egiten dituen gomendio asko gehituta”.
Lehenengo eta behin, Quintanillak adierazo dauenez, administrazino-kontratazinoko 41 espediente aztertu dira, 2020an formalizautako 22, eta horreetatik 3 esparru akordioak dira; GUFEren 6 espediente; Aldundiaren enpresa sektore publikoko 33 espediente; eta, ganera, erakunde guztiek hirugarrenakaz egindako gastua aztertu da, baita diru-laguntzak eta hitzarmenak be. Auzitegiko presidenteordeak adierazo dauenez, salbuespenen atalean “7 ez-betete” jasoten dira, baina horrek ez dau esan gura “Bizkaiko Foru Aldundiak errazoiz bete ez dauenik bere jarduera ekonomiko-finantzarioa arautzen dauen legedia”.
7 salbuespen horreen artean, organu eskudunaren kontratazino agindu barik gauzatu dan 1,1 milioi euroko Foru Aldundiaren kontratu bat eta kontratazino organu eskudunak esleitu ez eban Biscaytik Fundazinoaren 3 milioi euroko kontratu bat aitatu ditu. Foru Aldundiak larrialdiaren justifikazino errazoitu barik luzatu dau zerbitzu kontratu bat, kontratu barria formalizau arte, eta Bizkaikoa erakundeak ez dau esleitutako zerbitzu baten lizitazinoa argitaratu. Basalanek, Garbikerrek eta Biscaytikek “596.000 euroko balioa daben hornidurak edo zerbitzuak kontratau ditue, publizidade eta lehia printzipioak errespetau barik”.
Beste salbuespen bat Foru Aldundiak mugaeguneratutako kontratu bat luzatu dauela da, esparru akordioaren lizitazinoa atzeratu egin dalako. Azkenik, enpresa-sektoreko lau erakundek 1,2 milioi euroko kontratu mugaeguneratuak, ez luzagarriak, gauzatzen jarraitu dabe.
Salbuespen horreetatik aparte, Lurralde Historikoa osatzen daben kontuek, “alderdi esanguratsu guztietan, 2020ko ekitaldiko jarduera ekonomikoa erakusten dabe, abenduaren 31ko ondarearen eta egoera finantzarioaren irudi fidela emoten dabe, bai eta bere eragiketen eta eskudiru-fluxuen emaitzak be”, Quintanillak esan dauenez. Hau da, aurreko ekitaldietan lez, epaitegiak eretxi “garbia” dauka eta, horregaitik, “ez dau diruzaintzako gerakinerako eta funts propioetarako kontabilidade-doikuntzarik proponiduten, eta ez dau Bizkaiko Lurralde Historikoa osatzen daben erakundeen kontuak interpretetako orduan kontuan hartu beharko litzateken ziurbakotasunik edo bestelako gertaera garrantzitsurik planteetan”.
Barne kontrolari eta kudeaketa prozedureari jagokenez, Fiskalizazino Txostenak jasoten dau hutsune horreek ez dabela eragin nabarmenik Bizkaiko Lurralde Historikoko ekonomia eta finantza jarduerea arautzen daben legezko printzipioetan. Kontratazino sistemetako “17 hutsune” jaso dira (“31” izan ziran 2018an eta “21” 2019an), epeakaz, Kontratatzailearen Profilaren eukian izandako gabeziagaz, zenbait proiektu gauzatzeagaz edo zuzendu beharreko dokumentazino falteagaz erlazionauta. Horrez gain, txostenean Bizkaiko Tutoretza Erakundearen eta Bizkaikoaren izaera juridikoa aldatzea proponiduten dala adierazo dau. Quintanillak esan dauenez, bere epaitegiak Aldundiak txostenari aurkeztu eutsazan “23 alegazinoetatik bat onartu dau”. Pozik agertu da, “Lurralde Historikoa, lehen hobetu beharreko gomendio lez agertzen ziran HKEEren erespide asko bere jardunbidean sartzen ari dalako”.
Arantza Urkaregik (EH Bildu), epaitegiko arduradunak Bizkaiko Batzar Nagusietara etorteko eskatu dauen batzordekideak, bere aldetik, “ez-beteteen edo salbuespenen kopurua 4tik 7ra igon dala” azpimarratu dau, eta arduratuta agertu da, “urtez urte Aparcabisa, Garbiker, Euskalduna Jauregia, Biscaytik edo Basalan lako soziedadeetan errepiketan diran hutsune batzuengaitik”. Bere esku-hartzean, barruko kontrola handitzeko beharra azpimarratu dau.
Esther Martínez Talde Berezia-PP Bizkaia taldeko bozeroaleak azaldu dauenez, ez betetea behin eta barriro gertatzen ari da, eta, beraz, lana hobetu behar da HKEEren eskakizunak beteteko.
Xabier Benito (Elkarrekin Bizkaia) arduratuta agertu da Bizkaiko Tutoretza Erakundearentzat egokiena dan figura juridikoagaitik eta agerraldi honetan Biscaytik edo Bizkaikoa lako soziedadeak beti agertzen diralako.
Foru Gobernua eusten daben talde biek txostenaren emaitza positiboa azpimarratu dabe, eta epaitegiko ordezkariaren azalpenak eskertu ditue. Jose Alberto Álvarezek (Euskal Sozialistak) eskertu egin dau HKEEk egiten dauen beharra, datu-bolumen itzela aztertu behar dalako. Unai Lerma Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak azpimarratu dauenez, “HKEEren agerraldi honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren lan ona egiaztetan da”.