FRANTZIAKO TOURRAK “HURRENGO URTEETAN” BIZKAIKO “EGUNEROKO MOBIKORTASUNEAN” BIZIKLETAREN ERABILEREA BULTZATZEKO BALIOKO DAU, REMENTERIAREN BERBETAN
- Frantziako itzuliak eragin ekonomiko handia izango dau Bizkaian, Europako beste hiri batzuetan “antzeko” egoeretan gertatu danaren antzera.
(Bilbon, 2023ko martiaren 14an). Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia taldeak Frantziako Tourrak “gizartearen, ekonomiaren eta lanaren” ikuspegietatik izango dauen itzuleraren inguruan Ahaldun Nagusiari egindako galderari erantzunez Unai Rementeriak Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean adierazo dauenez, eragin ekonomiko garrantzitsua izateaz gain, “Grand Départ” izenekoak, “datozan hilebete eta urteetan, bizikletea eguneroko ariketarako eta mobikortasunerako beste elementu bat gehiago izaten lagunduko deusku”.
Talde moreak gogora ekarri dauenez, Frantziako itzulia Bilbotik urteteak Herri Administrazinoek aurreikusitako “14 milioi euro baino gehiagoetatik gitxienez 2.420.000 euroko” inbertsinoa egin behar izatea ekarriko deutso Aldundiari. Israel Escalante Elkarrekin Bizkaia taldeko ordezkariaren eretxiz, “dirutza” hori industriaren atalean “hutsune bat beteteko” ildoan doa, “turismoa edo zerbitzuak” lako sektoreen mesedetan, eta politika publiko horreek garatzeagaitik zoritxarrez “auzo eta udalerri batzuetan” daborduko “saturazinoa” dagoala esan dau.
Rementeriak Tourraren etorrerea defendidu dau, Euskadi sustetako emongo dauen bultzada garrantzitsuagaitik, Joko Olinpikoen eta Munduko Futbol Txapelketaren ostean munduko kirol ekitaldi “ikusiena” dalako. Urteko bizikleta hitzordu handiena Euskal Herrian antolatzeak ekarriko dauen eraginaren ganeko datu barik, Rementeriak ekitaldi hori Europako lau hiritan (Yorshire, Utrecht, Dusseldorf edo Brusela) “antzeko egoeretan” antolatzeak eragin ebana ekarri dau gogora. Esate baterako, 2014an Ingalaterrako hirian izandako eragin ekonomikoa “128 milioi liberakoa” izan zan, eta kopuru hori “213 milioi euroraino” igon zan Belgikako hiriburuan.
BILKETA ERREKORRA 2022AN
Beste alde batetik, Aldundiak, bere ekimenez, Herri-Dirubideen Euskal Kontsejuaren zezeilaren 15eko bileraren eukiaren barri emon dau batzorde berean. Bilera horretan, 2022ko diru-bilketea eta ekarpenak likidau ziran, eta Bizkaiak 8.803 milioi euroko diru-bilketaren errekorragaz itxi eban ekitaldia. Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpena 5.844 milioi eurokoa izan zan, eta Bizkaiak barne-doikuntzen ondorioz Gipuzkoari eta Arabari egindako ekarpena 1.692 milioi eurokoa.
Unai Rementeria ahaldun nagusiak emondako datuek erakusten dabenez, zerga kontzertauen ondoriozko diru-bilketa garbia 8.803,5 milioi eurokoa izan zan 2022an, eta kopuru horrek % 8,2 handitu dau 2021ean izandako diru-bilketea (667,4 milioi gehiago). Zuzeneko zergeagaz (PFEZ eta Soziedadeak, batez be) 4.377,7 milioi lortu ziran (+%9,5), eta zeharkakoagaz (BEZ batez be) 3.306,7 milioi, % 3 gehiago. Diru-bilketako zifra on horreek “susperraldi ekonomikoak” eusten ditu batez be, azpimarratu dauenez.
Abagunea aprobetxauz, eta beste urte batzuetako gidoiari jarraituz, Rementeriak hurrengo egunean egin zan Finantzetako Lurralde Kontsejuaren zifrak emon ditu. Udalkutxa funtsaren likidazinoan 28 milioi gehiago ordaindu jaken udalei, 965,4 milioi eurora iritsi arte, aurrekontuan jasotakoa baino % 3 gehiago. Modu berean, Gizarte Zerbitzuen funtsa likidau zan, eta 264.222 euroko ordainketa gehigarria ekarri eban, 9,09 milioi eurora helduta.
Oposizinoko taldeetatik, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek esan dabe penagarria dala Bizkaiko diru-bilketearen igoerearen oinarria “laneko errentak izatea”, batez be PFEZ eta BEZ. “Hori Bizkaian, Espainian eta Europan gertatzen da”, erantzun dau Rementeriak, eta talde biei eskatu deutse balioetsi daiela 8 urtetan Bizkaiko lurraldeak “% 40” igon dituala zergen ondoriozko diru-sarrerak.
GJH-AK FORU PROIEKTUETAN
Aldundiak, “Bizkaia Egiten” aginte-planean, bere politiken oinarri lez 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak hartu izana iragarri eban. Oraintsu, Paz con Dignidad alkarteak txosten bat aurkeztu eban Batzar Nagusietan. Bertan Aldundiaren 10 proiektu estrategiko aztertzen ziran, agenda hori definiduten daben printzipio eta konpromisoetatik abiauta. Txostenaren ondorioek erakusten dabenez, proiektuetan “jasangarritasuna edo GJHen betetearen adierazleak onura korporatiboaren menpe dagoz” ekarri dau gogora Elkarrekin Bizkaiak. Talde horrek Elixabete Etxanobek zuzentzen dauen saila gauzatzen ari dan proiektu batzuei buruzko azalpena eskatu dau (BAT zentroa, nazinoarteko ekitaldi handiak erakarteko politikea, enpresak nazinoartekotzeko Invest in Biscay politikea eta Bizkaia Gara), GJHen printzipioak kontuan izanda.
Ahaldun nagusiak erantzun dauenez, Aldundiaren “norabidea” hurrengo belaunaldientzat Bizkaia hobea ixtea da. 2030 Agenda eta 17 GJHak “ahalik eta gehien” egokitu dira foru Gobernuaren politika publikoetan, baina balorazinoak modu “integralean eta globalean” egin behar dira. “Proiektuen zorroa osorik hartu behar da”. Halanda be, Rementeriak azaldu dauenez, Aldundiaren “ekintza bakotxa” bat dator helburu horreekaz. Ekintzak hiru hilean behin ebaluetan dira “modu kuantitatiboan eta kualitatiboan” (2022ko txostena “laster” argitaratuko da). Eta etenbako hobekuntzaren aldeko apustua egiten da, beste erakunde batzuakazko lankidetzarako dinamiken bidez.
Ahaldun nagusiak ez dau Paz con Dignidad taldearen kritiketan sartu gura izan. “Ez dodaz besteen txostenak baloretan”, esan dau, Aldundiaren lehentasuna “jarduera ekonomikoa eta kalidadezko enpleoa” dala azpimarratu ostean. Ukatu egin dau, baita be, talde moreak aitatutako proiektuetan “urraketarik” dagoanik.