BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN OSOKO BATZARRAK % 30EKO GEHIENEKO KARGEA EZARRI DAU URI-LURREN BALIOAREN GEHIKUNTZAREN GANEKO ZERGAN
- Udal bakotxak zehaztuko dau Gainbalioaren Udal-zergea izenagaz ezagutzen danaren tasea, eta inoiz ez dau ehuneko hori gaindituko, Araban eta Gipuzkoan daborduko gertatzen dan moduan.
- Bizkaiko Batzar Nagusiek beste tasa batzuk be onartu ditue; alde batetik, Bizkaiko zerga-sisteman behin betiko txertatuko diran “Google” eta “Tobin” tasak eta, bestetik, errepideko garraiorako gaitasun profesionalaren ziurtagiriaren tasa barriak.
- Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek sinatutako erdibideko zuzenketearen bidez, Bizkaiko Batzar Nagusiek Aldundiari eskatu deutsie “urte anitzeko” zuzkidura ekonomikoa sartu daiala 2023ko aurrekontuetan, Errekaldeko Saihesbidea eregiteko proiektuaren lizitazinoan eta idazketan aurrera egiteko.
(Gernikan, 2022ko bagilaren 22an). Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur Gernikan egin daben ohiko osoko batzarrak argi berdea emon deutso, EH Bilduk proponiduta, Uri-lurren Balio Gehikuntzaren ganeko Zergeari buruzko bagilaren 30eko 8/1989 Foru Arauaren aldaketeari. Zehatzago, arau horren 5. artikuluko 1. puntua aldatzea onartu da, karga-tasea % 30etik gorakoa izan ez daiten. Holan, zerga hori Arabagaz eta Gipuzkoagaz bateratu da, bertako udalerriek daborduko muga hori apliketan dabelako.
Arau-aldaketearen eragilea Konstituzino Auzitegiaren epaia izan da. Epai horrek Toki Ogasunei buruzko Legearen zenbait artikulu baliobakotzat jo ebazan, eta arauzko hutsunea itxi eban zerga horren zerga-oinarria zehazteko. Epaiak foru-araudian eraginik ez dauen arren, epaira egokitzea agintzen eban azaroaren 17ko 7/2021 Foru Dekretu Arauemoilea berretsi eben Batzar Nagusiek, Aldundiaren proposamenez, eta une horretan gehieneko kargea % 10etik % 15era igo eban. Aldaketa horren ondoriozko igoerea ez zan “behar bestekoa” EH Bildurentzat; izan be, Bizkaiko udalek beste lurralde bietako udalerriek baino diru-sarrera txikiagoak izan eikiezan, eta horregaitik defendidu dau zerga hori beste lurralde biakaz bardintzea.
Koalizino abertzalearen proposamena Batzar Nagusietako talde guztiek babestu dabe, Talde Berezia-PP Bizkaiak izan ezik, uste dauelako kargearen igoera hori ez dagoala bizkaitarren fiskalidadea hobetzeko pentsauta, “diru gehiago batzeko baino”. “Ekin eta ekin dabilz zergak igoten”, esan dau Esther Martínez batzarkide popularrak. Bere eretxiz, fiskalidade-eredu “desbardin” bi dagoz: ordaintzetik salbuestearen alde dauen PPrena, eta zerga-aldaketakaz “familien ekonomiak agortzen dituen” ganerako alderdiena.
Batzar Nagusietako gainerako taldeek baztertu egin ditue argudio horreek. Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako taldeburuaren eretxiz, gainbalioaren ganeko zergearen aldaketeak berez dakar “udalen finantza-gaitasuna handitzea” eta “harmonizazino fiskalaren” aldeko apustua egitea, eta, aldi berean, higiezinen espekulazinoaren kontra burrukatzea. Berarentzat, “bidezkoa” da karga bat ezartea; izan be, inbertsino publikoek handitu egiten ditue lurren balioak, eta “ahalegin hori gizarteari bueltau behar jako”.
Juan Otermin taldeburu sozialisteak gogoratu dau Konstituzino Auzitegiak ez dauela araua Konstituzinoaren kontrakotzat jo, hori kalkuletako modeloa baino, eta aldaketa horrek kargea gainerako lurraldeakaz “bateratzea” dakarrela. Halanda be, ohartarazo dau Bizkaian “inork –ezein udalek– ez dauela % 10 gainditzen”.
Beste alde batetik, Jesus Lekerikabeaskoa Euzko Abertzaleak taldeko taldeburuak defendidu dau arau-aldaketa horrek “ez dakarrela zergak igotea”, “udalen autonomia handitzea” baino. Udalek erabagiko dabe kargea. “Tasea handitu edo murriztu egin daiteke”, esan dau. Aldaketa horrek harmonizazinoa dakarren edo ez esaterakoan, Batzar Nagusietako bere taldeak uste dau ez dala holan; izan be, zergea “katastroko balioei” apliketan jake, eta balio horreek ez dira bardinak hiru lurraldeetan. Gipuzkoak eta Bizkaiak ez bezala katastroa eguneratuta ez daukan Arabako adibidea jarri dau.
“TOBIN ETA GOOGLE” TASAK
Modu berean, Osoko Batzarrak argi berdea emon deutse gaur Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren akordio baten oinarrituta Estaduak euskal ogasunen esku itxi ebazan zergak jasoten dituen foru arau proiektu biri. Zerbitzu Digital Jakin batzuen ganeko Zergea edo “Google tasea”, eta Finantza Transakzinoen ganeko Zergea edo "Tobin" tasea dira. Estaduak unean-unean ezarritako arau berberetan oinarrituta arautzen dira, Bizkaiko zerga-sisteman sartzeari bide emonez.
Akzinoen eskurapenak zergapetzen dituan Finantza Transakzinoen ganeko Zergea ez da aplikauko Espainiako soziedadeen akzinoen erosketa guztietan; merkadu arautuan negozietako onartutako akzinoak dituen soziedadeen akzinoetara mugatuko da, transakzinoa negoziazino-zentro baten egiten dan ala ez kontuan hartu barik, eta, ganera, 1.000 milioi eurotik gorako burtsa-kapitalizazinoko balioa daben soziedadeen akzinoetara mugatuko da. Zerga-tasea ehuneko 0,2koa izango da.
Beste alde batetik, Zerbitzu Digital Jakin batzuen ganeko Zergea, “Google tasa” izenekoa, barru hartzen dauen arau-proiektuak, zerga-egoitzea edozein lekutan dabela be, Bizkaiko Ogasunari ordaintzera behartzen ditu zergadunak, lurraldean zergeari lotuta egindako zerbitzu digitalen prestazinoen bolumenaren proportzinoan, erabiltzaileak lurralde horretan badagoz. Zerga horren tasea % 3koa izango da, eta maila globalean gitxienez 750 milioi euro fakturetan dituen enpresei aplikauko jake. Gure lurraldean gitxienez 3 milioi euro lortzea ekarriko dau. Jose María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak zehaztu dauenez, “publizidadeko eta lineako bitartekaritza zerbitzuei aplikauko jake, bai eta datuak transmitiduteko zerbitzuei be”.
Arau-proiektu biek azken izapidea igaro dabe Gernikan, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaia taldeen aldeko botoakaz, EH Bilduren abstentzinoagaz, eta Talde Berezia-PP Bizkaiaren ezezko boto bakarragaz. Zerga bi horreek Estaduagaz harmonizauta dagoz, eta 2021eko urtarrilaren 16tik aurrera izango ditue ondorioak, atzeraeraginezko izaereagaz.
GARRAIORAKO ZIURTAGIRIRAKO TASAK ORDAINTZEKO SALBUESPENA
Errepideko garraiorako gaitasun profesionalaren ziurtagiriaren tasa barriak be igaro dira Bizkaiko Batzar Nagusien osoko batzarretik. Foru arauaren proiektua Foru Aldundiak aurkeztu dau eta Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeen aldeko botoak jaso ditu; Elkarrekin Bizkaia, barriz, abstenitu egin da.
Arauak, azkenean, xedapen gehigarri bakarra izango dau, Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeek adostu daben erdibideko zuzenketearen ostean. Zuzenketa-eske hori Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Berezia-PP Bizkaiak be babestu dabe, urtebeteko epean tasa horreen ordainketan salbuespena ezarri daiten. Koalizino abertzaleak urte biko salbuespena proponidu eban batzordean, gaur egun garraioaren sektoreak bizi dauen egoereagaitik. Zigor Isuskiza batzarkideak azaldu dauenez, garraioaren sektorearen egoera “gatxa” arinduko daben neurriak hartzeko “aukerea” da. Bere eretxiz, sektorean “belaunaldien arteko errelebua erraztu” daiteke. “Garraioaren sektorerako hobekuntzak lortzeko pausu txikia da”.
Arau-proiektuak barne hartzen dituan sei artikuluetan prezio desbardin bi jasoten dira. Garraio Kudeatzaile Profesionalaren Ziurtagiria lortzeko azterketarako eta berau emoteko, eta Bidaiarien eta Merkantzien Garraio Kudeatzailea tituluak eskuratu eta emoteko, 43,58 euroko tasea ezarri da. Eta Bidaiarien Garraio Kudeatzaile Profesionalaren Ziurtagiria eta Merkantzien Garraio Kudeatzaile Profesionalaren ziurtagiria emoteko, zenbatekoa 21,79 eurokoa izango da.
BESTE ZERGA-NEURRI BATZUK
Modu berean, osoko batzarrak balioztatu egin dau inportazinoei eta hornidura jakin batzuei jagokezan aldi baterako salbuespenei buruzko BEZa aldatzen dauen Aldundiaren Foru Dekretu Arauemoilea. COVID-19aren pandemiari erantzuteko egin da, eta zerga horretan eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren ganeko zergan zenbait zerga-neurri luzatzen ditu.
Dekretu horren lehenengo artikuluak Batzar Nagusietako talde guztien babesa izan dau, abstenitu egin dan EH Bildurena izan ezik, eta energia elektrikoaren entregei, inportazinoei eta erkidego barruko erosketei ehuneko 10eko zerga-tasea ezarri jake. Tasa hori bagilaren 30era arte luzatu da.
Ganera, faktura elektrikoaren osagai guztiei jagoken BEZaren zerga-tasea % 21etik % 10era bajetako neurria be luzatu egingo da, fakturearen zenbatekoa murrizteko helburuagaz, 10 kW-tik beherako potentzia finkoa daukien energia elektrikoko kontratuetarako, bai eta bonu sozialaren hartzaileen aldeko horniduretarako be.
POPULARREN EKIMEN ARAUEMOILEA
Elkarrekin Bizkaiak Foru Arau Proposamena ekarri dau osoko batzarrera, Herri Ekimen Arauemoilea arautzen dauen bagilaren 28ko 4/1985 Foru Araua aldatzeko. Arau horrek 20.000 sinadura aurkezteko betebeharra ezarten dau, herritarrek foru arau bat izapidetzen hasteko aukerea izan daien. Eusko Legebiltzarrean Herri Legearen ekimen bat abiarazoteko sinadura kopuru erdia (10.000) behar da. Konparazino horren arabera, Israel Escalantek hasierako premisa hori 5.000 sinadurara bajatzea eskatu dau.
Arau-aldaketa hori baztertu egin da, aurkako 28 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta aldeko 16gaz (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP). Foru Gobernuari eusten deutsien taldeek atzera bota daben arren, Juan Otermin talde sozialistearen buruak iragarri dau “hilebete batzuk barru” “argiagoa, osoagoa eta egokiagoa” izango dan foru arau oso bat eztabaidatuko dala, eta bertan gai hori eta arauan 37 urteren ostean aldatu beharreko beste batzuk jasoko dirala.
ERREKALDEKO SAIHESBIDERAKO AURREKONTUAK 2023AN
Osoko batzarraren azken tartean oposizinoak aurkeztutako Errekaldeko saihesbidea bultzatzeari eta biaduktuak eraisteari buruzko itaun bi eztabaidatu dira. Talde Berezia-PP Bizkaiak itaun bat aurkeztu dau, “hilebeteko epean” A-8aren alternatiba horren izapideen programa zehatza eskatzeko, horren ostean egungo bidezubiak eraisteko, aurrekontu-zuzkidurak barne. Ekimenak ez dau ezelango babesik izan, oposizinoko ganerako taldeak abstenitu egin diralako eta jeltzaleek eta sozialistek kontrako botoa emon dabelako.
Aldi berean, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek erdibideko zuzenketa bat negoziau dabe. Zuzenketa-eske horren bitartez, Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailak “gaur egun gauzatzen ari diran aurretiazko azterlanak amaitzen dituanean”, 2023ko aurrekontuetan “behar dan urte anitzeko” zuzkidura ekonomikoa sartu daiala eskatzen jako Foru Aldundiari, saihesbide hori eregiteko proiektuaren lizitazinoan eta idazketan aurrera egiteko. Gai hori koalizino abertzaleak defendiduten eban, kontroleko azken osoko batzarreko itaun batetik eratorritako mozino baten bidez. Zuzenketa-eskea talde guztiek onartu dabe, abstenidu egin dan Talde Berezia-PP Bizkaiak izan ezik.
Hiru talde horreek beste erdibideko zuzenketa bat aurrera atarateko adostasuna lortu dabe. Kasu horretan, besteak beste, “2024ko lehen seihilekoan”, Gizarte Ekintza Batzordean, Zaintzailearen Estatutuaren garapenaren ebaluazinoa eta Estatutu hori zabaltzeko fase barriaren jarduketa-ildoak aurkeztu daizala eskatzen jako Aldundiari. Oraingoan, zuzenketa-eskea aho batez onartu da.