HERRITARREN PARTAIDETZARAKO FORU PLAN BARRIAK HERRITARREN LANKIDETZEA BULTZATU GURA DAU, BIZKAIA HOBEA EREGITEKO
- Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu dauen dokumentuak gizartearen partaidetza hobea sustatzera bideratutako 5 helburu nagusi, 4 jarduketa ildo eta 17 ekintza jasoten ditu.
(Bilbon, 2024ko bagilaren 28an). Bizkaiko Foru Aldundiak, 1.600 persona eta eragile ingururen eretxi eta proposamenakaz egindako 2024-2027 aldirako Herritarren Partaidetzarako 3. Plana aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Hirugarren foru plan horrek Bizkaiko gizarteagaz hartu-emonetan jarteko “Foru Erakundearen eredu propioa sendotzeko beste pausu bat emon gura dau”, “Bizkaia hobeagoaren eraikuntzan persona guztien inplikazinoa eta ekarpena bultzatuz eta dinamizauz” azaldu dau Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak.
Holan, prozesu horretan Foru Erakundeko plantillak berak, foru zuzendaritzek, partaidetza sozialeko Aldundiko organu egonkorretan parte hartu daben 25 eragilek eta 33 Toki Erakundek hartu dabe parte, bai eta Bizkaitarren Sarera harpidetutako 1.358 personak be. Hareen partaidetzea online inkesten, telefono bidezko banakako alkarrizketen eta Eztabaida Foroen bidez bideratu da.
Planak “5 helburu nagusi” gauzatzea aurreikusten dau. Izagirrek laburbildu dauenez, helburua da egungo partaidetza ereduan sakontzea; parte hartzeko aukerak herritarrei hurreratzea; parte-hartze kultura handiagoa sortzen jarraitzea; toki erakundeei babesa emotea; eta partaidetzak balio publiko handiagoa emotea lortzea.
Aldundiak atzo Gobernu Kontsejuan onartutako hirugarren planak 17 jarduketa jasoten ditu guztira, lau jarduketa-ildoren inguruan antolatuta “lurraldean partaidetza handiagoa eta hobea sustatzera eta ahalbidetzera bideratuta, garrantzi kualitatibo eta kuantitatibo handikoa, kolektibo, udalerri eta eskualde guztietara iritsiz, Aldundiaren kudeaketa-dinamiketan guztiz txertatuta, eta adostasun-, lankidetza- eta konpromiso-balio handia emonez Bizkairen garapen jasangarrian aurrera egiten jarraitzeko ezinbestekoak diran politika eta zerbitzu publikoei”.
Lau jarduketa-ildoetatik lehenengoaren helburua parte hartzeko aukerak herritarrei eta Bizkaiko eragile instituzional, sozial eta ekonomikoei gehiago hurreratzea da, partaidetza hori “errazagoa eta intuitiboagoa” eginda. Bigarren jarduketa-ildoaren helburua da behar diran baliabideak garatzea, Foru Aldundiko sailak euren kudeaketa-eremuetan modu egokian parte hartzeko gai izan daitezan. Lankidetzea sustatzea izango da hirugarren jarduketa-ildoa. Horren bidez, lankidetzea sustatu gura da, Lurralde osoan partaidetzea errealidade izan daiten. Eta, azkenik, laugarren ildoaren helburua gizarte-aktibazinoa eta boluntariotzea herritarrak lurraldearen kulturan eta garapen jasangarrian inpliketako aukera emoten daben tresna lez indartzea izango da.
Oposizinoko taldeek faltan bota dabe planari euren ideak eta iradokizunak emoteko eta planak jasoten dituan 17 jarduketen garapenean parte hartzeko aukerea.
HERRITARREN KANPAINA
Saio berean, Foru Aldundiak Informazino Publikoa Eskuratzeko Eskubidearen (IPEE) barri emoteko informazino kanpainarik aurrera eroatea aurreikusten ete dauen galdetu deutso EH Bilduk diputatuari, herritarrek, orokorrean, zerbitzu horren ganeko “ezjakintasun handia” daukielako, Idoia Buruaga batzordekidearen berbetan.
Izagirrek autortu dauenez, jasotako eskaerak “ez dira asko”, baina datuak “gora egiten ari dira urtetik urtera”. 2023an “25” eskaera jaso ziran eta aurton “47” dira. Aldundiko arduradunak esan dauenez, “ildo berean” jarraituko da beharrean, zerbitzua ezagutuarazoteko.
2016an Gardentasunari buruzko Foru Araua onartu zanetik atal oso bat igon da webgunera, herritarrek euren eskubidea zelan erabili leikien azaltzeko. Horrez gan, irakurketa errazeko liburuxkak argitaratu dira; toki-erakundeei zuzendutako gardentasun-gida bat egin da; eta Laguntza zerbitzua eta Gertu bulegoak gai dira herritarrei gai horreetan laguntzeko. Ganera, hitzarmena sinatu da Leioako Kazetaritza fakultadeagaz, informazino publikoa eskuratzeko eskubideari buruz irakasteko.