SEXU-INDARKERIAREN BIKTIMEI LAGUNTZEKO ZENTRO BARRIAK ESKU-HARTZE BI IZAN DITU DABORDUKO HILEBETE ETA ERDIAN
- Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, berak eskatuta, joan dan abenduaren 15ean sexu indarkeriaren biktima diran emakumeei laguntzeko zabaldu zan krisi zentro barriaren barri emoteko.
(Bilbon, 2024ko zezeilaren 1ean). Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako diputatua Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, Sexu Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zerbitzu barria bertako taldeei azaltzeko. Urte honetan zehar oso-osorik hedatuko dan zerbitzu “integralak” abenduaren 15ean zabaldu zan zentro operatibo bat dau daborduko. Zentro horretan informazinoa, aholkularitzea, aurrez aurreko laguntzea, laguntza psikologikoa eta aholkularitza juridikoa eskaintzen jake biktimei eta euren ingurukoei eta larrialdi egoeretarako bost lagunentzako aldi baterako ostatua be eskaintzen dau. Hilebete eta erdiren ostean, Laespadak gaur batzordean baieztu dauenez, zentroak esku-hartze bi izan ditu daborduko, eta hiru laguntza-eskariri eta 18 telefono-deiri erantzun deutse.
“Krisiko” foru zerbitzu barriak informazinoa eta aholkularitzea eskaintzen deutse, telefonoz eta online, egunean 24 orduz, astean 7 egunez, sexu indarkeriaren biktima diran emakumeei eta adinbakoei. Arretea 900 840 977 telefono-zenbakiaren edo atencionviolenciasexual@bizkaia.eus helbide elektronikoaren bidez jaso daiteke. Baita bere webgunean (https://www.bizkaia.eus/eu/arreta-zerbitzuak/hasiera) modu iraunkorrean gaitutako txataren bidez be. Zentroa SSI Taldeagaz hitzartuta dago, eta lan-taldea sexu indarkerian adituak diran zortzi lagunek osotzen dabe: “koordinatzaile batek, hiru gizarte beharginek, gizarte hezitzaile bik, abogadu batek eta psikologo batek”, danak emakumeak, zehaztu dau diputatuak. Hori gauzatzeko, Aldundiak “milioi bat euro” jarri behar izan ditu.
Arreta-zentroa –ez da kokapenaren barri emon segurtasun errazoiengaitik– errealidade horri heldu gura deutson sexu-indarkeriaren kontrako estrategiaren barruan dago, “modu integralean eta biktimei denporan jarraipena daben laguntzak emonez, dibulgazino, kontzientziazino eta sentsibilizazino lanak txertatuz, dinamizazino komunitarioa eta prestakuntza egokia daukien arreta profesionalizauko beharginak barne”.
Zentroa Istanbulgo hitzarmenari eta Estaduaren legegintza-aginduari (irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoa) emondako erantzuna da. Lege-esparru horretan 24 orduko arreta-zentroak, emakumeentzako errekuperazino zerbitzu integralak eta umeentzako arreta espezializauko zerbitzua sortzeko beharra ezarten zan. Zentroa “sexu indarkeriaren ondorioen kontrako estrategiaren” diseinuaren parte da, kaltetutako emakumeek “bizitako esperientzia traumatikoaren ostean euren bizitzakaz jarraitu ahal izan daien”.
Estrategia eta jagokozan ekintzak diseinetako, Laespadak zehaztu dau “gogoeta kolektiborako” prozesua gauzatuko dala Bizkaiko erakundeakaz eta adituakaz, eta kontraste saioak egin dirala polizia kidegoetako, gizarte zerbitzu publikoetako, hezkuntza eta osasun zerbitzuetako eta epaitegietako arduradunakaz.
Laespadak azaldu dauenez, zerbitzua “uda bukaeran” osotuko da, Bilboko Ledesma kalean sexu indarkeriaren biktimentzako arreta gune “arrunta” zabalduz, biktimen errekuperazino integralera bideratua, informazino, orientazino eta arreta sozial, juridiko eta psikologikoagaz, besteak beste. Kasu horretan bai, komeni da herritar guztiek non dagoan jakitea.
Batzar Nagusietako taldeak bat etorri dira zerbitzu hori zabaltzeko “beharra” adierazotean, indarkeria sexualaren eta matxistaren “gatxaren” aurrean baliabide gehiagogaz burrukatzeko.
Foru Gobernuari eusten deutsien taldeentzat (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), jarduketa horrek “balioan jarten dau” Agintaldi Plana betetea. Juan Otermin batzordekide sozialistak adierazo dauenez, “asko eskatutako” zerbitzua da eta “modu koordinauan” edegiteagaitik nabarmentzen da. Azpimarratu dauenez, zentroa ezaugarri horreek dituan lehenengoa da Euskadin, eta hirugarrena Espainiako Estaduan.
Oposizinoaren eretxiz, edegitea “albiste ona” da. Halanda be, “baina” batzuk aitatu ditue. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako Ricardo Vaquerok, prentsari Batzar Nagusietako taldeei baino lehenago aurkeztu izana aurpegiratu dau. Pablo Gómez-Guadalupek (Bizkaiko Talde Popularra) adierazo dauenez, “bere arrakastea urte bat edo bi barru ikusiko da”. Eta EH Bilduko Bea Ilardiak zalantzan jarri dau zentroa herritarrentzat martxan dagoanik. Ministerioaren gidak dinoena kontuan izanda, azaldu dauenez, “ez da benetan zabalik egongo ezaguna ez dan” edo “diziplina anitzeko taldea” ez dauen bitartean.