BIZKAIKO FORTUNA HANDIEN GANEKO ZERGAK ZERGADUN GEHIAGORENGAN IZANGO DAU ERAGINA % 3,5EKO TARTERIK ALTUENEAN

  • Erdibideko zuzenketa-eske baten bitartez Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek 14,5 milioi eurotik aurrerako ondarera murriztu dabe zergearen tasarik altuena apliketako zerga-oinarria.
     
  • Aldaketa hori sartu eta gero Aldundiak aurkeztutako Foru Arau Proiektua osokoak onartu beharko dau, 2023an indarrean sartu daiten.


(Bilbon, 2023ko abenduaren 5ean). Fortuna Handien Aldi Baterako Alkartasun Zergearen Foru Arau Proiektua Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen jarraitu da gaur. Hori bai, Ogasun eta Finantza batzordeak Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeen erdibideko zuzenketa-eskea onartu dau, zergan aldaketa bat sartzeko: zerga hori apliketako zerga-oinarria murriztu egingo da tarterik altuenean. % 3,5eko tasea 14,5 milioi eurotik gorako ondareetan aplikauko da. Hiru taldeek aldaketa hori sartzearen aldeko botoa emon dabe, EH Bildu abstenidu egin da, eta Bizkaiko Talde Popularra zuzenketa-eskearen eta beste aldaketarik barik onetsi diran ganerako artikuluen kontra agertu da. 

Batzordearen erespena osoko batek berretsi beharko dau orain, zerga barria aurton bertan Bizkaiko zerga sisteman sartu eta, holan, 2024an likidau ahal izateko. Aldundiak aurkeztutako Foru Arau proiektuak lau tarte ezarten ebazan, diru gehien daukien personak zerga-oinarriaren % 1,5, % 1,75, % 2 eta % 3,5eko tasakaz zergapetzeko. Tasek bardinak izaten jarraituko dabe, baina hiru alderdien artean adostutako aldaketeagaz, % 3,5eko gehieneko tasea 14,5 milioiko ondareetatik gora aplikauko da, hasierako proposamenak ezarten ebazan 16 milioien azpitik. Zergearen likidazino-oinarria eskala honek adierazoten dauen lez zergapetuko da:

Likidazino-oinarria (€-raino)

Kuotea €

Ganerako likidazino-oinarria (€-raino)

Tasea %

3.200.000

0

3.200.000

1,50

6.400.000

48.000

6.400.000

1,75

12.800.000

160.000

1.700.000

2,00

14.500.000

194.000

Aurrera

3,50

 

Mikel Bagan batzordeko presidenteak gogora ekarri dauenez, “azken eztabaidea” osokoan egingo da, baina saioak barriro erakutsi ditu Batzar Nagusietako taldeek izandako jarreren zenbait zertzelada.

Holan, Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak azaldu dauenez, jeltzaleakaz eta sozialistakaz adostutako aldaketeagaz “mezu garrantzitsua zabaltzen jako” gizarteari, zerga horregaz oso aberatsak direnek “gehiago ordainduko dabelako”.

Foru Gobernua eusten daben taldeen aldetik, “aberatsei ezarritako zergea”, Bizkaian indarrean jarraitzen dauen Ondarearen ganeko Zergearen “osagarria” dala berretsi dabe. Horri eusteak “nahikoa dino gure alde”, defendidu dau José Alberto Álvarez Castrejón sozialistak, eta, zerga barriagaz batera, “aparteko konpromisoa” erakusten dau “bardintasunaren, ekidadearen eta birbanaketaren” mesedetan.

Modu berean, Unai Lerma jeltzaleak esan dauenez, zergak “Foru Ogasunari egiten deutso mesede, eta, hedaduraz, lurraldeko zerbitzu publikoei”. Beste ekarpen bat egingo deutse Ondarearen ganeko Zergearen bidez daborduko batzen diran “86 milioi euroei”.

Bizkaiko Talde Popularra, barriz, Fortuna Handien ganeko Zergea onartzearen kontra agertu da. “Arduratuta” agertu dira, horren bitartez enpresak eta lanpostuak sortzen dituen zergadunak “kanporatu” egiten diralako, Raquel González bozeroaleak adierazo dauenez.

Eta, bukatzeko, EH Bilduk tamalgarritzat jo dau testuinguru honetan hiru lurraldeetan ondare ezarpena “harmonizetako” egon dan “aukerea galdu izana”. Harmonizazino hori gauzatu beharraz gain, Arantza Sarasola batzordekideak bere taldeak aurkeztutako zuzenketa-eskea be defendidu dau, arrakastarik barik. Bertan, Nafarroan adostasun “handiagaz” onartu diran zerga-tasak planteetan ziran. “1.799 persona aberats zergapetu eitekezan eta 51 baino ez dira zergapetuko”, esan dau. Zuzenketa-eske hori bere taldeko kideek baino ez dabe babestu. Ganerako taldeek kontrako botoa emon dabe.