BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO BARDINTASUN TALDEAK BARDINTASUNERAKO II. PLANAREN JARDUKETAREN ILDO NAGUSIAK FINDU DITU

  • Gaur Bilbon egindako bileran, kideak bardintasunezko parlamentua lortzera bideratutako lehenengo ekimenei formea emoten ari dira.

  • Planak 65 hobekuntza-ekintza jasoten ditu urtero, 2022tik 2025era bitartean.
     

(Bilbon, 2022ko urriaren 14an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Bardintasun Taldeak bilerea egin dau gaur, aurtengo urtarrilean aho batez onartutako 2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planaren eukia lantzen jarraitzeko. Gaur goizean Batzar Nagusietako taldeetako kideen eta beharginen parte hartzea izan dauen bilkuran, parlamentua egunetik egunera bardintasunezkoagoa izan daiten lehenengo jarduketak jarri dira mahai gainean, ibilbide-orri honen ekintza-egiturari jarraituz.

Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planak erakundean bardintasunaren arloan egiten ari ziran jardunbide egokiei eusteko eta ekintza barriak txertatzeko estrategiak batzen ditu. Azkenik, Bizkaiko parlamentuaren bardintasun-planaren barrikuspenak bardintasun-taldeak gaur aztertu dituan 22 helburu eta 65 hobekuntza-ekintza batzen ditu, hiru jarduketa-eremutan (Gobernamentu Ona, Komunikazinoa eta Eragina Gizartean) zortzi ildo estrategikotan moltsokatuta. Ildo horreen artean dagoz, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea edo zainketen aintzatespena.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana erronka handia izan da bertan parte hartu dabenentzat; izan be, Bizkaiko parlamentua Espainiako Estaduko bigarrena izan zan bere garaian, Nafarroaren atzetik, Bardintasun Plana eukiten, eta Euskal Autonomia Erkidegoko parlamentuen arteko lehenengoa. Proiektu honek herri-administrazinoek euren personen (kasu honetan, lantaldea eta Batzar Nagusietako taldeak) bardintasuna bultzatzeko politika espezifikoak sartzeko arau-errekerimenduari erantzuten deutso, holan, ganerako erakunde politiko, sozial eta ekonomikoentzako bardintasun-politiken erreferente bihurtzeko.