GUFE-KO ENPRESA BATZORDEAK BIZKAIKO ADINEKOEN EGOITZA BARRIEN “KUDEAKETA PUBLIKO ZUZENA” ESKATU DAU

  • Sindikatuetako ordezkariek Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordera joan eta Aldundiko Bizikidetza Unidade barrietan kudeaketa publikoaren aldeko apustu argia egitea eskatu dabe, gizarte zerbitzuetan “ez dalako egon behar enpresen irabazietarako lekurik”.
     
  • Nocedaleko biztanle batek, Ortuellan, Las Postas eta N-634 errepideko Bizkaibuseko geralekuaren artean oinezkoek jasaten daben arrisku egoera “larriaren” barri emon dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.

 

(Bilbon, 2023ko martiaren 24an). GUFEko Enpresa Batzordeko hiru ordezkari Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordearen aurrera etorri dira gaur, eta Aldundiak Bizkaiko adinekoen egoitzetako kudeaketa kontzertauaren alde eta GUFEren bitartez eskaintzen dan kudeaketa publiko zuzenaren kaltetan egin dauen apustua kritikau dabe. Larraiz Urrak, Estíbaliz Ealok eta Eduardo Bringasek hartu dabe berbea Batzar Nagusietako taldeen aurrean, sektore horretan behar egiten dabenen “asistentziaren kalidadea eta lan baldintzak bermatuko dituan” zaintza sistema “publikoa” defendiduteko. 

 

Lehenengo eta behin, Urrak GUFEko beharginen kolektiboaren babesa erakutsi deutso Bizkaian ezarten ari dan bizikidetza unidade txikien ereduari, baina “pribatizazinorantz” doazan zentro horreek kudeetako moduagaz ez dagoala ados adierazo dau. Daborduko kudeaketa publikoko “110 plaza” kendu dira. GUFE zentro bigaz bakarrik geratu da, Elorrio eta Leioagaz, lanpostuak “amortizetan” eta lan-baldintzak “okertzen” ari diran bitartean.

Beste alde batetik, Ealo lankideak “suntsitu” diran plaza eta lanpostu publikoei buruzko datuak emon ditu. Holan, Leioan, “210” plaza dituan egoitza batean, Aldundiak 22 plazako 6 bizikidetza unidade ezartea aurreikusten dau. Horrek, egoitzaren ahalmena “132” plazara murriztuko leuke. Elorriori jagokonez, birmoldaketeagaz, zentroa “64” plaza izatetik “50” plaza izatera pasauko litzateke. Horrek azken legealdian ikusi dan joerea berresten dau, izan be, “2010etik”, plaza publikoak “% 64 murriztu dira”, ziurtatu dau.

Plaza publikoen jatsiera hori ez da Abadiñoko eta Sestaoko egoitzen eraikuntzagaz konpentsauko, aurreikusitako 240 plazak erakunde pribaduek kudeatuko dituelako. Ordezkari sindikalaren berbetan, horrek, sektorean enpresen “negozioaren alde” gertatzen ari dan “desegitea” erakusten dau. Ealok adierazo dauenez, GUFEk, gaur egun, Aldundiko plazen “% 3 txikia” baino ez dauka.

Modu berean, GUFEko plantillako ordezkariak gaineratu dauenez, Bizikidetza Unidadeek “ez dabe nahikoa” plantilla, eta, holan, “Aldundiak saltzen deuskun banakako zaintza eredua ez dau bermatuta”. Horreetan ez dago 24 orduko erizaintza zerbitzurik, eta beharginak kanpora ateraten ari dira, batez be E taldean. Sergio Murillo foru diputatuak GUFEn 6 plaza barri sortuko dirala esatea “iraingarria” dala uste dau, “39 amortizau dirala” kontuan izanda.

Bukatzeko, Bringasek GUFEko beharginen eskari nagusien laburpena egin dau. Arreta indibidualizatuagoaren alde dagoz, baina “arazoa kudeaketea da”, esan dau, Aldundia eredu horren inguruan egiten ari dan “irudi salmentea” deitoratuz. Bitartean, adinekoentzako “zerbitzuak murrizten eta pribatizetan” edo “plaza publikoak suntsitzen” ari dira. Horregaitik, “GUFEren aldeko benetako apustua”, “zerbitzuaren eta enpleoaren kalidadeagaz zorrotzagoa” izango dan “kudeaketa publiko zuzenaren aldeko apustua” eskatu dabe, enpresen irabazietarako espazioa gizarte zerbitzuetatik baztertuta.

Adinekoentzako zerbitzua okertzen ari dala erakusten daben adibide bi jarri ditu: Bilboko Andia egoitzea itxi izana, egoitzen tenperaturaren inguruko bost ez-betetegaitik; eta Ortuellako Otxartaga egoitzari edegi jakon espedientea, egun batean gaueko txandan zentroa beharginik barik egon zalako. Holan, bere eretxiz, foru erakundeak “lehentasuna emoten deutso pribatizazinoari eta enpresen negozioari, kalidadeko zainketen aurrean”.

 

ESPALOI BAT ESKATU DABE BI-634 ERREPIDEAN, NOCEDAL PAREAN

Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako gaur goizeko Batzordean Andrés Fajul Bermejo Ortuellako Nocedal auzoko biztanleak auzo horretako biztanleek N-634 errepidean, Bizkaibuseko autobus geltokiaren eta Las Postas zerbitzugunearen artean, jasaten daben arrisku egoerea salatu dau, ez dagoalako bazterbiderik “ez joateko, ez itzultzeko”, eta, beraz, oinezkoek “bizia arriskau behar dabe”, auzotarrak deskribidu dauenez. Hori dala eta, urteak daroez espaloi bat eskatzen, trafiko dentsidade dezenteko errepide nazionalaren tarte horretan segurtasun handiagoa izateko.

Espaloia jartea alderdi politikoren batek proponidu eban 2011ko hauteskunde kanpainan, baina, auzotarraren berbetan, administrazinoen artean (Ortuellako Udala eta Aldundia), gauez eta euri egunetan larriagotzen dan arazo “serioari” konponbidea emoteko “borondate politikoa falta da”. Fanjuli zuzendutako idazkian, Aldundiak, errepidearen jaubea izan arren, “lanak egin behar dituana toki administrazinoa” dala esan dau. Ortuellako Udala, barriz, foru Gobernuagaz tarte horren “eskumena” lortzeko “izapideak egiten” ari dala esatera mugatzen da, baina hori “ez dala oraindino gertatu”.

Fajulek bere “ezintasuna” erakutsi dau Batzar Nagusietako taldeen aurrean, eta udala “atxakiak jarten ari dala” esan dau. Urteak pasetan dira eta Nocedaleko egoiliarrek autobus-geltokira edo gasolindegira oinez joateko “bizia arriskatzen” jarraitu behar dabe. Hori dala eta, “gaiari heltzeko” eskatu deutse Batzar Nagusietako taldeei, arazoa ezbeharren bat gertatu aurretik konpontzeko.